Itsasoko salbatzaileak
Itsas Salbamendu Humanitarioa erakundeak Mediterraneo eta Egeo itsasoetan dihardu lanean 2015. urteaz geroztik, giza eskubideen urraketei erantzunez. Erakunde horren egitekoa argia da: joan-etorrian dabiltzan pertsonen bizitza, duintasuna, eskubideak eta horretarako erabiltzen diren migrazio bideak zaintzea; Europako migrazio politikaren parte diren bide seguruak eta legalak defendatzea. Gizarte zibilaren parte hartzea eta kontzientziazioa erraztea; eta giza eskubideak bete ez izana salatzea.
Bidasoatik harago...
Behar Bidasoa Irungo (Gipuzkoa) GKEa da, 1976an sortua. Garapenerako lankidetzan dihardu erakundeak Afrikako, Hego zein Ipar Amerikako eta Asiako zenbait herrialdetan. Besteak beste, hezkuntza, beka, ekoizpen, nekazaritza eta azpiegitura proiektuak garatzeko lan egiten du, baita emakumeen ahalduntzearen eta genero berdintasunaren sustapenean ere. Gizarte eraldaketarako hezkuntza eta sentsibilizazio ekintzak garatzen eta ekintza humanitarioa nahiz larrialdietarako laguntza eskaintzen ere badihardu.
Munduko begiak
Munduko Begiak irabazi asmorik gabeko fundazio bat da, 2001ean sortua. Tindufeko kanpalekuetako, Maliko, Boliviako eta Mozambikeko herritarrak itsu gelditzea saihesteko lana egiten du herrialde horietan, behinik behin, senda daitekeen itsutasunaren aurka jarduten du. Besteak beste, tokiko mediku profesionalak prestatzeko lana egiten du fundazioak, baita haiei ezagutza teknikoa azaltzekoa ere. Era berean, itsutasunaren prebentziorako neurriak hartzen laguntzen du, unitate oftalmologikoak eta optikoak sortzen lagunduz.
Solidaritatea zabaltzen
Mundu Solidarioa Helburu elkarteak ingurune solidarioagoak eta inklusiboagoak eraikitzeko ekintzak sustatu ditu azken 25 urteetan Nikaraguan, zehazki, hango Diriamba udalerrian. Elkarteak ahalduntzeko tresnak ematen dizkie beren bizi kalitatea hobetzera bideratutako sektore zaurgarriei. Besteak beste, altzairu artisauen industrializaziorako eta garapenerako proiektua garatu dute han; aniztasun funtzionala duten pertsonen lan integraziorako zentroa sortu dute; eta bigarren hezkuntzako zein unibertsitateko ikasleei heziketa formalerako eta ez formalerako beka proiektua eskaini diete.
Haurrengan eta gazteengan begirada
Garatze bidean dauden herrialdeen eta beste herrialde batzuetako eskualde pobretuen garapen sozialean zein ekonomikoan laguntzeko lan egiten du Gazteak eta Garapena fundazioak 1988. urteaz geroztik. Dena den, arreta haurrengan eta gazteengan jartzen du, hezkuntza baita "garapenerako erreminta eraginkorrena" fundazio honentzat.
Sahararren Zumaiako senideak
Darahli elkartea Zumaian (Gipuzkoa) 2007. urtean sortutako gobernuz kanpoko erakundea da, Mendebaldeko Saharako herri sahararraren aldeko elkartasun proiektuak bultzatzea xede duena. Elkartea gurasoek, irakasleek eta ikasleek sortu zuten, Zumaia eta Zug (Mendebaldeko Saharako herria) senidetuta daudela kontuan hartuta. Saharako errefuxiatuen egoera ezagutaraztea eta laguntza humanitarioa eskaintzea da egitasmoaren helburu nagusia.
Misioa, Malin
Azkoitiko Misio Taldea pasa den mendeko 50eko hamarkadan jarri zuten martxan. Egun, Mali Elkartasuna erakundeari laguntzen dio taldeak, Maliko Sans herriguneko beharrak asetzeko. Iaz, esaterako, mahaiak eta ekipamendua berritu zituzten; aurten, berriz, eguzki plakak berritzeko erabiliko dute udalaren diru laguntza. Bidezko merkataritza denda ere egin ohi dute urtero Azkoitian.
Pobrezia iraultzen
El Salvador Elkartasuna izeneko kolektiboa 2001. urtean sortu zuten El Salvadorrekin nolabaiteko lotura zuten zenbait nafarrek. Herrialde horrekiko konpromisoa areagotuz, hango ipar-erdialdeko bost udalerritan ari da kolektiboa lanean: Cinqueran, Jutiapan, Tejutepequen, Suchitoton eta Tenancingon. Herri horietako biztanleak pobrezian bizi dira, batzuk muturreko pobrezian, eta kolektiboak hango herrietako irabazi asmorik gabeko erakundeen eskaerei erantzuteko lan egiten du.
Zapatisten borrokak oinarri
Herri zapatistetan eta horien borroketan, batez ere emakumeen borrokan, elkartasunez laguntzen hasi zen 2014an Lumaltik Herriak erakundea. Lumaltik Herriak erakundeak Chiapasen, El Salvadorren eta Guatemalan ditu kooperazio proiektuak, bertan lanean diharduten herri erakundeekin batera. Garapenerako eskubidea, burujabetza, autonomia eta autodeterminazio askerako eskubidea sustatzen dituzten proiektuetan parte hartzen dute. Dena den, hizkuntza, kultura, lurraldea, gobernua, osasuna, hezkuntza eta landa ekoizpena bezalako oinarrizko eskubideak lortzeko nahiz defendatzeko borrokan ari dira bertako kolektiboekin.
Hondurasen eragiten
Hondurasko biztanleria sektore behartsuenetan eta baztertuenetan, bereziki, haurren eta desgaitasun egoeran dauden pertsonen artean lan egiten dute Acoes Honduras fundazioan 1992az geroztik. Bakea, justizia, eskubideak, elkartasuna eta gizakiaren garapen integrala bultzatzeko bizi baldintzak garatzeko ekimenak sustatzea da fundazioaren helburua.
(Argazkiak: GKE eta Maria Maya)