Gure taldeak, herritarrei entzun ostean, eta Jaurlaritzak dituen eskumenak zapaldu gabe, erabaki bat hartu eta gure iritzia herriko Arau Subsidiarioetan txertatzea lortu zuen. Azkoitiko herriak garbi utzi zigun honelako instalaziorik ez zuela inondik inora nahi, eta, sailburuak ere, dagoeneko eraikuntza eta eraispen hondakinak kudeatzeko nahikoa planta zegoela garbi utzia zuen bere aginduan. Egin beharreko ikerketak egin ondoren, autoan ordu laurden pasatxora, honelako zaborren kudeaketara bideratutako bi instalazio aurkitu genituen. Beraz, guri behintzat, garbi gelditu zitzaigun gaur egun instalazio horien inongo beharrik ez geneukala, eta, gure herrira begira, egokiena horien debekua ezartzea izango litzatekeela.
Orain, berriz, Larke-360 enpresa alegazioekin datorkigu, eta nola ez, eskubide osoa du eta ezingo diogu ukatu udaletxeko erabakiaren aurka, bere argudioak aurkeztea, baina guri min gehiena ematen diguna, enpresa horretako arduradunek bere hitza ez bete izana da. Emandako hitza beteko balute, ez ginateke gaur hemen egongo, lehenengo egunetik esan baitziguten, gure herriak, beraiek buruan zuten proiektu horri ezetza emango balio, atzera egingo luketela. Herriaren ezezkoa garbia izan zela iruditzen zaigu, eta beraien hitza betetzera bultzatu nahi genituzke. Gai honekin arazoak ditugun Lagunak enpresarekin bezala, ez genuke epaitegietara iritsi nahi. Benetan penagarria litzateke udaletxearekin harreman zuzena duen herriko enpresa batekin horrela bukatzea. Beraz, eta berriro diot, herriari emandako hitza mantenduz, hemen eta orain, lehenbailehen, izapide hauekin atzera egiteko eskaria egiten diogu Larke enpresari.
Eta bukatzeko, aurkeztu dituen alegazioei ezezko erantzuna emateko, Jaurlaritzatik, udaletxe honi alegazio horien aurka erabaki irmo bat eskatu dionez, proposamenaren alde bozkatuko dugu.