Azkoitia Bai herri plataformak apirileko ezohiko udalbatzarrean esandakoak eta bozkatutakoak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitia Bai 2022ko mai. 1a, 09:33

Azkoitia Bai herri plataformak apirileko ezohiko udalbatzarrean bere udal taldeak esandakoak eta bozkatutakoak jaso ditu:

1.- Aurreko bilkurako aktaren onespena, hala badagokio. 

Ikusirik udaletxean grabatzen den audioa pasa den hilean sare sozialetan zabaldu zela, jakin, nik ere hemendik aurrera, plenoa bukatu osteko hurrengo egunetan, beharbada, grabazio hori eskatuko dudala, herritarren intereseko gaiak zabaltzeko. Plenoak irekiak direnez, eta esan bezala, aurreko hilean beste zinegotzi bati luzatu zaionez, pentsatu nahi dut ez dela oztoporik egongo. Beste herri batzuetan zuzenean ematen dira udalbatzarrak, eta hor gelditzen dira herritarrentzat zintzilikaturik. Hemen horrela egiten ez den bitartean, eta esan bezala, herritarren intereseko gaia dela iruditzen bazaigu, udaletxean behar dugun grabazio hori eskatzeko eskubidea dugula iruditzen zaigu, beti ere geure kabuz grabatutakoa baino kalitate hobeagoa izango baitu, norbaiti luzatu edo argitaratu nahiko bagenu egokiagoa dela deritzogulako.

2.- Azkoitiko Kale Nagusia 80an kokatutako Idiakez Ederra babestutako ondasun  higiezina besterentzea xede duen lizitazioaren esleipena onestea.

Esku pribatuetan utzi eta etxebizitza libreak eraikitzea ez da beharbada aukerarik egokiena. Lehen ere esan genuen monumentu historiko-kulturalen legeak betearaztera derrigortzen gaituzten bezala, Jaurlaritzatik irtenbide egokiago bat bideratzen lagundu behar luketela, debekuak ezartzen dituzten bezala, irtenbide egokiak zehaztuz. 

Udaletxeak, azken erabaki hau hartu aurretik, pauso asko eman dituela ezin dugu ukatu, bertako jabeekin eskritura kontuak zuzendu eta jabetza eskuratu, eraikina tente mantentzeko diru kopuru handiak gastatu, Jaurlaritzak parte har zezan saiakerak egin eta une batez baita lortu ere… Udaletxeak baino baliabidea gehiago dutenek kale egin ondoren, guk ere ez dugu beste aukerarik ikusten. Oraingoan dena ondo aterako delakoan, behatzak gurutzatuz, alde bozkatuko dugu.  

3.- Behin betiko onespenen berri ematea.  

4.- Aurrekontuari buruzko informazioa. 

5.- Galde-erreguak

Ezinbestean, pasa den hileko plenoan esandako batzuk gogoratu behar ditut. Gezurra esaten ari ginela zion EH Bilduko bozeramaileak, "vende humos" batzuk ginela, amets faltsuak sortzen ari ginela. Gainera, hurrengo egunetan sare sozialetan zabaldu zituzten. Nik banekien deskalifikazio eta adierazpen horiek faltsuak zirela, baina badaezpada egoitzako bai senide eta bai langileekin egon naiz, eta beraiek ere horrela ziurtatu didate; alegia, nik ez dietela inongo ilusio faltsurik sortu, eta badakit EH Bilduko bozeramaileari ere berdina adierazi zaiola. Egoitza herrira ekartzeko aukera dagoela esaten ari natzaiela diozu, eta hori ere gezurra da. Badakizu zuen taldea eta gurea egoitzakoekin bildu ginen bilera beraiek eskatutakoa dela. Bertako egoiliarren eta langileen ongizatea hobetzeko bidean doazen gai guztietan bezala, guk, haiek aurkezteko asmoa zuten mozio baten inguruko laguntza besterik ez genien eskaini. Faltatzetik aparte, ez dakigu zer helburu zituzten gezur horiek; okerrena elkarren arteko konfiantza apurra hautsi, eta kaltetuak egoitzan sufritzen ari direnak izan daitezkeela; horrek ematen digu pena gehien. Beraz, gutxienez, zabaldutako gezurren eta deskalifikazioen errektifikazioa eskatzen diogu EH Bilduri, eta herritarren aurrean barkamena eskatzea ere ez litzateke gaizki egongo.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide