Gaurko ezohiko bilkuraren laburpena

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitia Bai 2022ko abu. 14a, 15:53

Azkoitiko udaletxearen etxaurrea.

Bi puntu jorratu dira gaurko udalbatzarrean. Batetik, Hiri Antolamendu Plan Bereziari behin betiko onespena ematea; eta bestetik, Azkoitiko Udaleko lau zenbakidun espedientearen onespena ematea. Bigarren puntuan ezetz bozkatu du Azkoitia Baik.

1.- HE 8 Danobat arearen Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren behin betiko onespena.

Azken finean metro koadro berberetan etxebizitza gehiago eraikiko dira. Lehen ere egin izan ditugu horrelako aldaketak eta gure aldetik ez diogu aparteko arazorik ikusten. Beraz, baietz bozkatu dugu.

2.- Kreditu gehigarri bidez kredituak aldatzeko Azkoitiko Udaleko 4 zenbakidun espedientearen onespena.

Herriaren lorpena izan dela diozue, baina herriak ez du hori eskatzen, "kontsentsuz, egoiliarrentzat eta herritarrentzat onena izango litzatekeen bidea jorratzeko" eskatu digute, eta guk, oraintxe arte bezala, beren parte hartzea gehituko genioke. Lan asko egin dugu, eta erabakiak hartzeko unera iristen ari gara, baina puntu honetara iritsi ondoren, ez genuke nahi Udal Gobernuak inposatutakoa izaterik, beste taldeokin ez bazarete adostasunera iristen, gutxienez urteetan, gai honen bueltan, lanean ari diren taldeen oniritzia lortu beharko zenuketela uste dugu. Noren beldur zarete? Egin duzuen lan horren ondorioetan ez duzue konfiantzarik? Bat-batean zergatik horrelako presa? Zergatik ez dituzue elkarrekin beste aukerak aztertu nahi?

Urte asko daramatzagu esaten, horrelako erabaki potoloak herritarrei kontsultatu gabe ezin direla hartu. Erabaki honek herritar askoren ongizatean eragin handia izan dezake hurrengo 50 urteetan, beraz, benetan ezin dugula beste aukerarik aztertu? Zeuek, beste inoren iritziak kontutan hartu gabe, Aldundiarekin sinatu duzuen protokoloa aurrera eramango duzuela diozue.

Asmatu enpresari ordainduta, egoitza irisgarriagoa izateko eta igogailu bat eraikitzeko aukera ezberdinak aztertzeko diru bat gastatu genuen. Hiru aukera ezberdin aurkeztu zizkiguten, eta beren hitzetan 2. aukera zen egokiena. Bat-batean, beste argibiderik gabe, 3. aukeraren alde egin duzuela ohartu gara, igogailutik irten ondoren, Azkaratera doan bezalako aldapa gogorra duena, eta oraindik inork ez digu horren zergatia
aurkeztu.

Ez dugu gehiago luzatu nahi, aurretik ere garbi utzi baitugu gure iritzia bai batzorde, bai komunikabideetan. Herri-lab ekimenarekin parte hartzea sustatzen ari garen une berean, Udal Gobernuak hartutako erabakia inposatzera zoaztela ezin dugu sinetsi. Beraz, oraindik ere astiarekin gabiltzanez, hasieratik gauzak behar den bezala egitea eskatu nahi genizueke, denok batera, bai senide eta egoiliar, bertako langileen iritzia kontuan hartuz, udaleko beste alderdiekin batera, hurrengo 50 urteetarako erabaki onena izango den zalantza denak baztertu eta aukera
egokiena aukeratzeko.

Zeuek diozuen bezala, hainbeste lan egin baldin baduzue, eta udaletxean eta Aldundian dituzuen tekniko denen laguntza izan baldin baduzue, ez zenukete besteekin partekatzeko beldurrik izan behar. Protokolo
horretan idatzitakoak izan behar luke denontzat aukerarik onena, baina badirudi 2023ko hauteskundeak buruan dituzuela dagoeneko, beste arrazoirik ez baitiot topatzen, irisgarritasun gomendioak alde batera utzi, teknikoki gehien baloratu ziguten igogailua baztertu, eta esan bezala, Azkarateko aldaparen parekoa duen proiektua aukeratu duzuenean.

Eta bukatzeko, udaleko beste taldeena ez bada, herritarren iritzia kontuan har ezazue behintzat, horrelako erabaki batek, urte askotan, herritar askori eragingo baitio. Har ezazue denekin hitz egiteko behar den
denbora, hauteskundeak eta botoak alde batera utziz. Hainbeste urtetan lanean ari diren beste alderdiak eta herri ekimena bera ere horretarako prest egongo liratekeela ez dugu inongo zalantzarik, baina horrelako erabaki potoloak horrela hartzearen aurka azaldu gara beti. Nahiz eta pena handiz izan, bide hau horrela jorratu izanak ezetz bozkatzera garamatza, besterik gabe.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide