Zeharkatzen diren ardatz asko daude Alba Fernandezen (Azpeitia, 1986) jardunean. Sortzaile, bitartekari eta ikertzailetzat du bere burua, eta kulturaren irisgarritasuna errazteko lanean jarduten du; bestela esanda, arte bizien bitartez, zehazki dantza, performance eta antzerkiaren bidez, herritar ororentzat topaguneak ahalbidetzen ditu. Zer da, ordea, kulturaren irisgarritasuna? "Batez ere baztertuta egon diren pertsonei edo gonbidatuak ez diren gorputzei sormenerako ateak irekitzea", azaldu du hark.
Gaur egun, "bitartekaritza prozesua" deitzen dioten egonaldi bat ari da garatzen Donostiako Tabakaleran, eta egoiliar moduan, Gure Berbena proiektua du martxan. Han parte hartzen dutenak ostegunero elkartzen dira bi orduz dantza egiteko, baina ez dira "ohiko" saioak; bertan elkartzen dira, esaterako, pertsona arrazializatuak, migratzaileak, aniztasun funtzionala dutenak, gaitz neurodegeneratiboak dituztenak, adinekoak... Honela definitu du Fernandezek programa: "Gorputz, pertsona eta identitate guztiei zabalduta dagoen eta arte eszenikoak eta performatiboak ardatz dituen espazioa da. Gure Berbena du izena, haren izanak plaza bat iradokitzen duelako: plazak publikoak dira, edonor joan daiteke, eta hori nahi nuen gogorazi. Izan ere, gero eta espazio gehiago daude dantza egiteko, baina batzuentzako ez dago aterik zabalik".
Hortik, bi esparru lotzen ditu sortzaileak: kulturaren irisgarritasuna eta topagunea. "Askotan, desberdina den horri beldurra diogu, eta ezezagutzatik ukatu egiten dugu, esaterako, gurpildun aulkian dagoen edo neurodibergentea den norbait nire dantza saioetara sartzen uztea". Hain zuzen, azaldu du gizarteak "iruditeria zehatz bat" duela eraikita gorputzaren inguruan, eta haren helburua da iruditeri horretan arrakalak sortzea, "beste batzuei ere aukerak eman ahal izateko".
Sistemaren parte
Arteak eraldaketarako duen potentzialaz jabetuta, azken urteetako ibilbidearen emaitza da Gure Berbena programa, baina Fernandez duela hamarkada bat baino gehiago hasi zen arte eszenikoak, aniztasuna eta inklusioa oinarri hartuta bide berri bat jorratzen. Arreta sozio-sanitario ikasketak egin zituen aurrena, eta praktikaldia aniztasun funtzionala duten pertsonekin lan eginda gauzatu zuen Lisboan. Gizarteak kolektibo horri hainbat mugekin begiratzen dion bitartean, Fernandezi bere begirada aldatzeko balio izan zion esperientzia hark, berak aitortu duenez: "Dantza edota pintura tailerrak ematen zituzten praktikaldia egin nuen zentroan, eta pintura tailerreko irakasleak aukera ugari zabaltzen zizkien kideei. Esaterako, mugikortasuna galtzen ari zen pertsona bat zegoen, eta pintzelak eskuekin ezin hartzera iritsi zenean, irakasleak buruan kasko bat jarri zion, buruarekin margotu zezan. Ariketa bakar bat egiteko askotariko moduak daudela irakasten zuen hark; ni ohartu nintzen plazara iristeko modu asko daudela, eta bakoitzak berea hartuko duela".
Hor hasi zen Fernandez gerora gorpuzten joango zen ikuspegia lantzen. Sasoi hartan, dantzari batekin bizi zen azkoitiarra, eta biek zituzten ezagutzak batuta, bideari ekin zioten, artean ezezaguna zitzaien metodologia eta emaitzak deskubritzeko. Horretarako, aniztasun funtzionala eta intelektuala zuten pertsonekin astebeteko esperientzia bat gauzatu zuten biek Portugalgo hiriburuan.
Behin Euskal Herrira itzulita, ordea, esparru horretan "eredu zeharo asistentzialekin" egiten zuen topo, baina Fernandezek haratago joan nahi nuen: "Oinarrizko beharrak asetzea da guztion oinarria, eta behin horiek beteta, hortik aurrera garatzen gara pertsona bezala". Begien aurrean zuen ereduaren aurrean, arlo horretan lanik ez egitea erabaki zuen, baina dantza saio batzuetara apuntatu ostean, berriz izan zuen, parez pare, esparru horretara itzultzeko aukera. "Behinola, dantzara zihoazen gurpildun aulkidun lau euskal herritarrek Bartzelonan egin zuten topo, eta halako talde bat Euskal Herrian bertan eratzea erabaki zuten: Kolorearekin elkarte artistiko inklusiboa. Hilabetera gonbidatu ninduten, eta beraiekin dantzan eta antolakuntzan hasi nintzen".
Hala, 2013an dantza laborategiak jarri zituzten martxan, eta piezak sortu zituzten, talde misto bat ere eratu zuten... Urtebeteko proiektua bost urtera luzatu zen, eta azkenean, Donostiako Musikagunen eta hango musika eskolan zein Errenteriako (Gipuzkoa) Niessen kulturgunean ere egin zuen lekua taldeak. "Argi genuen sistemaren parte izan behar genuela, eta horretarako, dantza egiten zen lekuetan izan behar genuela presentzia". Hainbat dantzari gonbidatzen zituzten, hark bidera zezan talde anitz hura: "Pertsona ez normatiboekin dantza egiteko esperientziarik ez zuten artistak gonbidatzen genituen, haiek pertsona normatiboei ematen zizkieten eskolak beste gorputz batzuentzako ere eman zitzaten".
Proiektu hartan topatu zituen Fernandezek gorputzaren lengoaiak, eta orduan ulertu zuen dantza komunikatzeko bide moduan. "Dantzak norberarekin zein beste pertsonekin konektatzeko izugarrizko potentziala duela ohartu nintzen. Izan ere, kontrola ezin dezakegun espazioa ematen du dantzak, gorputzak ez duelako gezurrik esaten. Orainera ekartzen gaitu dantzak, eta boteretsua da, hitzarekin adieraz ezin daitekeena azaltzeko aukera eskaintzen duelako".
Plaza transbertsala
Lanketa hori guztia hezkuntzan eta gizartean ikusgarri egiteari ezinbestekoa zeritzon Fernandezek, jakinda, iruditeria aldatu ezean, eredua behin eta berriz errepikatzera behartua izango zatekeela. Koloreak elkartea utzi eta mugimendu eta hausnarketa saioak antolatzen hasi zen. Horren emaitza da, gaur egun martxan duen Gure Berbena. Gizartean kolektibo bakoitza bere erara batzen den bitartean, elkarbizitzaren aldeko hautua egin du sortzaileak, "ikusezinak direnak erdigunean" jartzeko, jakitun gizartearen parte guztiak direla. "Topagune hauetan, egunerokoan inguruan ez ditugun errealitateak harremanetan jartzen ditugu. Elkarbizitza sustatzeaz gain, parte hartzeko eta sortzeko aukera eman nahi diegu guztiei. Izan ere, batzuk aritu izan dira aurrez espazio konkretu batzuetan, baina beste batzuek ez dute inoiz aukerarik izan".
Astero gonbidatu bat izaten dute saioan, hark bere lana saiora eraman eta han "talde anitzari" irakasteko. Azaldu duenez, dantza saioa berbera da guztientzat, baina galderak une oro daude presente; "elkarri entzutea eta malgutasuna izatea" dira gakoa. Guztiak egokitzen dira egoerara, aldebakarreko norabiderik gabe. Modu horretarako, guztientzat aberasgarria dela azpimarratu du Fernandezek, eta sormenarekin batera, beste hainbat kontu ere lantzen dituztela, hala nola kapazitismoa, arrazakeria zein gorputza gauza bihurtzea. Bide horretan, norberaren begiradak eta egiteko moduak aldatzearen aldeko apustua egina du hark.
Motzean
- Adina: 39 urte.
- Ikasketak: Arreta Soziosanitarioa eta Taldeen Bidelaguntza, Iifacen.
- Lanbidea: sortzailea, bitartekaria eta ikertzailea.
- Sortzailea, bitartekaria eta ikertzailea ez banintz… antropologoa izango nintzateke.
- Lanetik ateratzean gogoko dut… mendira joatea; kontzertuak, dantza eta performanceak ikustea; lagunekin egotea; eta baita etxean lasai egotea ere.