Maiatzeko ohiko udalbatzarrean Azkoitia Bai-k esandakoak eta bozkatutakoak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitia Bai 2022ko mai. 26a, 13:33

Maiatzeko ohiko udalbatzarrean Azkoitia Bai herri plataformak esandakoak eta bozkatutakoak dira ondorengo hauek:

1.- Aurreko bilkurako aktaren onespena, hala badagokio.

Ados.

2.- Adineko Pertsonentzako Udal Eguneko Arreta Zerbitzua arautzen duen ordenantzaren hasierako onespena. 

Pasa den urtean probaldi bat egin ondoren, badirudi kolektibo horrek harrera ona egin diola, eta pasa den urteko eskaintza bikoiztu egingo dela. Beraz, baietz bozkatuko dugu.

3.- Azkoitiko Kale Nagusia 80an kokaturiko Idiakez Ederra babestutako ondasun  higiezinaren besterentzearen esleipena dela-eta, salerosketa eskritura publikoa eta kontratu horren formalizaziotik eratortzen diren agiriak izenpetzeko alkateari ahalmena ematea.

Gustura ikusiko dugu, behingoz, eraikin santu honi behin betikoz irtenbidea emango dioten dokumentuak sinatzen. Ea hala den, dagoeneko herritar guztiek behatzak gurutzatua izango dituztela pentsa genezake, eta noski, guk ere, era berean, gure baietza emango diogu behatzak gurutzatuta.  

4.- Azkoitiko bake epaile titularra eta ordezkoaren izendapenen onespena.  

Orain arteko berdinak izatea proposatzen da, eta guk inongo kexarik jaso ez dugunez, beren lana ongi egiten ari direla suposatzen dugu. Beraiek jarraitzeari gure oniritzia emango diogu.

5.- Kreditu gehigarri bidez kredituak aldatzeko Azkoitiko udaleko 2 zenbakidun espedientearen hasierako onespena.

Etxez-etxeko zerbitzuan erabiltzaile gehiago eta ordu gehiagoko eskaria dago; berdintasuneko ekintza gehiago egitea pentsatzen da; lokalen alokairurako laguntzak bi urtetako sinatzen direnez bigarren urte horretarako kopurua gordetzeak badu bere logika; eskoilera eta baserri bideen konponketak egiteko jarri zen diru kopuruarekin badirudi nahiko ez dela; kopururik gehien udaleko biltegira zuzendutako bi pabiloien erosketan dago. Gaur egun, eta batik bat, LIDL zaharreko eraikinean daudenak, ez daude egoera onean. Honekin irtenbide egoki bat emango zaionez, baietz bozkatuko dugu. 

6.- Azkoitian euskara ikasteko eta UEUren eta EHUren uda ikastaroetara joateko dirulaguntzak emateko oinarrien aldaketaren hasierako onespena.  

Oinarri hauek, bai beste talde denekin eta baita ikasketa hauek gure herrian antolatzen dituztenekin, hau da, AEKrekin partekatu direla jakinaren gainean gaude eta denen adostasuna lortu denez, baietz bozkatuko dugu.

7.- Azkoitiko 13700 jabetza erregistroko finka zenbakia duen San Jose Egoitzari dagokion higiezinaren lagapenaren hasierako onespena. 

Patrimonio eta diru kontuak zuzendu dituzuela dirudi. Ongizate kontuak zuzendu aurretik, ez gintuen ez ezerk eta ez inork patrimonio eta diru kontuak erabakitzera derrigortzen; hori, beste guztiok aukeratu duzuena izan da. Lagapena egin aurretik, ordea, azkoitiarrontzat onurak ekarriko dituen memoria bat aurkeztu behar zela ere bagenekien eta horrem zain geunden. Gure ustez ezinezkoa zen, egoitza Aldundiari utzi ondoren, azkoitiarrei onurak ekarriko dizkiola arrazoitzea, garbi ikusi baita ez duela inongo hobekuntzarik ekarri. Memoria horretan idatzi denak ez gaitu inondik inora konbentzitzen.

Dena den, aspalditxotik atentzioa eman izan zigun Errege Dekretu batek, bere 110. artikuluaren a) atalak zioena. Lagapen hau egiteko, zuek diozuen tramite horietako batean agintzen dena betetzea ezinezkoa da gure ustez. Gaztelaniaz jaso izan dugu soilik, baina horrela dio:

  1. a) Justificación documental por la propia Entidad o Institución solicitante de su carácter público y Memoria demostrativa de que los fines que persigue han de redundar de manera evidente y positiva en beneficio de los habitantes del término municipal.

Gure taldeak garbi du, kudeaketa Aldundiak bere gain hartu zuenetik, zerbitzuak okerrera egin duela. Halere, egin beharra zegoen memoria horrek zioenaren zain geunden, horren bitartez ea nola azaltzen zizkiguten Aldundiaren esku uzteak izango zituen onurak. Esan bezala, azken urteetako kudeaketa ikusi ondoren, guretzat justifikatu ezinak dira.

Onura horiek azaltzen hasi aurretik honela dio txostenak:

"Beraz, txosten honen helburua Azkoitiko Udalak San Jose egoitzaren lagapenarekin haren biztanleentzako lortuko dituen onurak azaltzea da"

Ea ba zeharo harritzen gaituzten!

Aldundiarekin sinatu zen hitzarmenean "Eskumen aldaketa burutzeko, legeak ezarritako legezko betebeharra ez ezik, egoitzako erabiltzaileen eta langileen ongizatea aintzat hartzen zela ere" esaten du.

"Legeak dio burutuko diren eskumen aldaketa pertsonei arreta zerbitzu pertsonalagoa eskaintzera bideratuta egon behar dela, beren ohiko ingurunean, neurriagatik eta hurbil egoteagatik egokiak diren egoitzetan, alegia".

Hau gaur bertan sinatuko genuke, eta horrela egin genuen 2015ean.

Ondoren erabaki horrek denoi ekarriko dizkigun onurak sailkatzen dira:

"Foru Aldundiak kudeatuz gero, gaikuntza gehiago izango duela eratorritako gastuei aurre egiteko". Nik dakidala, baten baino gehiagotan esan digute udaletxeko Ekonomia saileko teknikariek, Aldundiak kudeaketa hartu aurretik San Jose egoitzak superabita zuela, beraz ez digu inongo onurarik ekarri, gastu gehiago baizik.

"Erabiltzaileentzat pertsonalizatutako plan bat" egingo dela dio, "beraien parte-hartzearekin, ebaluazio eta berrikuspen aldizkako mekanismoak jasoz". Gai honetan ere kexak jaso izan ditugu, eta Aldundira bidali genuen idatzi batek horrela zioen: "psikiatra hilean behin pasatzen da, eta ez du egoiliarra ikusi ere egiten, erizainek esaten dionarekin hartzen ditu erabakiak; askotan senideren bat kezkatzen denean hasten dira pilula tratamenduak aldatzen; lehen egoiliar bakoitzaren hortzak bere izenarekin ondo identifikatzen ziren, orain ez dago hori egiteko denborarik eta badira beren ordezko hortzak ez direnekin atera direnak; arropekin berdina gertatzen da, baita aulki egokituekin ere; beste norbaiten betaurrekoekin ere atera izan dira…" . Pertsonalizatutako planekin zerikusi gutxi dutela esango genuke kexa horiek guztiek. Langileekin ez dago kexarik, baina egoitza Aldundiaren esku utzi aurretik egiten zituzten eginbeharretara gaur egun ezin dira iritsi.

"Subrogazioa" ere aipatzen da, eta zehazten du "bertan diharduten langileek badakitela zeintzuk diren erabiltzaile bakoitzaren beharrak, eta horrek, aldi berean, sendotzen duela langileen eta egoiliarren artean sortutako harremana". 2022ko martxoaren bukaeran, hamar urte zaintza lanetan zeramatzan emakume bati bere kontratua ez luzatzea erabaki zutela, amatasun baja batetik zetorrela jakinik.

Hemen saldu nahi zaigunak, 2015ean beharbada, guztiok konbentzitzea lortuko zuen, baina badakigu gaur egungo egoera okerragoa dela, eta ezin dugu inondik inora, lagapena egiteko beharrezkoa den txosten hau onartu.

Aurretik esan ditugun kontuez gain, beste hainbat egoera ere salatu ditugu: edadetutako pertsonek ez dutela ordu asko lo egiten diote, ohean hamalau edo hamabost ordu pasatzen dituzte batzuetan, nahiz eta lehenago jaiki nahi izan noski; behar beharrezkoak dituzten eguneroko paseorako laguntzak izan beharrean, eserita pasatzen dituzte ordu denak, mugimendurako zuten ahalmen urria galduz; bere entzuteko gailuaren pilak ez aldatzeagatik, hiru astez entzun gabe egon den egoiliarra; komunerako gogoa izanez gero, askotan denbora luzez itxaron beharra, laguntzeko ez baitute inor aurkitzen; lehen etxeko kroketak jaten zituzten, eta orain dena izoztua, eta abar.

Eraikinaren mantenuan ere berdintsu: terrazetan saguak eta goroldioa, izorratu eta konpondu ez diren toldoak, itoginak, leiho asko izorratuta...

Aurretik esan bezala, langileekin ez dago kexarik, dagoen kexa bakarra da gutxitxo direla eta ez direla beren eginbeharretara iristen.

Beraz, eta enegarrenez esango dugu: horiek dira lehentasuna duten gaiak. Lagapen hau egin baino lehen zuzendu beharrekoak dira, eta aurretik aipatu dugun artikulu horrek dioena bete nahi badugu behintzat. Azkoitiarroi onurak ekarriko dizkigula demostratu behar dugu, aurretik salatu diren arazo horiei irtenbide egoki bat eman beharko diogu. Bien bitartean, prozesu hau hasi zen unetik eman dugun bozka berdina ematen jarraituko dugu: ezezkoa.

8.- Premiatasuna berretsiz gero, 2023 ekitaldian lan ondorioetarako Azkoitiko udalerriko tokiko bi jaiegunak zehaztea.

Premiatasunaren alde gaude. Langileen aldetik eragozpenik ez dagoela jakinik, baietz bozkatuko dugu.

9.- Mendebaldeko Saharako gaztazkaren inguruko mozioen onespena: EH Bildu udal taldeak aurkeztutakoa, eta EAJ-PNV udal taldeak aurkeztutakoa.

Badakizue mozioak ez ditugula oso gustukoak, baina beti azaldu garela prest denak eztabaidatzeko, eta ahal den heinean, gure herrira moldatzeko. Pasa den hiletik datozen mozioak dira, eta aurkeztu nahi izan ziren unetik azaldu dugu lantzeko gure prestutasuna. Gure ustez mozio bat aurkezten duenak gutxiengo hori bete behar luke, Azkoitia Bai taldearen oniritzia jaso nahi badu behintzat. Egia da, gai honetan tratatu nahi dena ez dugula ikusten udaletxe baterako egokiena, eta honelako gaietan nahiago izaten dugula taldeko kideak jakinaren gainean izatea eta noraino busti bakoitzak erabakitzea. Beraz, beti bezala, herrira begirako gai bat ez denez, eta beste alderdiekin eztabaidarako gutxiengorik bete ez denez, ezetz bozkatuko dugu.

10.- Garraio publikoaren inguruko mozioen onespena: EH Bildu eta PSE-EE udal taldeek aurkeztutakoa, eta EAJ-PNV eta Azkoitia Bai udal taldeek aurkeztutakoa.

Puntu honetan, aurreko puntuan ez bezala, alderdi bat gurekin adostasunera iristeko prestutasunarekin etorri zitzaigun, nahiz eta epea bukatu baino egun bat lehenago izan soilik. Alderdi horrekin adostasun batera iritsi, eta gure mozioaren sarrera egin ondoren, gurekin biltzeko hilabete baino gehiagoko denbora izan eta gero etorri zaigu bestea. Beraien mozioarekin eta gurearekin adostasun bat aurkituko genuelakoan, aldaketak egiten hasi ginen. Ez gara akordio batera iritsi, ordea, eta aurretik beste taldearekin sinatuta genuena ez mantentzea, errespetu falta zela iruditu zitzaigun. Guk aurkeztutakoari baietza emango diogu, aurretik landu, eztabaidatu eta adosteko parada izan dugulako, eta besteari gure ezetza emango diogu.

Beti bezala, gure herriko idiosinkrasiara begira lanean jarri gara, eta gaur egun hain beharrezkoa den garraio publikora begira Azkoitiko herriaren aldarrikapenetan zentratu gara, noski, gureak beste herriei ere mesede egingo dietelakoan.  

11.- Behin betiko onespenen berri ematea.  

12.- Aurrekontuari buruzko informazioa. 

13.- Galde-erreguak

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide