1.- Aurreko bilkurako aktaren onespena, hala badagokio.
Ados.
2.- 2022 ekitaldirako araudi planaren onespena.
Lizitazio arazoak medio herri bideen inbentarioa egin ez denez, orain urtebete bezala gaude. Baserri bideak babesteko egitea nahi den ordenantzak berriro ere itxaron egin beharko du. Pena ematen digu lau bat urteren ondoren esperantza sortu zigun pasa den urteko araudi planak berdin jarraituko duela jakiteak. Ea aurtengoan kontratazioa ondo bideratzea lortzen den, eta aurrerapauso bat ematea lortzen dugun. Osterantzean ez dugu beste esatekorik, eta baietz bozkatuko dugu.
3.- 2022 ekitaldirako lanpostuen zerrendaren hasierako onespena.
Diruzainaren postua sortu behar dugula ohartarazi digu Eusko Jaurlaritzak, eta horrekin batera aprobetxatu nahi da komunikazio arduradunari euskara maila igotzea ere. Komunikazio arduradun postu hori konfiantzako horietako bat da, baina beste arduradun denei ez bezala hirugarren hizkuntza eskakizuna egin zitzaion laugarrena egin beharrean, Udal Gobernuak aukeratu zuen pertsona horrek maila hori zuelako. Gaur egun laugarren maila ziurtatzen duen azterketa gainditu du, eta bere garaian zoriondu genuen. Azterketa hori gaindituko ez balu, ordea, beharbada ez zuketen erabaki hori hartuko. Gainera, badakizue, komunikazio arlo horrekin desadostasunak ditugula. Orain arteko Udal Gobernu guztiek bere buruaren propaganda egiteko erabili eta erabiltzen jarraitzen dutelako. Kontuan hartuta gaurko erabakia sortu beharreko diruzain postua eta komunikazio arduradunari euskara eskakizuna igotzea dela soilik, alde bozkatuko dugu.
4.- Kreditu transferentzia bidez kredituak aldatzeko Azkoitiko Udaleko 1 zenbakidun espedientearen onespena.
Bata formalismo hutsa dela esan genezake, helburua berdina baita, emakumeen liburu azoka antolatzea. Bestea, parke estalia lehenbailehen konpontzea. Bi ekintzen alde gaude, eta beraz, kreditu aldaketa ontzat jotzen dugu.
5.- 2022ko ordenantza fiskalen aldaketaren hasierako onespena, hiri lurren balio gehikuntzaren gaineko zergaren aldaketa 7/2021 Foru Dekretu arauaren ondorioz.
Estatutik hasi ziren aldaketak, gero aldundiak estatuan erabakitakoak onartu zituen, eta azkenik, udaletxera helarazi dizkigute bai ala bai onartu beharreko koefiziente maximo berriak. Ondoren mugimendu asko egin daitezke, koefiziente horiek jaitsiz, tipoak %15eko maximoaren barnean aldatuz edo bien arteko beste edozein konbinazio erabiliz. Udaletxe honetan tipoak aldatzea erabaki da, oraingo tipoa mantendu eta %15ekoa ezarriz kuota gehien jaisten zitzaienei. Soilik bi tipo horiek ezarri beharrean –gaur egungo %7a eta %15a–, igoera progresiboa ezartzearen aldekoak ginen. Kontuhartzailetzan tipo asko jartzea ere egoki ikusten ez zuten, baina guri 7tik 15erako saltoa handiegia iruditzen zitzaigun; horregatik, tarteko bat jartzea proposatu genuen, %10ekoa. Irailera begira, joan den urtearekin alderaketa egingo dutela agindu digute, eta ikusiko da etorkizunera begira beste aldaketarik egingo den. Hitz egindako guztiari borondate ona ikusi diogu, badirudi tipo berri horrekin udaletxeko diru bilketa zerbait baxuagoa izan daitekeela. Beraz, gu ere irailera begira jarriko garam eta bitartean udalak proposatutakoari baiezkoa emango diogu.
6.- 2022ko Zubiaurre-Elkargune Institutuko ondare sarrera publiko ez tributarioen ordenantzaren aldaketaren hasierako onespena.
Elkargunean COVID ziurtagiria eskatzen hasi ziren garaian baja eman zuten bazkideek berriro ere alta eman nahiko balute, matrikula ez kobratzea da ordenantzaren aldaketa honen helburua. Nahiz eta bakoitzak bere iritzi pertsonala izan, inor ez dago txertatzera behartuta. Arauak hilabete gutxi batzuk besterik iraun ez dituenez, epe jakin batean aldaketa hau egitearen aldekoak gara.
7.- PSE-EE udal taldeak aurkeztutako mozioa, adinekoei eta pertsona zaurgarrienei egokitutako arretaren ingurukoa.
Enegarrenez esango dugu honelako mozioek eragiten dutena ezerezaren hurrengoa dela. Gai hauek duten garrantzia ez da mozio eta sentsibilizazio kanpainetan landu behar, haratago joan behar da. Herriko talde eragileekin bat egin behar da, guztiok batera ez baditugu ematen eman beharreko pausoak, alfer samarrik izango baitira horrelako mozioak. Udaletxea adineko pertsonetatik eta beraien senide nahiz zaintzailetatik aldentzen ari zaigula dirudi. Herriko talde feministarekin, berriz, ez du lortu sekula harremana estutzea. Mozio hauetan denborarik galdu ez, eta lanean jarraitu behar genuke. Bitartean, beti bezala aurretik guztion artean landu ez ditugun mozioen aurka bozkatzen jarraituko dugu.
8.- EAJ-PNV eta PSE-EE udal taldeek aurkeztutako adierazpena, martxoak 8 egunaren ingurukoa.
Aurreko puntuan eman ditugun azalpenekin bat eginez, ezezkoa bozkatuko dugu.
9.- Behin betiko onespenen berri ematea.
10.- Aurrekontuari buruzko informazioa.
11.- Galde-erreguak.