Amaitu dituzte eliz atarian jardinerak jartzeko lanak

Andoni Elduaien 2025ko uzt. 24a, 12:51

Eliz atarian jarri dituzte jardinerak. (Argazkia: udala)

Zuhaitzak, zuhaixkak, loredun landare iraunkorrak eta garaiko loreak landatu dituzte eliz atarian jarri dituzten lau jardineretan. Lanak hiru astez luzatu dira, eta udalak 14.687 euro bideratu ditu horretara.

Hiru asteren ondoren, amaitu dituzte eliz atarian zuhaitz zaharrak erretiratzeko eta landaredia berria jartzeko lanak. Uztailaren 7an, San Fermin egunean, ekin zioten udal brigadako langileek zuhaitzak erretiratzen eta gune horretan gaur ikus daitezkeen landareak landatzeko lurra prestatzen. 

Erakundeak hasiera batean jakinarazi zuen astigarrak eta pagoak landatuko zituztela, baina, azkenean, astigarren ordez arteak landatu dituzte. Zuhaitzekin batera, ezaugarri eta espezie ezberdinetako zuhaixkak eta loreak ere landatu dituzte. Udalaren arabera, lehen zeuden zuhaitzak "kendu beharrean" zeuden "egoera oso txarrean" zeudelako, eta haien ordez, zuhaitzak, zuhaixkak, loredun landare iraunkorrak eta garaiko loreak landatu dituzte, "gunea koloreztatuz".

Landatu dituzten lore bakoitzaren ondoan txarteltxo bat ikus daiteke; izan ere, horietan azaltzen da bakoitza zein espezietakoa den. Zuhaitzen kasuan, pagoak eta arteak dira jarritakoak; zuhaixkak, Hypericum eta Westringia espeziekoak dira. Garaiko loreen artean ikus daitezke geranioak eta pentak; baita orkidea lorearen antzerakoa den Angelonia generokoak, edota Celosia, Vinca eta Coleo espezietakoak ere. Loredun landare iraunkorren artean ere hainbat generotakoak landatu dituzte, hala nola Salvia Greggii, Baccharis edo Gaura familietakoak.

Bakoitzak bere ezaugarriekin, landareek "gunea atseginagoa eta erakargarriagoa" egiten dutela adierazi du erakundeak, "denen gozamenerako". Hori hala, udalak landareak eta loreak errespetatzeko eskatzen die herritarrei.

Udalak 14.687 euroko aurrekontua bideratu du eliz atariko lanetara.

Eliz ataria, Barriken iturritik begiratuta. (Argazkia: Andoni Elduaien)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide