Azkoitia Bai herri plataformak irailek ohiko udalbatzarrean esandakoak eta bozkatutakoak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitia Bai 2021ko ira. 29a, 20:03

Azkoitia Bai herri plataformak irailek ohiko udalbatzarrean esandakoak eta bozkatutakoak

1.- Aurreko bilkurako aktaren onespena, hala badagokio. 

Ados.

2.- Azkoitiko udaleko 2021eko Araudi Planaren aldaketaren onespena.  

Oinarri, ordenantza, berri nahiz aldaketa guztiak araudi planean sartzea eskatzen digu orain legeak, beraz, bete beharra dago eta alde bozkatuko dugu.

3.- Udal zuzenbide publikoko zerga eta bestelako diru sarrerak kudeatu eta biltzeko Ordenantza orokorraren hasierako onespena. 

Ordenantza eguneratzeaz gain, beste arazo txiki batzuei ere irtenbidea eman nahi izan da. Banku helbideratzeen prozedurak eguneratzea, kreditu kobraezinen kudeaketa erraztea, baita sistematikoki geroratu edo zatikatzeko ohitura zutenei ere aldaketatxo batzuen bidez, emergentzi kasuetako erabiltzen diren prozedurak direla horiek ohartaraztea, benetan ordaindu ezin dutenentzat erabilgarriak. Beraz, gauzak zuzendu, eguneratu eta udaletxean beharrezkoak ez diren izapide asko ekidingo direlakoan, alde bozkatuko dugu.

4.- Kreditu gehigarrien bidez kredituak aldatzeko Azkoitiko udaleko 5 zenbakidun espedientearen hasierako onespena.  

Andramaixetan gastatu ez dugun kantitate bat kultura ekintzetara bideratzea ondo deritzogu, eta bestalde, mantenuetarako eta brigadaren lanetarako bideratuta zegoen dirua dagoeneko gastatu bada, jarri beharrekoa jartzea izango da logikoena. Ez dut uste informatika ekipamenduak eguneratzen joan behar dela inork zalantza egingo duenik, horien urteak, erabilpena eta beharren arabera. Beraz, egingo den gastuari gure oniritzia emango diogu.

5.- Mailegua kontratatzeko 2021eko Kreditu Eragiketaren onespena.

Epe motzera edo ertainera irisgarritasunari eta igerilekuari irtenbide bat ematea nahi bada, maileguak eskatzea besterik ez dugu ikusten. Hori bai, ez dugu herria hipotekatu nahi. Mailegu honekin eta orain gutxi eskatu genuenarekin, udaletxeari, azken urteotan ordaintzen ari dena baino gutxiago ordaintzea tokatuko zaio, aurrekoak bukatzean hasiko baikara berriak ordaintzen. Esan bezala, hurrengo urteetan orain arte baino gutxiago ordaindu beharko dugu kontzeptu honetan. Beraz, herritarren ongizatera bideratuko ditugun dirutza hauek onura ekarriko digulakoan eta arrisku handiegirik hartzen ez ditugula pentsatuz, baietz bozkatuko dugu.

6.- 2022rako Ordenantza Fiskalen aldaketaren hasierako onespena.

                 

 2022 TASAK/ZERGAK 

   

IBI ETXETIARRA (2020)

-     131.813,79€ 

   

ETXE HUTSAK

        80.000,00€ 

   

KOTXE ZAHARRAK

        15.000,00€ 

   

 

-       36.813,79€ 

   

ZABORRAREN TASAN BILDUTAKOA (2020)

  1.143.356,14€ 

%3,22

  36.813,79€ 

Aurten, beste herrien batez bestekoan kokatzeko, azken urteetan behetik egon den IBI industriala igotzearen alde azaldu zarete, eta herritar denoi ukitzen digun IBI etxetiarra berriz, ia %7 goitik mantentzea erabaki duzue. Gu ez gara tasa eta zerga gutxi kobratzearen aldekoak, garbi baitugu hori diru faltarik ez duenari datorkiola ondo. Halere, urtero bezala aurten ere garbi utzi nahi dugu, guk azken urteetako ildo beretik jarraituz diru bilketa beste era batera egingo genukeela, guretzat egokiena eta justuena baita.

Azken urteetan, IBI etxetiarra batez bestekotik gora kobratzearen alde zaudete beste denok, eta gure taldea da urte askotan mantendu zen irizpenaren alde egiten duen bakarra; hitzaren jabe izaten jarraitzen duen bakarra. Beraz, azken bost bat urteetan gehiago ordaintzen ari garen zerga hau jaisteren alde egiten dugu aurten ere, aurretik esan bezala, herritar guztioi ukitzen digun zerga delako eta urte askoan mantendu den irizpenarekin jarraitzea nahi dugulako, hau da, beste inguruko hogei herrien betez bestekoan mantentzea.

Etxe hutsen errekargua eskatzen ere urteak daramatzagu. Herritar asko dago alokatzeko beharrean. Eskubide hori ez ukatzeko aukera gehiago emango liguke hutsik dauden etxeak alokairura bideratuz gero. Horrela ez balitz, berriz, beharrik ez luketen bi etxebizitza horien jabeei errekargu bat kobratzea litzateke egokiena. Aurten, etxe hutsei kobratzeko kanon berri bat jarri du martxan Jaurlaritzak, eta hilabeteak daramazkit gure herriko udal gobernuak zer egin behar duen galdetzen, erantzun zehatzik entzun gabe. Itxaropen txiki bat banuen, Arriola sailburua, argi eta garbi, kanon hau kobratzearen alde azaldu zenean eta bere alderdiko, Azkoitiko udal gobernuko zinegotziaren botoarekin gehiengoa lortzeko bidea izango genukeelako. Esan bezala, oraindik ez dugu erantzun garbirik jaso.

Gehien kontsumitu eta kutsatzen duten autoei hobariak ematea ere ez dugu ondo ikusten eta aurten ere kotxe zaharrak izateagatik ematen den laguntza kentzeko eskaria mantentzen dugu.

Eta jaitsiera hori konpentsatzeko, zaborraren tasa igoko genuke %3,22 puntutan, bai ala bai Mankomunitateari ordaindu beharreko tasa bat delako eta egokiago ikusten dugulako, ahal den heinean, zaborraren gastua bere tasan biltzea, herritarra ohartu eta kontzientziatu dadin zaborrak duen gastuaz.

Ez nuke esan gabe utzi nahi urteetan eskatzen ari garen udalaren landa bideen tasaren beharra. Inguruko beste herrietan indarrean dago, eta guri min ematen digu egurra moztera etortzen diren enpresek baserri bideak nola uzten dituzten ikusteak. Aspaldi, pinuaren gaitza medio, enpresa horiek irabazi handiak izan dituztenaren errezeloa dugu, baina apurtzen dituzten bide horiek denon artean ordaindu behar izaten ditugu. Gure nahia da beste herrietan kobratzen zaien fidantza kobratzea eta apurtzen dutena hortik kobratzea, hau da, baserri bideak aurkitu zituzten bezala uztea. Bestalde, egur horren jabeari ere tasa bat kobratzen zaio beste herrietan. Guk ez genuke baserritarra gehiago kaltetu nahi eta zerbait kobratzera helduko bagina, %100ean beraiei bueltatzearen alde azalduko ginateke, baldin eta zuhaitz autoktonoak sartu eta sortutako basoak zaintzeko hautua egingo balute. Guretzat ordenantza honen helburu nagusiena da baserri bideak zaintzea eta gure basoak berreskuratzea. Aurten, bide horien inbentarioa bukatu gabe dagoela jakinarazi diguzue eta beste urte bat itxaron beharko dugula. Ea datorren urtera begira beste taldeok ere ordenantza hau martxan jartzera animatzen zareten.

Hauek izango lirateke Azkoitia Bai herri plataformak gure herrira begira ezarriko lituzkeen tasak eta zergak. Zuenetik urrun daudenez, ezetz bozkatu beharko dugu.

7.- Zubiaurre-Elkargune Institutuko kultur, kirol eta aisi ekipamenduan eta Ugarteigaran estali gabeko igerilekuetan eskaintzen diren zerbitzuen izaera publiko ez tributarioko ondare prestazioa arautzen duen udal Ordenantzaren hasierako onespena.  

Aurten, garbi utzi diguzue jarduera bakoitzari ahal den etekinik handiena atera nahian jartzen dituzuela prezioak, pertsona gehiago sartzeko aukera badago edo material gutxiago behar bada, merkeago. Beti esan ohi izan dugu erabiltzaileek jarduera horien gastuen gehieneko zati bat ordaindu beharko luketela, erabiltzaile ez direnek nahikoa egiten baitute instalazioa kostatu zenaren bere partea jarriz. Ulertzen dugu herritarraren ongizatera bideratutako inbertsio bat dela, baina herriko zerbitzu bat izanik, ez genuke soilik jarduera bakoitzaren etekinean zentratu nahi. Beraz, herritarraren ongizateari garrantzia emanez, eta herri zerbitzu bat den heinean, jardueretan dauden prezio aldeak ez ditugu ondo ikusten. Etekinari eman behar zaion garrantzia emanik, nahiago dugu herritar bakoitzak nahi duen edo ondo datorkion kirola egiteagatik, berdintsu ordaintzea. Hori lortzeko bi aukera ikusten ditugu:

  • Jardueretan dauden prezio aldeak murriztea.
  • Multikirola jarduera guztietara zabaltzea. Guztiek berdin ordainduz gero, bakoitzak aukeratzea zer kirol nahi edo komeni zaion egitea.

Gure ustez etekinen irizpen soila erabiltzea baino hobeto legoke gure proposamena. Etorkizunera begira, guztion artean eztabaidatzera gonbidatzen zaituztet. Udal gobernuak bere irizpideak nahikoa garbi utzi dizkigu batzordeetan, baina alderdi denen iritzia jasotzea nahiko genuke. Bien bitartean, abstenitu egingo gara.

8.- Behin betiko onespenen berri ematea. 

9- Aurrekontuari buruzko informazioa. 

10- Galde-erreguak. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide