Egun, Espainiako Estatuan herritartasuna lortu nahi duten atzerritarrek egiaztatu behar dute bizi diren lurraldean errotuta daudela. Errotze mota desberdinak daude, baina soziolaborala eskatzea da ohikoena: kasu horretan, bi urteko errolda –hiru ziren maiatzean araudia aldatu aurretik– eta laneko kontratua edo eskaintza egiaztatu behar dira. Paperak lortzeko bidea zaila eta luzea da, eta tramiteok are konplexuagoak dira helmugako herrialdeko hizkuntza menperatzen ez duten pertsonentzat. Eibarren (Gipuzkoa) duen bulegotik, Hafsa Fenehara (Ujda, Maroko, 1999) abokatu azkoitiarrak bide horretan laguntzen ditu hainbat herritar, gertutasunaren berme bikoitzarekin, gainera: arabieraz hitz egiten du eta paperak lortzeko bidea ibili behar izan zuen berak ere.
Nolatan erabaki zenuen Zuzenbidea ikastea?
Betidanik izan dut interesa Zuzenbidean. Beste hainbat ikasketa egitea baloratu eta gero, ondorioztatu nuen Zuzenbidearen bitartez aukera gehiago izango nuela nire trebetasunak erakusteko.
Noiz ireki zenuen kontsulta, eta zer-nolako harrera izaten ari da?
Apirilean hasi nintzen Eibarren, baina aurretik Azpeitian egon nintzen, han nuen bulegoa. Masterra egiten ari nintzela hasi nintzen Azpeitiko bulegoan, 2022aren bukaeran. Tramite errazagoekin hasi nintzen, eta pixkanaka, gero eta kontu konplexuagoak lantzen joan naiz. Azkoitia eta Azpeitia inguruan etxebizitza topatu ezinda ibili nintzen, eta horregatik etorri nintzen Eibarrera, aukera sortu zitzaidalako.
Etxebizitza larrialdiak eragindako aldaketa, beraz.
Bai, argi eta garbi. Baina, tira, hemen atzerritar gehiago dago, herri handiagoa da, eta horrek aukerak zabaltzen dizkit. Hala ere, ez zen nire helburua, han nire bezeroak nituen.
Zaila izan da negozio propioa martxan jartzeko prozesua?
Azpeitian errentan hartuta nuen bulegoa, eta errazagoa zen. Zelai Luze eraikinean zegoen, eta han bulego pila bat daude; psikologoak, abokatuak... Horregatik, tramiteak errazagoak ziren. Baina hemen, Eibarren, zailtasun gehiago izan ditut. Prozedura ez da zaila, legeak zehazten dituen gauzak egin eta listo, baina gastu ekonomiko handia dakar.
"Etxebizitza da paperik ez duten pertsonentzat arazo handiena"
Zer zerbitzu eskaintzen dituzu edo zer kasu mota lantzen dituzu?
Batik bat atzerritartasunarekin lotutako espedienteak eramaten ditut, administratiboak zein judizialak. Hau da, atzerritarren erregularizazio prozesuetan parte hartzen dut. Hori da nire bezeria garrantzitsuena, eta horrez gain, zuzenbide zibila eta zigor zuzenbidea ere lantzen ditut.
Zu zeu Marokon jaio zinen, eta umetan etorri zinen Azkoitira, 6 urterekin. Horrek eragina izan al du hartu duzun norabide profesionalean?
Zalantzak nituen bi graduren artean: Itzulpengintza eta Interpretazioa ala Zuzenbidea. Azkenean, Zuzenbidearen aldeko hautua egin nuen, azken finean, atzerritarra naiz, eta nahiko aktiboa, beraz, uste dut ez nintzela guztiz errealizatuta sentituko Itzulpengintza eta Interpretazio gradua egiten. Gainera, ni atzerritarra naiz eta iruditzen zitzaidan nire bezeroen lekuan jartzeko gaitasuna emango zidala horrek. Beraien arazoak ulertzeak eta beraien hizkuntza hitz egiteak asko lagunduko zidala iruditzen zitzaidan, eta egia esan, horrela izaten ari da. Arabieraz egiten duten bezeroekin beraien hizkuntzan komunikatzea oso garrantzitsua dela uste dut; azken finean, atzerritar asko hemengo abokatu batengana joaten dira, eta beraientzat arazo handia da ondo ez ulertzea, transmititu nahi dutena ondo komunikatu nahi dute.
Zeintzuk dira herritartasunik ez duen pertsona batek izaten dituen oztopo nagusiak?
Etxebizitzaren bueltan kokatzen da paperik ez duten pertsonentzat arazorik handiena, paperak lortzeko etxebizitza behar baitute. Begira zer arazo izaten dituzten paperak dituzten pertsonek etxebizitza bat eskuratzeko, bada imajinatu paperik gabeko norbaitek izan ditzakeen arazoak: ez du kontraturik, agian ezin du egiaztatu diru sarrerak dituela... Etxebizitzarik ez baduzu, ezin zara erroldatu, eta erroldarik ez baduzu, ezin duzu egiaztatu bi urtez bizi izan zarela hemen.
"Garrantzitsua da arabieraz egiten duten pertsonekin beraien hizkuntzan aritzea"
Irteerarik gabeko labirinto bat dirudi. Zeintzuk izan daitezke aterabideak?
Paperak eskuratzeko errotzea egiaztatu behar da, eta hori lortzeko, derrigorrez, bi urtez bertan erroldatuta egon behar duzu. Hortik aurrera, kasuaren araberakoa da: lan eskaintza dutenek, adibidez, kontratu horren bidez lortzen dituzte paperak. Lan eskaintza diodanean, zera esan nahi dut: enpresaburu batek konpromiso bat hartzen du idatziz, zeinetan adierazten duen pertsona hori kontratatuko duela paperak lortzen dituenean. Halako eskaintzarik ez daukaten pertsonek formakuntzaren bitartez lor ditzakete paperak; errotze sozioformatiboa deritzo horri.
Hain justu, atzerritartasunaren araudi berria argitaratu da gaur [maiatzak 20] Estatuko Aldizkari Ofizialean. Hor jasotzen diren aldaketak onerako direla uste duzu, ala alderantziz?
Oro har, onerako direla uste dut. Baina, hala ere, bada talde bat kalte handiak sufrituko dituena lege horren ondorioz: asilo eskatzaileek ezingo dute errotzerik eskatu.
Bezeroek zuregana jotzen dutenean, zer kezka edo zalantza izaten dituzte nagusiki?
Etxebizitzaz gain, enpresekin izaten dituzte kezkak. Agian enpresa batek lana eskaini nahi dio atzerritarrari, baina enpresaburuak ez daude ondo informatuta, ez dakite zer baldintza bete behar dituzten, eta batzuetan beldur dira atzerritar bati kontratua eskaintzeak ekar ditzakeen ondorioez. Mesfidantza hori asko sufritzen dute atzerritarrek, zeren, askotan, eskaintza galtzen dute.
Aipatuko al zenuke bereziki eragin dizun kasuren bat?
Imajinatu 17 eta 18 urte arteko gazte iritsi berriak: kalean bizi dira lehenengo hilabeteetan, eta goserik ez pasatzeko, batzuek delitu txikiak egiten dituzte, janaria edo dirua lapurtu, adibidez. Gazteak eta iritsi berriak dira, ez dakite horrek zer ondorio izan ditzakeen. Horrelako kasu bat izan dut. Gazte bat da, ofiziozko abokatu bat esleitu zioten, eta fiskalarekin tratu bat eskaini zioten: zigorra eten zezakeen, eta horrela espetxea saihestu. Hori gertatu ostean jo zuen nigana, pentsatuz libre zegoela, aurrekari penalik gabe, eta paperak lortu nahi zituen. Dena prest geneukan espedientea osatzeko, baina badaezpada, bere aurrekari penalak eskatu nituen. Orduan ikusi nuen aurrekariak indargabetu gabe zituela. Lur jota geratu zen, bizitza izorratu ziotela esaten zuen. Eta, nire ustez, bere garaian ondo informatu bazuten, dena askoz hobeto joango zitzaion eta paperak eskuratu ahal izango zituen. Agian, berarentzat hobe zen espetxean hilabete batzuk igarotzea, gero aurrekaririk ez izateko. Oso gogorra da legeak agintzen dituen bi urteak pasatu eta gero, asko sufritu ostean, aurrera egin ezinda geratzea.
"Orain, jendea kezkatuta dago, ez dago prest desberdina den hori onartzeko"
Arazoak izaten al dira jatorrizko herrialdean egindako ikasketak hemen baliozkotzeko?
Prozesu gogaikarria eta luzea izaten da, arazo bat da, egia esan. Dokumentazio konplexua eskatzen dute, eta gainera, prozedura hasteko oztopo handiak daude: txandetan arazoak, eskaera telematikoak erantzuteko denbora pila bat... Bitartean, kualifikatutako pertsonak prestakuntzarik behar ez duten lanetan ari dira.
Eibartik Azkoitira salto eginda, zein esango zenuke dela atzerrian jaio eta Azkoitian bizi diren herritarren egoera, ezagutzen baduzu?
Ni zuzenean Azkoitira etorri nintzen, gaur egun han bizi dira nire gurasoak, eta han bizi izan naiz ni ere duela sei hilabete arte. Nik bizi izan dudanean oinarrituta, esango nuke Euskal Herrian dagoen kuadrillen joera hori dela oztopo handienetako bat. Kuadrilla kontzeptuak oso polita dirudi, baina talde itxia da. Atzerritar batentzat berez zaila da integratzea, izan hizkuntzarengatik edo ohitura eta kultura desberdinak dituelako, bada, gainera, kuadrillaren hesia gainditu behar du. Azterketa bat egitearen antza du batzuetan, eta bazterketaren lehenengo fasea izan ohi da.
Mundu zabalean ugaritzen ari dira diskurtso arrazista eta xenofoboak. Etorri al zaizu inor diskriminazio egoera arrazista bat jasan duela salatzera? Edo antzeman al duzu halako diskurtsoen goraldirik inguruan?
Bai, noski. Orain bi urtetik honako egoerak ez du zerikusirik ni etorri nintzenean topatu nuenarekin. Orain, jendea kezkatuta dago, edo gogaituta agian, eta jada ez dago prest beste kultura bat onartzeko, desberdina den hori onartzeko. Esango nuke immigrazioa hazi delako gertatzen ari dela hori, baina normala da, mundu globalizatu batean bizi gara. Bulegora etorri izan zait jendea galdezka horrelako kasuetan zer egin dezaketen, ea demandarik-edo jar dezaketen. Adibidez, Bilbon ikasten duten neska batzuk etorri ziren, unibertsitateko komuneko paretan beren kontrako pintaketak azaldu zirelako, beloa gure unibertsitateetatik kanpora aldarrikatzen zutenak. Hori gorroto delitua da, eta jendeak jakin behar du bere eskubidea dela salatzea.
Motzean:
- Adina: 26 urte.
- Abokatua ez banintz... edozer, zenbakiekin zerikusia duen lanbide bat salbu! [barrez] Ingeleseko irakaslea, adibidez.
- Lanetik ateratzean gogoko dut… berria da niretzat, baina etxean egotea!
- Azkoitiko txoko bat aukeratzekotan… Aizkibel kalearen parean dagoen parkea. Marokotik etorritakoan haren inguruan jarri ginen bizitzen, eta denbora pila bat eman nuen parke horretan. Oso oroitzapen onak ditut.
- Epaiketa batean pertsonaia edo kausa zehatz bat defendatzeko aukera izango banu… gaitasuna izango banu, gustatuko litzaidake egunen batean Palestinaren kausa defendatzea.