Bidezko energia trantsiziorako agenda

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitia Bai 2023ko ots. 2a, 08:45

Azoka berpiztea eta ekonomia zirkularra bultzatzeko ekimen bat martxan jartzea da asmoa.

Gaur, 17:00etan, Azkoitiko Udalean ordezkaritza duten alderdi politikoetako zinegotziek eta Oletan ere Ez! plataformako kideek bilera egingo dute udaletxean. Bilera horren aurretik, Azkoitia Bai herri plataformak bidezko energiaren trantsiziorako duen agenda zein den azaldu nahi izan du artikulu honetan.

Gure herria, beste askotan bezala, atzean gelditu ez dadin, 2023. urterako aurkeztu genituen aurrekontuetan apustu handia egin genuen energiaren trantsiziora bidean. Beste alderdiekin alderatuta, 250.000 euroko partida jarri genuen energiaren trantsiziorako. 2023ko lehen hiruhilekoan, herri bezala azterketa egin eta ditugun baliabide guztiak kontutan hartu ondoren, ikusi dugu derrigortuta gaudela herri eredu bat finkatzeko lan sakon bati hasiera emango liokeen erabakiak hartzera.

Oraindik egoera bideratu daiteke, baina, horretarako, ezinbestekoa da udaleko alderdi guztien benetako konpromisoa. Azkoitia Bai herri plataforma ez da udaletxe honetan gehiengoa duen taldea; hori bai, goikoen agindurik gabe, Azkoitira mugatzen den herri plataforma bakarra da.

Gai horietarako Udal Gobernuak ez zeukan euro bat bera ere jarrita bere aurrekontuetan, baina presioen ondorioz zerbait jar zezaten lortu genuen. Beraz, aurre azterketa bat egiteko jarrita dago dirua. Energiaren trantsiziorako Azkoitia Baik duen agendari hasiera emanez, gure taldearen iritziz aurre azterketa horrek egina egon beharko luke lehen hiruhilekoa amaitu aurretik. Modu horretan, egin beharreko proiektuak lehenbailehen egiteko eta herriaren autokontsumoa indartzeko aukera izango genuke. Hori guztia gauzatzeko, erabilgarri izango dugu gerakina martxotik aurrera.

Baina hori hasiera besterik ez da. Gaur egun, elektrizitatearekin funtzionatzen ez duten gauza asko ditugu, nahiz eta horiek kontsumoaren eta kutsaduraren zati garrantzitsuenak izan. Horietariko bat da garraioa. Gai horri lotuta, epe motzean herri bezala bultzatu ditzakegun bi ekimen bururatzen zaizkigu. Bata da, herriko ikasleek asko eskertuko luketen unibertsitaterako garraio publiko duin bat ezartzea, eta bestea, Europatik datozkigun dirulaguntzak aprobetxatuz, herriko azoka berpiztu eta ekonomia zirkularra bultzatuko lukeen ekimen bat martxan jartzea.

Gertuko ekonomiak garraio murrizketan onura handiak ekarriko lituzke. Gaur egungo globalizazioari bizkarra emateko prozesuan, beharrezkoa izango da herritar guztion konpromisoa. Garraioaz ari garen honetan, ezin dugu aipatu gabe utzi elektrizitatea; egun, toki batean sortu eta estatuko beste puntara garraiatzen da elektrizitatea, bidean kalte handiak sortuz. Dagoeneko pribatizatu dute sare erraldoi hori ere, eta zaila izango da horiek kudeatzen dituzten enpresa boteretsuen kontra egitea. Logikak esaten digu, askoz ere onuragarriagoa litzatekeela hemen sortutako elektrizitatea hemen kontsumitzea, eta horretarako, garbi dago autokontsumoa dela bidea.

Industriaren trantsizio ekologikoa ere ezinbestekoa da. Zer eta nola ekoiztu birplanteatu beharrean gaude, gaur egun erabiltzen duten gas naturala ezingo baita bere osotasunean energi garbiekin ordezkatu. Ekonomia zirkular horretan ez dute guztiek izango tokia. Ingurumena zainduz, horiek ekonomikoki bideragarriak izan behar badute, aldaketa sakonak egin beharko ditugu. Iraurgi Lantzenetik bideratu beharko dugu eraldaketa hori. Aitortzen dugu ez dela erraza izango.

Erraza izango ez den arren, hurbiltasunak ezinbesteko garrantzia hartuko du. Ekologia eta klima aldaketa benetan axola bazaigu, gure bazterretan zentral elektrikoek edota eoliko handiek inondik inora tokirik ez dutela konbentzituta behar genuke dagoeneko, bestelako jarrera arduragabeak baztertuz.

Beste herri batzuetan egiten ari diren bezala, azkoitiarrok ere –alderdi eta kolore guztietakoak– gure bazterrak babesteko pausoak ematen hasi behar genuke berehala, gutxi batzuk aberasten jarrai ez dezaten. Bide horri ekin behar genioke guztionak diren eremuak zeharo suntsitu eta industrializatu baino lehen, horrek ez baitio onik egiten ez ekonomia zirkularrari, ez autokontsumoari ezta ekologia nahiz klima aldaketari.

Udaletxean, Oletako estazio megalitikoa babesteko eta antolatzeko plan berezia berehala jarriko genuke martxan. Aspalditik galduta ditugun korridore ekologikoak berriro batzeko, herrien arteko akordioak lortu eta hasiera emango genioke Hernio-Gazume, Pagoeta, Izarraitz korridoreari.

Garraioa eta industria energia gehien behar duten bi sektoreak direla garbi utzi ondoren, herri bezala nahiz norbanakook egin ditzakegu gure ekarpenak. Herrigunean kutsadura murrizteko, oinezkoentzat gune eroso eta unibertsal bat lortu behar dugu; esaterako, gutxi kutsatuko luketen doako herri garraioak bultzatuz.

Udalak eredu izan behar du, eta ezin du kontsumo arduragabea sustatu. Ezin dugu Gabonetan aurreko urtean baino argi gehiago jartzen jarraitu. Kentzeraino ez bada ere, asko gutxitu behar genituzke.

Udaletxeko eraikinean ere energia askok egiten du ihes. Etorkizun ertainera begira, autokontsumoak emango ligukeen energia aurreztuta, nahikoa diru lortu behar genuke eraikin jasangarri bat lortzeko obra garrantzitsu bat egiteko. Etorkizun hurbilera begira jarrita: gaur egun, 672 etxebizitza huts ditugun herrian, baina badirudi etxebizitza berriak egiteko asmoa dagoela. Legearen aldaketa bat datorrela ere informatu gaituzte; bazen ordua. Hori horrela, eraikuntza berrietan energia garbiak erabiltzeko sistemak ezarri beharko dira. Beharbada ez da udaletxearen eskumena izango, baina aholkularitza behar duten guztiei laguntza emateko prest egongo gara.

Hau da Azkoitia Bai herri plataformak markatu eta aurrera eramango duen agenda. Garraioa, industria, eta, aldi berean, kutsadura, klima aldaketa, ingurumena eta energia garbien subiranotasuna seriotasunez, arduraz eta herri ikuspegiarekin jorratu beharreko gaiak baitira.

Kronograma

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide