1.- Aurreko bilkuretako akten onespena, hala badagokio.
Ados.
2.- 2023ko Ordenantza Fiskalen aldaketaren hasierako onespena.
Eguneko Arreta Zerbitzua emateagatik ezarritako tasa arautzen duen ordenantza. Tasetan beti mantendu izan dugun irizpena da, nahiz eta badakigun ezin dela gastatzen duguna baino gehiago kobratu. Ahal den heinean, kantitate hori berreskuratzea litzateke onena. Horrelako kasuetan, ordea, prest gaude herritarren ongizatea gainetik jartzeko salbuespena egiteko. Alegia, kostuaren oso azpitik dagoen Eguneko Arreta Zerbitzua eskaini ahal izateko, tasa hau onartzearen alde gaude. Bestalde, Hiri lurren balio gehikuntzaren koefiziente aldaketa dugu. Gipuzkoako Foru Aldundiak erabakitako aldaketa da, eta horren aurrean, udalak ezer gutxi du egiteko. Hori horrela, alde bozkatuko dugu.
3.- Azkoitiko Udaleko erretiro aurreratuari buruzko primak ez aplikatzea.
2010ean prima hauek onartu zirenean, gure taldeak bazituen bere zalantzak, eta horregatik, aurka bozkatu genuen. Prima haiek onartu zituzten alderdien hitzetan, gaur egun gehiegizkoak dira. Arrazionalizazio plan baten barruan, Udalhitzen bitartez hasi ziren arautzen beste herri askotan. Auzitegi Goreneko azken sententziek diotenez, ordea, horiek ere legea urratzen dute. Gaur egungo egoera aztertu ondoren, sindikatuen parte hartzearekin, udaletxe guztietan aplikagarria izango den arau bat onartu beharko litzateke. Eta ez soilik erretiro aurreratuentzat, baita alkateentzat nahiz goi-karguentzat ere. Herri bakoitzaren biztanleria eta aurrekontuak kontutan hartuta, Udal Gobernu honentzat gehiegizkoak badira erretiro aurreratuari buruzko prima hauek, guretzat ere gehiegizkoak dira haien soldatak ere. Udaletxeko teknikariek informatu gaituzte prima hauek legea urratzen dutela, eta onartuz gero, ezingo liratekeela aplikatu. Adin horretara iristen direnei ez diegu ilusio faltsurik sortu nahi, eta alde bozkatzea besterik ez dugu aurreikusten.
4.- Foru Aldundiaren eta Azkoitiko Udalaren arteko hitzarmenaren onespena, mendekotasun prestazio ekonomikoak jasotzen dituzten herritarrek jasotako zaintzaren kalitatearen aldiko jarraipena egiteko.
Nahiz eta guk proposatutako gai bat ez izan, gure taldeak ez du inoiz eragozpenik izan herritarren onurari begira hartutako erabakiak goraipatzeko. Egia esan, oso ondo iruditzen zaigu hemen aurkezten den ekimena. Aldundiaren laguntzarekin, udal teknikariek, mendekotasun egoeran dauden herritarrak bisitatu eta jasotzen duten zaintzaren balorazioa jasotzeaz gain, egun haiek duten egoeraz jabetzea ere oso garrantzitsua da. Bestela, udal teknikariek ez dute izaten beraiekin aurrez aurre egoteko abagune handirik; izan ere, udaletxera etortzen direnak senitartekoak izan ohi dira. Badakigu nahi adina bisita egiteko denbora hartu ezinda dabiltzala, baina iristen diren etxeetan, harrera ona egiten dietela eta bisita eskertzen dietela. Beraz, ea bisita kopuruak gora egiten duen, eta egoera horretan dauden etxe guztietara heltzea dugun berandu baino lehen. Guk gure aldetik animo handienak, eta noski, aldeko bozka.
5.- Kreditu transferentzia bidez, kredituak aldatzeko 1 zenbakidun espedientearen onespena.
Guk ez diogu inongo presarik ikusten igogailu horri. Kreditu transferentzia egingo ez bagenu, zuek ez zaretela iristen diozue diozue. Baina, iritsi nora? Hauteskundeetara edo beste inorekin kontatu gabe sinatu zenuten protokolo horretara? Berriro esango dizuet, eta ez naiz nekatuko errepikatzen: Herrilab+700 parte hartze prozesuari muzin eginda hartu zenuten erabakiari aurre egin ahal izateko onartu behar al dugu 650.000 euroko transferentzia kreditu hau?
Parte hartze prozesu horretan egoitzako gaia plazaratu zutenek ez diote zentzu handirik ikusten igogailu horri, ezta Egoitza Kalera plataformak ere; taldearen izena ardatz hartuta, ez dut uste aldekoak izango direnik. Guk ere, uste dugu igogailu horri ez zaiola ibilera handirik emango; askoz eraginkorragoa izango den hainbat toki datozkigu burura. Gaur egun, oraindik ere (eta hau esaten ere ez gara aspertuko), pertsonal falta da egoitzak duen arazo larriena, eta horren ondorioz, nabarmena da egoiliarren duintasun falta. Lehen ere hemen mila aldiz agertu izan ditugu arazo horiek. Bi urte pasatu ondoren, egoerak berdin jarraitzen du han.
Guztiok dakigu nor den egoitza kudeatzen duen enpresaren jabea. Nahiz eta zuek oraindik ere independenteak zaretela esaten jarraituko duzuen, gure ustez hor dago gakoa. Guk ez diogu beste logikarik aurkitzen egoitzako kontrol faltari. Behin eta berriz salatu izan ditugun kontuek ezin dute pertsonen kontura enpresa batek ateratzen dituen etekinen menpe egon; gure aiton-amonen duintasunak ez du preziorik. Hori da egoitzan premia gehien duen kontua eta ez igogailua, eta horrek izan beharko luke Aldundiarekin sinatu duzuen protokolo horren lehen puntua. Gu ez gaituzue zeuen alderditik erabaki eta herritarren ongizatea alde batera uzten dituzten protokoloak baieztatzen aurkituko.
6.- EAJ-PNV eta PSE-EE udal taldeek aurkeztutako adierazpena, Emakumeen Nazioarteko Egunerako.
Urtero esan ohi dugun gauza bera esaten jarraituko dugu: adierazpen hauen aurka gaude, antzuak direlako eta herritarrei ez dielako ezer berririk eransten. Horrelako gaietan haratago joateko ordua aspaldi heldu zela iruditzen zaigu; urteroko irakurgai hauek alde batera uzteko garaia da. Onura baino kalte gehiago egiten dutela iruditzen zaigu: zerbait egiten ari direlakoan, batzuen kontzientziak garbitzeko balio dute soilik. Azken finean, ez dugu inongo aurrerapausorik ematen.
7.- Behin betiko onespenen berri ematea.
8.- Aurrekontuari buruzko informazioa.
9.- Galde-erreguak.