Protokoloa jaso ondoren

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitia Bai 2022ko uzt. 28a, 11:07

Azkoitiko San Jose egoitza.

Azkoitiko eguneko zentroa kokatzeko, Udal Gobernuak 350 metro koadroko lokal bat erosteko asmoa du, gero hori aldundiari utzi eta han zentroa kokatzeko. Horretarako, ordea, 470.000 euroko kreditu aldaketa proposatzen dute. Azkoitia Bai herri plataformak eraikin berri bat egiteko aukera ez baztertzea eskatuko du ostiraleko batzordean.

2022ko uztailaren 27ko 13:00etan jaso dugu Azkoitiko Udal Gobernuak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin sinatutako protokoloa. Udal Gobernua diogu, PSE-EEko zinegotzia ere argazkian ikusi genuelako, baina ez berak ezer argitu digulako. Ez dugu sekula arazorik izan beste edozein alderdik aurrera eramandako eta ondo egindako kontuak zoriontzeko. Nire lagun baten amak zioen bezala, "ondo esandakoak ondo entzun".

Protokolo bat sinatu duzue beste alderdiei ezer azaldu gabe. Hori horrela, egin duzuen bidea guztiz kritikagarria iruditzen zaigu. Ez beste udal taldeei ez herritarrei ez diozue komunikabideetan agertu aurretik ezer azaldu. Datorren urteko hauteskundeetara begira egindako mugimendua dirudi, eta eraikinen hautaketa ere bide horretatik doala esango genuke. Uztailaren 20an, beste gai bat aztertzen ari ginela, Javier Zubizarreta alkateari entzun nion, arazoa guztiok batera joan beharrekoa zela; aspalditxo enpresa gehienek erabiltzen duten taktika iruditu zitzaigun: gaia zuek toki txarrean utziko zaituztena baldin bada, arazoa beste guztiei zabaltzea erabakitzen duzue, guztiok ontzi berean joan behar dugula, edota kontua guztiona dela esanez. Horrelako argudioak erabilita, dena den, ez zarete besteez asko oroitzen zeuen buruei domina jartzeko bada.

Guk beste jokaera bat erakutsi izan dugu bet. Ez dakit onena izango den, baina bai gardenena, beste alderdi guztiei gure erabakiak azalduz, ekintza guztiak partekatuz eta dena herrira zabalduz. Dominak jartzea oso erraza izaten da; guk ere esan dezakegu zuzentzeko bidean direla azken urteetan presio gehien egin ditugun bi gaiak –egoitza eta Aizpurutxora doan bidegorriko argiak– eta beraz, guk egindako presio horren ondorioz hartutako erabakiak direla. Guk garbi dugu jokaera aldetik berdin jarraitu behar dugula, herritarrekin dena partekatuz eta beraien iritzia aintzat hartuz, horretarako ditugun baliabide guztiak erabiliz, arazoei irtenbide egokiena eman arte lanean jarraituz. Oraindik ere egoitzan hobetzeko gauza asko dagoenez, bertakoekin harremanetan jarraituko dugu; eta ez egoitzan bakarrik, baita beste gai guztiekin ere, herritarren parte hartzean benetan sinesten baitugu.

Uztailaren 26ko Bozeramaile Batzordera deitu gintuzuen, abuztuan ezohiko bilkura bat aurreikusten zenutela esanez. Egoitzaren gaiari dagokionez, kreditu aldaketa bat proposatzen duzue, herrian 350 metro koadroko lokal bat erosteko, ondoren aldundiari utzi eta han eguneko zentro bat eraikitzeko. Komunikabideetan aldundiarekin hitzarmen bat sinatu zenutela aipatzen zen arren, Bozeramaile Batzorde horretan protokolo bat dela argitu zeniguten, hau da, intentzio onez betatako protokolo bat; sekula ez bete beharreko hitzarmen bat. Kreditu aldaketa horretan, 470.000 euro beharko direla zenioten eguneko zentroa kokatzeko lokala erosteko. Uste dugu aukerak murriztea dela eraikin berri bat egitea hasieratik alde batera uztea, eta beharbada, herritarrentzat egokiena izan daitekeen eraikin onena baztertzea. Ezin dugu sinetsi, herritarrentzat urte askotarako izango den horrelako proiektu bat beste inorekin kontatu gabe egin duzuenik. Badakigu azken udal hauteskundeetan boto gehien jaso zenituztela, baina ez genuen uste hainbeste botere zenutela inoiz pentsatzera ere iritsiko zinetenik. Herrilab+700 eta antzeko parte hartze prozesuak zertarako bultzatzen dituzue? Gero hau egiteko? Boto gehien jasotzen duenak diktadura bat ezar al dezake agintaldi batean? Herritar guztion izenean horrelako erabakiak hartzeko, jainkoaren hurrenak zaretela pentsatzen al duzue?

Izugarrizko pena eman digu herritar guztioi bizkarra eman eta ezkutuan horrelako erabaki bat hartu duzuela jakiteak; ez genuen pentsatzen puntu horretaraino iritsiko zinetenik.

Gure iritziz, askoz hobea da oraindik ere eraikin berri bat egiteko aukera ez baztertzea. Aukera hori lokala erostea baino askoz ere garestiagoa izanda, baina tokia hobea dela erabakiko balitz, egoitzara egin nahi duzuen igogailua momentuz baztertu, eta diru kantitate hori eraikin horretara bideratzea aztertu behar genuke hasieratik; hori izango da ostiraleko batzordean proposatuko duguna. Hainbeste urte iraun eta azkoitiar askoren ongizatea baldintzatuko duen eraikin bat aukeratzeko orduan, ezin dugu hasiera-hasieratik aztertu gabeko aukerak baztertzen hasi, ez litzateke erabaki zuzena izango.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide