Rojo Telon: "Garrantzitsua da udalek emakumeen ikuskizun gehiago programatzea"

Maddi Txintxurreta 2025ko uzt. 11a, 09:00

Rojo Telon konpainiako kideak, 2023ko Leioako Umore Azokako emanaldian. (Utzitakoa)

Emakumeez osatutako zirku konpainia da Rojo Telon. Duela hamarkada bat sortu zuten Bilboko Errekalde auzoan eta, ordutik, munduko hainbat txokotara eraman dituzte haien akrobaziak. Azkoitiko Balda plazan jardungo dute zapatuan, 19:30ean. Maria Salmeron, Bego Peñaranda, Ana Cuervas eta Xandra Arostegi daude telefonoaren bestaldean, emanaldietan gorpuzten duten hori hitzez azaltzen.

Zer da Rojo Telon, nola definituko zenukete?

Ana Cuervas: Rojo Telon emakumeez osatutako zirku konpainia bat da. Hiru lagunek sortu genuen, nahiz eta hirugarren hori ez dagoen jadanik, zirkuari ikusgarritasun gehiago emateko helburuarekin, betiere emakumeen arteko zaintzaren ikuspuntua oinarrian izanda. Hamar urte daramatzagu zirkoa egiten, eta aukera izan dugu gero eta jende gehiagorengana iristeko, haiei erakusteko zirkua beste modu batera egin daitekeela. Laugarren ikuskizuna estreinatu dugu.

Maria Salmeron: Urte hauetan guztietan konpainia hazi egin da, eta lengoaia berriak sortu ditu. Bideari esker, asko erakutsi diguten profesionalak ezagutzeko abagunea izan dugu; adibidez, Aritza Rodriguezek antzerkian lagundu digu, eta Marta Alonsok dantzaren eta koreografiaren lengoaiarekin.

Emakumeek egindako zirkua aldarrikatzen baduzue, espazio horretan emakumeen falta nabaritzen duzuelako izango da, ezta?

Bego Peñaranda: Bai, gu elkartu ginenean ez zegoen emakumez osatutako horrelako konpainiarekin, beraz, alde hori landu nahi izan genuen. Ana Cuervas: Estatu mailan badira konpainia batzuk, baina espazio gutxi ematen zaie, babes gutxi. Faltan dugu hori, horregatik, exijitzen jarraitu behar dugu, eta gure lana ikusarazten. Nire ustez, garrantzitsua da udalek emakumeen ikuskizun gehiago programatzea, ez hainbeste gizonenak. Ez zirkuaren munduan bakarrik, espazio guztietan.

Hamarkada batek ematen dizueten perspektiba kontuan izanda, zer puntutan zaudete orain?

M. Salmeron: Tira, helduagoak gara, apur bat señorak sentitzen gara [barrez]. Baina esperientzia horretaz gozatzen ere badakigu, eta ikasten segitzen dugu.

Zirkuaren munduko zer diziplina lantzen dituzue Rojo Telonen?

B. Peñaranda: Batez ere airezko lanak eta lan bertikalak. Airezko lanen barruan, soka lauan ibiltzen gara, hirunaka, binaka eta bakarka. Trapezioarekin eta oihalekin ere aritzen gara.

Lau ikuskizun sortu dituzuela esan duzue; nolakoa izaten da horien sormen prozesua?

M. Salmeron: Unean uneko motibazioek bultatzen gaituzte sormen prozesuetara. Motibazio horiek pertsonalak zein sozialak izan daitezke, gure kezkak izaten dira abiapuntu. Hortik, ikerketa eszeniko eta tekniko bat egiten dugu, eta horri lengoaia fisikoa gehitzen diogu. Beste diziplina batzuk nahastea ere gustatzen zaigu, antzerkia eta dantza, kasurako.

Bego Peñaranda: "Herrietako plazetan gaudenean, jendearen gertutasuna sentitzeak, auzo eta herrietako jendearekin gure lana partekatu ahal izateak, asko aberasten gaitu"

Transir ikuskizuna aurkeztuko duzue Azkoitian. Zer eskainiko diozue publikoari?

M. Salmeron: Transir zirku ikuskizuna da, zuzeneko musikak laguntzen duena. Transformazioa, aldaketa eta bizitza nahiz heriotza lantzen dituen jolas bat da, dena umorearen perspektibatik jorratuta. Begok aipatu dituen teknikak erabiltzen ditugu ikuskizun honetan, bertikalak eta airezkoak, eta clown ukituak izango ditu.

Xandra Arostegi: Kasu honetan, zuzeneko musika egongo da, eta musikaria interprete bat gehiago bihurtzen da.

Hainbat herrialdetan egin dituzue ikuskizunak, baita festibal handietan ere. Zer du berezi Azkoitia bezalako plaza batek?

B. Peñaranda: Gu konpainia txikiago batetik jaio ginen, eta herrietako plazetan gaudenean, jendearen gertutasuna sentitzeak, auzo eta herrietako jendearekin gure lana partekatu ahal izateak, asko aberasten gaitu.

A. Cuervas: Horrelakoetan, etxean gaudela sentitzen dugu, familian gaudela ematen du. Bilboko Errekalden sortu ginen, eta guk ere badugun auzo izaera hori sentitzea gustatzen zaigu.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide