Martirietako Igoera, korrikan nahiz bizikletan aurten

Andoni Elduaien 2025ko uzt. 2a, 09:13

Oier Ibargurenek errekorra ezarri zuen iaz bizikletako proban. (Gorka Eizagirre)

Bizikleta gaineko probari korrikako lasterketa gehitu diote aurten. Abuztutik uztailera aurreratu dute proba, gainera. Izena eman daiteke oraindik zapatuko probarako.

Jokin Ormaetxea txirrindulari elkarteak eta Azkoitri triatloi taldeak antolatuta, XVII. Martirietako Igoera jokatuko dute datorren zapatuan, 10:00etan hasita. Proba andremarietako egitarautik aterata, hilabete lehenago jokatuko dute aurten. Horrez gain, ordea, badu beste berrikuntza bat ere aurtengoak; izan ere, bizikleta probaren osagarri egingo dute Txalonerrekatik Martirieta auzora korrikako lasterketa.

Mikel Garate Jokin Ormaetxea elkarteko kidea antolatzaileetako bat da, eta berrikuntzez hitz egin du, korrika probaren zergatiaren azalpenekin hasiz: "Elgoibarren urte askoan egin izan da Azkarateko Igoera. Aurrena, korrika igotzen zuten mendatea, eta ondoren, bizikletan. Pentsatu genuen Martirietako Igoerarako ere polita izan zitekeela formatu hori, eta aurten, pausoa eman dugu". 

Inguruotan mendian korrika egiteko "zaletasun handia" dagoela kontuan hartuta, eta probari korrikako lasterketa gehitzea "arrakasta" izan zezakeela pentsatu zuten antolatzaileek. Garatek azaldu duenez, iaz proba amaitu orduko erabaki zuten korrikakoa ere egitea. "Azkoitri triatloi taldekoek-eta esaten ziguten Martirietako Igoera korrika egitea polita litzatekeela. Gogoan dut Martirietako plazan Azkoitriko kideekin geundela erabaki genuela korrikako proba egitea". 2025. urtean sartzearekin batera hasi ziren Azkoitiko bi kirol elkarteak biltzen eta proba lantzen. 

Hilabete aurreratuta

Urtez urte bai proba, bai horren data moldatzen ari dira antolatzaileak. Andremarien atarian egin izan dute orain arte Martirietako igoera, andremarietako egitarauaren barruan. Aurreneko edizioak, ordea, andremarietan bertan egin zituzten. "Hasieran, abuztuaren 17an izaten zen proba, eta orduan, herriko jaietatik ateratzea eta festak hasi aurretik egitea erabaki genuen. Asmatu egin genuen erabaki hori hartuta, jende gehiagok parte hartzea lortu genuen eta". 

Aldiz, probari "izena ematea" da antolatzaileen nahia, eta hori kontuan hartuta, aurten andremarietatik atera dute lasterketa, hilabete aurreratuz. "Andremarietakoa ez da datarik onena, jendea oporretara joanda kanpoan ibili ohi da eta. Izan ditugu geure zalantzak, baina onena andremarietatik ateratzea zela erabaki genuen".

Bestela, berrikuntzarik ez du izango lasterketak; ohiko xarmari eutsiko diote. 10:00etan hasiko da antxintxikalarien proba, eta 11:15ean, txirrindulariena. Herriko plazatik aterako dira bi lasterketetako partaideak Txalonerreka aldera, neutralizatuta. Behin Txalonerrekara iritsita, erlojuak martxan jarri eta 3,7 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute Martirietako plazara arte; %8,4ko pendizari eta 302 metroko desnibel positiboari egin beharko diote aurre guztiek. Ordubeteko muga izango dute korrikalariek ibilbidea osatzeko, eta 45 minutukoa, txirrindulariek.

Sari ugari banatuko dituzte zapatuan parte hartzaileen artean. Korrikako zein bizikleta gaineko probako gizon-emakume irabazleek txapel bana jasoko dute, eta garaikurrak jasoko dituzte bigarren eta hirugarren sailkatuek. Era berean, sari berezia jasoko dute bi probetan aurreneko kilometroko lerroa lehen postuan zeharkatzen duten kirolariek. Horrez gain, zozketak ere egingo dituzte, besteak beste, masajeak eta otorduak oparituz.

Izena eman daiteke

Guztira, 300 dortsal jarri dituzte antolatzaileek Martirietako Igoerarako, 150 korrikako probarako eta beste horrenbeste bizikleta gainekorako. Oraindik zabalik dago bi probetarako izen-ematea; Herrikrosaren webgunean egin daiteke inskripzioa, eta 10 euro ordaindu beharko dute bi probetan parte hartu nahi dutenek –hemen, korrikakoa, eta hemen, bizikletakoa–. Dena den, prezio hori zapatura artekoa izango da; izan ere, egunean bertan 15 euro ordaindu beharko da, nahiz eta orduan ere izen-ematea online egin beharko den; proba hasi baino ordu erdi lehenagora arte izango da horretarako aukera.

Gaur-gaurkoz, 50 lagunek eman dute izena bizikleta gaineko probarako, eta 31 lagunek korrikakorako. Antolatzaileek herritarrak animatu dituzte igoera proban parte hartzera. "Lasterketa herrikoia izatea nahi dugu, eta horregatik, herriko neska-mutil guztiak animatu nahi ditugu proban parte hartzera".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide