Zaborra ere badarama urak

Ane Olaizola 2025ko urr. 19a, 09:00

Bi gurpil, ibaian botata. (Ane Olaizola)

Gainditu gabeko arazoa izaten jarraitzen du ibaian pilatzen den zaborrarenak, ohikoa baita zuzenean edo zeharka botatako askotariko zikinkeria uretan eta haren bazterrean ikustea; eta Urolaren egoera ez da salbuespena. Lehen alea norberaren kontzientzian dagoela azpimarratu dute eragileek eta erakundeek. Iraileko Azkoitia Guka aldizkarirako idatzitako erreportajea da honako hau.

Oraindik ez da harritzekoa ibai ertzetan zaborra pilatuta ikustea, ezta kontu berria ere, hamarkadetatik datorren afera baita batzuek aspalditik hartua duten ohitura; plastikoak, latak, etxetresna elektrikoak, altzariak edota pneumatikoak zuzenean eta axolagabe hara botatzea, eta beraz, ibaiak zabortegi bihurtzea. Herritarrenengandik ez ezik, erakundeen kontzientziatik ere hasten den soka da ibaitik itsasoraino luzatzen dena. 

Eusko Jaurlaritzaren Ura agentziari dagokio ibaietako eginbeharrak gauzatzea, baina hondakinak udalen eskumenekoak izanik, haiek arduratzen dira ibaietan pilatzen den zaborra biltzeko zerbitzuaz, eta 2019an sinatutako lankidetza hitzarmena medio, elkarlanean aritzen dira bi erakundeak. Ordea, legeari dagokionez hutsunea nabari daiteke zaborra bota dutenenganako ondorioetan; batetik, erakundeen hitzarmen horrek ez duelako jasotzen lege haustearen gaineko zigorrik, eta bestetik, udalak ez daukalako ibaiko zaborraren gaineko ordenantzarik eginda. Are: Uraren arabera, arau hausteen gaineko konpetentzia ere udalarena da, baina erakundeak azaldu du kontu hori ez dela berea, ibaian "zerbait" gertatzen denean, agentzia horren esku geratzen delako gertatutakoa. 

Udalaren ustez, berriz, zaborra botatzen dutenei isunak jartzea da bide "zuzena eta bidezkoa", eta erakunde horrek espedienteak irekitzen ditu dagozkion urratsak egiteko. Ordea, horretarako ezinbestekoa da arau haustea nork egin duen jakitea: "Ezkutuan egiten diren kalteak izan ohi dira, eta ez da beti erraza izaten arrastoa jarraitzea". Horregatik, udalari geratzen zaion "bide bakarra" garbiketan "indarra jartzea" dela azpimarratu du.

Azkoitiko Ingurumen sailak 40.000 euroko aurrekontua du gaur-gaurkoz arlo horri dagozkion lanak egiteko zein ibai garbiketetarako. "Unean uneko baliabideen arabera", erakundeak enpresa bat kontratatzen du lan horietarako, eta bestela, brigadak berak gauzatzen ditu. Iaz, esaterako, enpresa batek hiru eremu garbitu zituen: Ipintza eta Jausoro artekoa, Altzibarko presatik Jausoroko zubira artekoa eta Basterretxe industrialdetik Berrosueta baserriaren aurreko zubira artekoa; brigada, berriz, herriguneaz arduratu zen. Garbiketa lanak urtero egiten dituela azaldu du udalak, eta horien bidez jasotzen den hondakin kopurua "esanguratsua" dela dio, zenbakietan sartu gabe. "Kopurua gutxiena izanda ere, asko da ibaiez ari garenean; horrek hausnarketa eskatzen du". 

Udalaren arabera, ordea, ibaiaren egoerak hobera egin du azken urteetan, "kontrol eta ikuskaritza lanak areagotu" egin dituztelako. Dena den, oraindik ohikoa da zaborra ikustea ibai ertzetan, baita leku batzuetan besteetan baino gehiago ikustea ere, zaborra gehiago pilatzen baita industria edo nekazaritza eremuen inguruan. Zergatik? "Batetik, ibaiaren egiturarengatik. Bestetik, ezkutuan geratzen diren puntu beltzak direlako, oraindik ere badelako ingurumenarekiko sentsibilizaziorik ez duen eta horrekiko errespetu gutxi erakusten duenik. Normala al da garbigailu bat ibaian agertzea? Norbaitek bota duelako da", dio udalak. 

Aurrez azaldutako ibaien egoera orokorra da, eta Azkoitian ez ezik, "tamalez" leku guztietan gertatzen da gauza bera, Eguzki talde ekologistaren arabera. Adibidetzat eman du Urolan bertan, Aizarnazabal parean, 2.300 tona zabor atera berri dituztela; "gehiena zuzenean botatako zaborra zen", esan du taldeko kide Gorka Alberdik. Hark lotsagarritzat jo du egoera, eta gizarteak "eskandalutzat" hartu beharko lukeena "guztiz normalizatu" dela uste du. "Gaur egun dauden zerbitzuekin, zer premia du pertsona batek bere pneumatikoa ibaira botatzeko, eta nola onar dezakegu halakorik? Halako galderetara jo beharko genuke". 

Ibai garbiketa batean ateratako zaborra, Juin kalean. (Eguzki)

Alberdik gogoratu du hamarkada askotatik datorren kontua dela zaborra ibaira botatzearena, eta horren aurreko erantzuna "isiltasuna" dela salatu du hark, legea ez delako betetzen. "Ez da sekula landu arazoa, hura konpontzeko ez da oraindik ere ezer egiten. Herritarrek ere egin dezakete, baina erakundeak jakinaren gainean egonagatik, apenas egiten da ezer". 

Aferarekiko "isiltasunak" hainbat ondorio dakartza Alberdiren ustez, eta horietatik azpimarragarriena da arazoak bere horretan jarraitzea ahalbidetzen duela: "Erantzunik ez badago, zaborra botatzen dutenei helarazten diegun mezua da horretarako erraztasuna badutela. Inpunitatea ematen diegu, eta horregatik daramatza arazoak hainbeste hamarkada gure artean, legea ez delako betearazten". 

Horrez gain, azaldu du herritarrek arazoaren gaineko informaziorik ez dutela, haiek ez direla jakitun egoeraren dimentsioaz. Bide horretan, gainera, "kontzientziaren tranpaz" ohartarazi du ekologistak. "Kontzientzia kontua dela esaten digute behin eta berriz; horrekin esan nahi dute gizartea joango dela aldatzen eta egunen batean etorriko dela egoera bere onera. Baina hamarkadetan ikusitakoak esaten digu, gaia herritarren esku utziz gero, beti egongo direla hainbat pertsona zaborra ibaira botatzen dutenak". Gizartea hezteaz gain, zaborra ibaira botatzen dutenei isunak jartzea defendatu du hark, ekintza hori "mehatxu" bihur dadin eta neurri horren bidez konpon dadin afera. "Esaterako, hondakinen bilketek erakutsi digute, kontzientziazio kanpainak egitearekin batera, oso eraginkorra dela ikuskaritzak ere egitea; herriari esatea legea bete egin behar dela, eta ez duenak betetzen isuna jasoko duela". Horren aurrean, ibai garbiketen eta gisa horretako ekintzen bidez zabaltzen den mezua ere errefusatu egin du hark, irudi horrek ez duelakoan islatzen benetako arazoa, ezta konpondu ere: "Pentsatzen dugu ibaiak garbituta arazoa konpondu dugula, baina hurrengo egunean ere jarraituko du egoten han zaborrak; arazoaren dimentsioaren aurrean, halako ekintzek egoera normalizatu besterik ez dute egiten". Hainbat daturekin berretsi du hark esandakoa: "Aizarnazabalen iaz egin zuten garbiketa, eta tona bat zabor jaso zuten; aurten, bi tona. Horrek islatzen du arazoak ez duela etenik". 

Askotariko zaborra, ibai ertzean. (Eguzki)

Osasun publikoan eragina

Jakinekoa da ibaiko zaborrak hango ekosistema kaltetzen duela, eta jakinekoa da, era berean, ibaiko zaborrak itsasoan amaituko duela, higatuta. Arazoaren larritasunaz ohartarazi du Alberdik: "Gure kostaldean dagoen arazoa ez da plastiko puska handi asko ditugula, plastiko hori txiki-txiki egiten delako. Baina zabor hori arrainek jaten dute, eta arrain horiek guk jaten ditugu". Horregatik, Eguzkiko kideak azpimarratu duenez, gaur egungo arazoa ez da soilik ingurumenari dagokiona; kutsadurak osasun publikoari ere eragiten dio dagoeneko. "Guk bizitza normala egiten dugun bitartean, ibaiko urak pozoia izaten segitzen du; kontuan hartu behar da plastikoek elementu kimikoak dituztela eta uretan denbora asko daramaten latek herdoila hartzen dutela". 

Udala: "Ezkutuan egiten diren kalteak izaten dira, eta ez da beti erraza arrastoa segitzea"

Bide horretan, Aztik egindako ikerketa bat ekarri du gogora Alberdik. Zentro horrek Euskal Herriko zortzi ibaitako zaborraren dinamika aztertu zuen –tartean Urolakoa–, eta ebatzi zuen udan flotagarritasun handiko partikulen %97 itsasertzean harrapatuta geratzen direla astebeteren buruan –udazkenean %54 murrizten da zenbateko hori–; flotagarritasun txikiko zaborren kasuan, berriz, %25 baino gutxiago geratzen dira harrapatuta. Gehiena itsaso zabalean hedatzen da, beraz.

Arazoari irtenbide bat eman nahian, ibai ondoko baranden azpian saretak jartzearen aldeko hautua egin du Eguzki taldeak azken urteetan herriz herri, eta Azkoitian ere neurri hori ezartzen joan da udala. Haren eraginkortasuna "begi bistakoa" dela defendatu du Alberdik, hesiek zaborra ibai ertzera iristea saihesten dutelako. Haren arabera, sareta ibai ondoko baranda guztietan jarri beharko litzateke, baina bestelako iritzi bat du Azkoitiko Udalak, "teknikoki" ez delako "egokia" sareta nonahi jartzea. "Sareak jarraian jartzea oztopo ere bihur daiteke euri jasa handietan, esaterako, urak behar bezala ibaira bideratzea oztopa dezakeelako. Sareak ur erauntsia gera dezake ura abiadura eta kantitate handian etortzen denean, eta ibai inguruan uholde arriskua areagotu. Hori horrela, udalak saretxoak puntu jakinetan jartzea babesten du". 

Zaborra, ibai ertz batean.

Eguzkiren esanetan, egoera berbera da leku guztietan, eta erantzuna "isiltasuna" da

Bestalde, udalak ingurumenaren alorrean duen jarrera "nahiko larria" dela azpimarratu du Alberdik. Eguzkik behin baino gehiagotan salatu izan du udal gobernuak ez duela oposizioarekin hitzartutako ituna bete. Maiatzean, gainera, Eguzkik udala salatu zuen Arartekoan, ingurumen informazioa eskuratzeko eskubidea jasotzen duen araudiaz baliatuta. Ildo horretan, ekologistak jakinarazi du Arartekoak onartu egin duela salaketa, eta azalpenak eskatu dizkiola erakundeari. Horren aurrean, eskatutako txostena bidali dio udalak Eguzkiri, "goiko instantzia batek behartuta" izan bada ere. 

Kontzientziazioaren mila aurpegi

Udalaren arabera, herritarrek ingurumenarekiko duten kontzientziazio maila geroz eta handiagoa da azken urteetan. Horren inguruko sentsibilitatea badagoela baieztatu du erakundeak, eta etorkizunean "indarra hartzen" joango dela ere uste du. "Gazteen balioen artean dago ingurumenarekiko errespetua, eta noski, gaiak agenda politikoan presentzia inportantea izan behar du". Bide horretan, azaldu du erakundeak badituela eta eskaintzen dituela kontzientziazioan eragiten duten hainbat tresna, baina azpimarratu du norberak hasi behar duela "bere alea" jartzen. 

Erakundeak abian jarritako Ingurumen Mahaiko kideetako bat da, bestalde, Urola Bizirik natur taldea, eta talde horrek ere uste du azken urteetan hobera egin duela ibaien egoerak, ibai garbiketei zein baranda azpiko saretei esker; ez gutxiago kutsatzen delako, ordea. "Penagarria da uholdeen ondoren ibai eta erreka bazterrek hartzen duten itxura, zaborrez betetzen direlako. Era berean, pena ematen du festetan kaleak nola geratzen diren ikustea, horren ondorioz ere ibaiak erabat kutsatuta geratzen direlako". 

Urola Biziriken helburu nagusia da gizartean kontzientzia sortzea, eta horretarako hainbat solasaldi eskaintzen dituzte. Ordea, besteak beste ekintza horiek izaten duten "erantzun kaskarraren" eraginez ondorioztatu dute ingurumena ez dela lehentasuna herritarren egunerokoan. Bide horretan, natur taldea ez da udala bezain baikorra herritarren eta bereziki gazteen sentsibilizazioari dagokionez: "Gazteen artean ez dugu aldaketarik nabaritzen, haiek ikastetxean Agenda 2030 egitasmoaren helburuak lantzen badituzte ere urtero". 

Taldearen ustez, gaur-gaurkoz ingurumenak "oso lotura gutxi" dauka gizartearen zein erakundeen artean, eta hain zuzen, azken horien politika sendoagoen falta sumatzen du. Ibaien zainketari dagokionez, ikuskari bat egotea proposatu du natur talde horrek, baita Urola ibaia igarotzen den zortzi herrien arteko plan orokor bat osatzea ere, hara botatzen den zaborra ez ezik, isurketak zein estolderiak ere kontuan hartuko dituena. 

Landaredia, uste orokorraren aurka

Hondakin solido urbanoak ez ezik, deigarriak izan ohi dira ibaiko landareen puntetan katigatua ikusi ahal izaten diren plastiko zatiak ere. Baina landarea arazoa al da ibaian? "Lurrera botatzen dugun edozer gauza bidaliko du euri urak, nola edo hala, ibaira; hori da ibaian pilatzen den zikinkeria. Jatorrira joan behar dugu", uste du Eneko Albizuri Ura agentziaren komunikazio arduradunak. 

Landareak eta egur hilak Katuin errekan.

Ibaiko landareek uholdeen arriskua areagotzen duten "uste orokorra" gezurtatu du Ura-k

Urak ez du hondakin solido urbanoen kudeaketarik egiten, baina parez pare, agentzia hori arduratzen da ibaiez, eta hark beharrezkoa deritzo eremu horietan pilatzen den egur hila eta zaborra ondo bereizteari, herritar askok bi gauzak maila berean jartzen dituztela kontuan hartuta; are, hori ez dela hondakina deritzo Urako teknikari Iñigo Citoresek, eta ibaiko landareek uholdeen arriskua areagotzen duten "uste orokorra" gezurtatu nahi izan du: "Landarediak, egur hilak eta sedimentuak errekaren eta bere ekosistemaren parte baliotsuak dira, eta elementu horiek egon ezean, ubide soil bihurtuko litzateke ibaia; hura hori baino askoz gehiago da, ordea". Haren arabera, ekologiari zein herriko hirigintzari dagokienez funtzio asko betetzen dituzte elementu horiek, batez ere arroetako erreketan, eta horietako bat da uholdeak saihesteko orduan egiten duten lana: "Sekulako euria egiten badu arro osoan eta ibai guztiak zeharo 'garbi' badaude, eroritako ur guztia oso azkar jaitsiko da arroaren hondoan dagoen ibai nagusira. Denbora gutxian han ur guztia pilatzen bada eta ondoan herria badugu, arriskua sor daiteke; beraz, naturaz baliatu behar gara ura moteltzeko orduan, mendiko erreketan ura mantsoago baldin badoa, beranduago iritsiko delako erreka nagusira, eta pilaketa ez delako hain azkarra izango". 

Urola Biziriken iritziz, ingurumenak "oso lotura gutxi" du gizartean zein erakundeen artean

Era berean, teknikaria jakitun da, ibaien modifikazioa dela eta, egur hilaren gehiegizko metakinak berak uholde arriskua ere sor dezakeela leku zaurgarrietan; esaterako, inguruan etxebizitzak dauden eremuetan. Hori horrela, zubietan eta halako oztopo arkitektonikoetan egur hila asko pilatzen denean, hura kentzea komenigarria dela dio hark, ez dadin tapoirik sortu. Citoresen arabera, ordea, uholdeen kausa nagusia ez da izaten egur hila, erortzen den prezipitazio kopurua bera baizik. 

Agentziaren arabera, Urola ibaiaren argazki orokorra "oso deigarria" da, esaterako, Azkoitian, etxebizitza ugari eraiki baitituzte haren bi aldeetan. "Arazoa ez da ibaia: begiratu beharko genuke historikoki non jarri garen gu, eta nondik datorren ura. Izatez uholde eremu bat denaren erdian jarri gara gu".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide