Azkoitia Bai herri plataformak uztaileko ohiko udalbatzarrean esandakoak eta bozkatutakoak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitia Bai 2023ko uzt. 27a, 08:11

Azkoitia Bai herri plataformak uztaileko ohiko udalbatzarrean esandakoak eta bozkatutakoak bildu ditu hemen:

1.- Aurreko bilkuretako akten onespena, hala badagokio.

Ados.

2.- Ohiko batzorde informatiboen maiztasuna aldatzea.

Aurreko udal bilkuran bere osotasunean hartu genituen erabakiak, udal antolaketa osoa kontutan hartuta. Gaur, berriz, udal antolakuntza hartatik bi puntu bozkatuko ditugu soilik, eta puntu bakoitzari emango diogu gure arrazoitutako bozka. Bilkuren data eta ordutegi aldaketarekin ez dugu inongo eragozpenik, eta bai gure taldetik, bai beste alderdietatik iritsi zaizkigun aldaketei gure baietza emango diogu.

3.- 2023ko Udaleko Aurrekontua gauzatzeko udal arauaren aldaketaren hasierako onespena.

Puntu honetan, berriz, aurreko plenoan esandako berdina esan beharko dugu; beti esan izan dugu, liberazio denek ordainsari bera izan behar luketela, baita gure taldea liberaziorik ez zuen talde bakarra zenean ere. Bestalde, liberazioek gutxienez %20ko jaitsiera izango ez balute, ez genuela onartuko esan genuenez, ezetz bozkatzen jarraituko dugu.

4.- Kreditu gehigarri bidez kredituak aldatzeko 4 zenbakidun espedientearen hasierako onespena.

Hirigintza arloko testu askoko dokumentu bat itzuli behar izan dugu, eta partida horretan zegoen dirua ez da nahikoa izango. Bestalde, eraikinen kontserbaziorako, igogailu berrien garbiketarako eta argindarraren fakturak ordaintzeko falta dena jartzea ere ezinbestekoa ikusten dugunez, baietz bozkatuko dugu.

5.- Eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergaren hobariaren efektuetarako, interes bereziko edo onurako adierazpena onartzea Burdinoleta kaleko 2 zenbakiko Eguneko Zentroaren lokalaren egokitzapen lanen onartzea.

Nahiz eta aldundiarekin sinatutako protokoloa gure ustez ez zen egoki egin. Gure udaleko arauetan %95eko hobaria jasoko dutela dio interes bereziko edo udal onurarako adierazpena jaso duten eraikuntzek, Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergan (EIOZ), askok ICIO bezala ezagutzen dugun horretan. Eraikuntza hau eguneko zentro berria egiteko dela jakinda, ez dugu oztoporik ikusten hobaria emateko. Baietz bozkatuko dugu.

6.- Urola Erdiko Mankomunitateko udal ordezkarien ordezkoak onartzea.

Gure taldean geuk proposatuak direnez, ados.

7.- Hizkuntza eskubideen aurkako epaiaren aurrean, EAJ-PNV, EH Bildu eta Azkoitia Bai-Elkarrekin udal taldeek aurkeztutako adierazpena.

Adierazpenarekin bat egiten dugu.

Hizkuntza eskubideen aurkako epaiaren aurrean, Azkoitiko Udalaren adierazpen instituzionala

Hizkuntza eskubideen aurkako epaiaren aurrean:

Euskalgintzako eragileekin batera, udal honetako EAJ, EH Bildu eta Azkoitia Bai alderdiek, zera adierazi nahi dugu:

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Udal Legearen aurka, udalei euskara hutsez aritzeko aukera ezetsiz, emandako epaiak eragin digun kezka larriak ekarri gaitu idatzi hau aurkeztera.

Kezkagarria eta larria iruditzen zaigu, sententzia euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuari oztopoa jartzea delako, eta helburu horren alde udaletatik bideratzen diren hizkuntza-politikak guztiz mugatzen baititu.

Bide batez esan, herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzen dituzten hizkuntza-politikak direla atzera bota diren horiek, ezetsi den Udal Legearen 6.2 artikuluak berariaz jasotzen baitu berme hori. Finean, euskara eta euskal hiztunak mespretxatzen ditu epai horrek, eta euskarak normalizazio eta biziberritze bidean etorkizunera begira dituen desafio handiei aurre egiteko moduko hizkuntza-politikak indarrean jartzea eragozten du.

Eusko Legebiltzarrak kontsentsu zabalez onartu zuen orain baliogabetutako Udal Legea. Era berean, azken Inkesta Soziolinguistikoak argi erakutsi du gizartearen gehiengo zabal batek babesten dituela euskararen normalizazioa helburu duten politikak. Beraz, epai hori euskararen biziberritzearen aurkakoa ez ezik, adostasun sozial handi baten kontrakoa ere bada. Azken batean, herritarren eta udalen erabakimena jartzen ditu auzitan. Erabakimen horren defentsan horra ehunka alkateren eta udal ordezkariren presentzia.

Uste dugu epai hori oldarraldi judizial zabalago baten parte dela, hizkuntza gutxituak jomugan dituen olatu erreakzionario batean kokatzen dela. Epai horren ondoren, salaketa are eta irmoago egiten dugu: oldarraldiaren aurka, baina, batez ere, euskararen normalizazioaren eta biziberritzearen alde.

Halaber, Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak gaurko deialdirako aurkeztu duen adierazpenarekin bat egiten dute idatzi hau sinatu duten alderdiek, deialdiarekin bat eginez eta herritarrak parte hartzera animatuz.

8.- 2022 ekitaldiko Finantza Barne Kontroleko urteko txostenaren berri ematea.

9.- 2022 urteko Plan Finantzarioaren emaitzen urteko txostenaren berri ematea.

10.- 2023 ekitaldiari dagokion kontrol finantzarioko urteko planaren berri ematea.

11.- Behin betiko onespenen berri ematea.

12.- Aurrekontuari buruzko informazioa.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide