1- Aurreko bilkurako aktaren onespena, hala badagokio.
Ados.
2- San Jose Egoitza Erakunde Autonomoa desegitearen onespena.
Badakizue gu momentu honetan San Jose egoitzako lagapena egitearen aldekoak ez garela, 2015ean sinatu zen hitzarmenaren ondoren egoiliarren ongizateak okerrera egin duela zalantzarik ez dugulako. Bestalde, ezin da ukatu azken urteetan erakunde autonomo horren eraginkortasuna hutsaren hurrengoa izan dela, erakundea osatzen duten herritarrak agintean dagoen alderdiarekin bat egiten dutela jakinekoa baita. Azken pare bat urtetan, aldundiari egindako lagapenaren alde egon ez garenez, kontra bozkatzera garamatzan bezala, aurretik esan dugunaren arabera, erakundea osatzen duten herritarren eraginkortasun eta independentzia faltak desegitearen alde jartzen gaitu, beraz baiezkoa eta ezezkoa batera ematerik ez dugunez, abstenitu egingo gara.
Bigarrenez hartu dugu hitza: Ez nuen gehiegi luzatzeko asmorik, baina… eboluzio osoa azaltzea egokia dela esango nuke. Hasieran egoitza zegoen bezala, aldundiari lagapena ezin zitzaiola egin eta, ondasun publikoa izatetik, ondare ondasun bezala jarri zenuten. Erregistroan horrela inskribatu ondoren, kontuak egitera pasatu ginen. Udaletxeko kontu-hartzaileen arabera, aldundiari diru bat kobratu behar genioke eraikina utzi aurretik, baina azkenean lazo batekin bildu eta geuk ordaindu genion aldundiari. Guk kobratzetik ordaindu beharreko diru diferentzia 107.000 euro izan ziren. Hori guztia egiten ari zineten epe horretan, eta Herrilab parte hartzea puri-purian zegoen unean, beste inorekin kontatu gabe, aldundiarekin protokolo bat sinatu zenuten. Ezin ukatu protokolo horrek herrira hobekuntzak ekarriko dituenik, baina alferrikako diru gastuak ere bai. Eguneko zentroa herrigunera jaitsiko da, baina zeuek erabaki bezala, herriaren inongo parte hartzerik gabe. Baina kontu hau alde batera uztea ezinezkoa egiten zaigun bezala, igogailuan gastatuko den dirutzari ez dio inork zentzurik hartzen. Pasa den urtean ere berdina esan zizueten bertako egoiliarren senideek, jartzera zoazten autobusa ez zutela erabiliko, eta horrelaxe gertatu da. Zuen datuen arabera, lehen bi hilabeteetan pertsona batek behin erabili baitzuen. Igogailuarekin ere berdina gertatuko dela esan dizue, baina zuek jaramonik ez, dirua soberan izango bagenu bezala. Ez da ba izango zuei komeni zaizuen tokira dirua eramatea helburua?
Horrela erabaki duzue, eta oposiziotik esandakoa ez duzue aintzakotzat hartuko orain ere.
Protokolo horretan zeuek bakarrik, herri honetako beste inorekin kontatu gabe sinatutakoa aurrera eramango duzue eta orain azken pauso bezala erakunde autonomoaren disoluzioa dakarkiguzue.
Gu ez gara 2015ean sinatu zen hitzarmena momentu honetan gauzatzearen aldekoak, eta horrela adierazi dizuegu behin eta berriz. Badakigu hitzarmen hori aho batez sinatu genuela, eta momentu hartan eskumena aldundiarena zela ikusita, eta Kabia bezalako instituzio batetik baliabide gehiago egonik, guztia hobeto kudeatuko zela pentsatuz, guztiok eman geniola baiezkoa. Baina gaur egungo kudeaketa 2015ean baino eskasagoa dela garbi daukagu, eta horrela ziurtatzen digute bertako egoiliarrek eta langileek ere. Guk behin eta berriz eskatu duguna lagapen hau atzeratzea izan da, 2015etik gaur arte horrela egon bada, ez delako orain momentu egokiena, sekula baino kexa gehiago baitaude, eta lagapena egin aurretik zuzentzea tokatzen zaigulako. Kexarik gehienak kudeaketan jaso ditugu, eta gu kudeaketa hori kontrolatuko lukeen norbait jarri beharra ikusten dugu. Dirudienez, beste arlo guztiak bideratzearen aldeko protokoloa sinatu duzue aldundiarekin, baina egoitzako kudeaketa, pertsonekin egiten den lana, egoiliarren ongizatean eraginik gehiena duen horretan ez duzue ezer aldatu eta ezer aldatzerik ere ez duzue aurreikusten.
Eraikin berriak egiteko denon dirua erabiliko duzue, baina bertan bizi eta lana egiten dutenen harremana aldatzeko pausurik ematen ez bada ez dugu ongizatean aurrerapauso gehiegi emango, langileak egoiliarrekin egoteko denbora gehiago jartzen ez bada, elikadura behar den bezala kontrolatzen ez bada, eta azken urtean salatu ditugun hainbat eta hainbat gauza aldatzen ez badira, alferrik ari gara herritarren dirua gastatzen, eta adibide bezala ia inork erabiliko ez duen igogailuaren gastua.
Erakunde autonomoak ez du inongo eraginik kontu hauetan eta desegiteari ez diogu inongo garrantzirik ematen, horregatik gure abstentzioa. Eztabaidak jarraitu du, plenoa grabatuta gelditzen da eta geuk ere grabatu dugu, norbaitek interes gehiago balu pasako diogu informazioa.
3- Kreditu gehigarri bidez kredituak aldatzeko Azkoitiko udaleko 2 zenbakidun espedientearen hasierako onespena.
Pozten gara Europatik, Floreagako igogailua egiteko, Berdura Plaza berritzeko, Errekauek egitasmoa sustatzeko eta azokari bultzada bat emateko sortu nahi den Azkoitian Bai plataforma berriaren bidez, diru laguntza lortu izana. Badakizue gure taldeak ondo eginak zoriontzeko inongo arazorik ez duela, beraz, zorionak lanketa horretan parte hartu duzuen guztioi, bai politikoei bai teknikariei ere, eta nola ez, proiektu hau guztia aurrera eramateko falta den %20a jartzeko. Gure aldeko bozka duzue.
4- Behin betiko onespenen berri ematea.
5- Aurrekontuari buruzko informazioa.
6- Galde-erreguak.