Erregaia herriratu zuen lehenengoa

Ane Olaizola 2025ko uzt. 25a, 09:00

Ibaiondoko gasolindegia, egun. (Argazkia: Ane Olaizola)

Azkoitiko aurreneko gasolindegia da Ibaiondo kalean dagoena, eta mende oso bat igaro da haren fundatzaile Gregorio Zabalak herrian aurreneko erregai hornigailua jarri zuenetik, Plazaberrin. Herriaren bilakaeraren beraren lekuko, hamaika istorio eta anekdota gordetzen ditu zerbitzugune horrek. Ekaineko Azkoitia Guka aldizkariko erreportajea da honako hau.

Autoa edo motoa duen edonork ikusiko zituen inoiz herrigunean dagoen gasolindegiko hormetan haren aspaldiko irudiak, Gorka Larrañaga margolari, marrazkigile eta muralistak 2021ean egindakoak. Gasolindegiak mendeurrena ate joka zuelako apaindu zituen hark azpiegitura horretako paretak, eta marrazki horien bidez irudika daiteke aurreko gizaldiko aurreneko hamarkadetan herritarrek nondik eta nola hornitzen zituzten artean hastapenetan ziren motordun ibilgailuak. Horma gaineko zuri-beltzeko bidaia hitzekin xehatzeko, berriz, Juan Bautista Mendizabal herriko kronista ofizialak eta Imanol Mujika artxibozainak ikerketa lan bat gauzatu zuten gasolindegiaren mendeurrenaren harira, eta haren historia jasotzen duten hainbat panel informatibo ere txertatuta daude paretetan orduz geroztik, hamaika istorio eta anekdota gordetzen dituen negozioa ere izan delako eta badelako hura; baita herriaren bilakaeraren lekuko zuzena ere. 

Gasolindegiaren historia gogora ekartzen hasita, ezin da Gregorio Zabala Arenas aipatu gabe utzi. Ekintzaile eta enpresaburu hura izan zen herriko lehen gasolindegia martxan jartzeko aurreneko alea jarri zuena, aurreko mendearen bigarren hamarkadan. Ibilgailuen garaje jarduerarekin eta horien osagarrien salmentarekin hasi zen hura Plazaberrin negozioan, lehengo Alameda tabernaren eta Arizmendi farmaziaren ondoan. Hain zuzen, leku horretan bertan egon zen Azkoitiko lehenengo gasolina hornigailua. Zabalak negozioa martxan jarri zueneko datu zehatzik ez dago, baina udal artxiboan dagoen gasolindegiaren lehen erreferentzia 1924. urtekoa da, Industria Matrikula deitutako zergaren ordainketari zegokiona. Dena den, udalak egindako artxibo lanaren arabera, baliteke Zabalak aurreko urtean zabaldu izana aurreneko hornigailua han. 

1942an, berriz, Raimundo Alberdi arkitekto azkoitiarrak gasolina hornigailua Plazaberritik egungo kokalekura, Ibaiondora, lekualdatzeko proiektua aurkeztu zuen –gasolindegiaren egungo hormetan ikus daitezke zerbitzugune haren proiektuaren planoa eta Ibaiondora lekualdatzeko proiektuaren planoa–. Garai hartan, saihesbide izaera zuen kale hark, eta Zabalak urte hartan bertan lekualdatu zituen garajea, mekanikako tailerra eta hornigailua egungo gasolindegiaren lekura. Dena den, Plazaberriko gasolina hornigailuak indarrean jarraitu zuen 1953. urtera arte behintzat, eta horren erakusgarri dira urte horretan izan ziren uholdeen hainbat argazki, gasolindegiko hormetan bertan ere ikus daitezkeenak: batetik, herriko hainbat mutiko agertzen dira gasolindegiaren inguruko zubian, uholde horietan, eta urrutira ikus daitezke gaur egun desagertuta dauden hainbat eraikin, hala nola egungo gasolindegiaren ondoan zegoen Olimpia zinema aretoa eta garaiko Berdura Plaza. Bestetik, urte hartan izan ziren uholdeen eraginez Zestoan hil ziren azkoitiarren aldeko hiletako argazkietan ikus daiteke Plazaberriko hornigailua zutik zela. 

Etxeko negozioa

Uholde haietan bezala, orduz geroztik ere euri asko egin du han-hemen, eta gasolindegiaren irudia oso bestelakoa da gaur, bilakaera handia izan baitu zerbitzugune horrek azken hamarkadetan; zentzu askotan, gainera. Horren lekuko izan da, esaterako, Zabalaren biloba den Mari Carmen Soraluze, hark lehen pertsonan ezagutu baititu gasolindegiaren lehena eta oraina. Autoak eta ibilgailuak familian eguneroko ogi ziren horretan, Soraluzek ondo gogoan du etxean "zeharo normala" zela giro hori. Hura neska koskorra zenerako, bere aitonaren lekukoa hartu zuten haren seme-alabetako bik; Patxi Zabalak eta Ramona Zabalak –Soraluzeren amak–, eta haiek izan ziren gasolindegia aurrera eramateko ardura izan zutenak negozioaren bigarren belaunaldian. Ramonaren alabak ondo gogoan du bere amak suertatzen zen edozer zeregin egiten zuela gasolindegian, eta baita haren ondoan zegoen ibilgailuen osagarrien saltokian ere, emakumeek halako lekuetan lan egitea guztiz ezohikoa izanagatik garai hartan: "Gure etxean, ordea, amak normaltasun osoz jarduten zuen horretan, harentzat normala baitzen mundu hori, txikitatik etxean jaso zuena". 

Plazaberriko hornigailuak indarrean jarraitu zuen 1953. urtera arte behintzat

70eko hamarkadaren hasiera aldera batu zen Bernardo Plazaola gasolindegira, eta hura izan zen ondorengo belaunaldiko langileetako bat. Plazaolak oroitzen du lanean hasi zenean zeuden makinak "oso zaharrak" zirela, eta gasolina hornigailuek eskuz funtzionatzen zutela: "Biradera batzuei eragiten genien gasolina ateratzeko. Lehenengo, bost litroko depositu bat betetzen genuen, eta iturria irekitzen genuen erregaia autora sartzeko". Makina elektrikoek ordezkatu zituzten gero hastapeneko gailu haiek, eta horrek asko erraztu zien beharginei eginbeharra. Dena den, azaldu du sasoi hartan "beti" izaten zela arazoren bat: "Askotan gertatzen zen norbaitek gasolioa bota beharrean, gasolina botatzen ziola, edo alderantziz. Izan ere, lehen pistola bakarra erabiltzen zen ibilgailu mota guztietarako, orain ez bezala". 

Hiru gasolina hornigailu zituzten gasolindegian, baita motoentzako "nahasgailua" zeritzoten beste makina bat ere. "Motoei batera bota behar izaten zaie olioa eta gasolina, eta tresna horrek bi gauzak bateratzen zituen, bezeroak eskatutako neurrian", dio Plazaolak. 

Oso bestelako lana zen duela mende erdikoa, baita "ordu askotakoa" ere, Plazaolak dioenez. Izan ere, asteko zazpi egunetan 24 orduz ematen zuen zerbitzua gasolindegiak, eta langile ohiak berretsi du noiznahi zegoela egitekoren bat; pasarte ugari ditu gordeta hark memorian: "Izaten zen hornigailuaren pistolaren mangera artean autoan sartuta zuela gasolindegitik alde egiten hasi, eta makina arrastaka eramaten zutenik. Beste behin, autoa sutan zuela gasolindegira sartu zen gidari bat. Estutasun horretan, autoa gasolindegian geratu eta korrika alde egitea okurritu zitzaion". 

Bestelako oroitzapen batzuk ere baditu Soraluzek, hala nola gasolindegi eta saltokiaren aurrean "juntadizoan" egoten zirenekoa: "Gasolindegia beti irekita zegoenez, eguraldi ona egiten zuenean mahaia ateratzen genuen atarira, eta jendea elkartzen zen bertan. Bezeroren bat etortzen bazen, hari zerbitzua ematen genion, eta berriketara bueltatzen ginen. Irudi hark ez du gaur egungoarekin zerikusirik". 

Era berean, herriko hainbat pasarte beltzen lekuko ere izan da Ibaiondoko gasolindegia, besteak beste, 1953an eta 1983an gertatu ziren uholdeena. Soraluzek zein Plazaolak azaldu dutenez, "kalte handiak" izan ziren bietan ere, eta horren erakusgarri dira Soraluzek etxean gordeta dituen hainbat argazki. Hain zuzen, gasolindegia dagoen kalearen izenak, Ibaiondok, azpiegitura horren izana bera ere baldintzatu zien hango arduradunei, harik eta udalak ibaia drainatu zuen arte: "Ordura arte, askotan begiratzen genuen ibaia noraino zegoen igota, kezka handia sortzen zigun horrek. Gure amak ere beldur handia izaten zion ekaitzari". 

Iragana eginda, gerora begira

Gaur egun ez da hain ohikoa gasolindegiak herriaren erdian kokatzea; are, gainean etxebizitzak edukitzea. Baina Zabalak aurreko mendean hasi zuen bidearen erakusgarri da hori ere. Baimen guztiak lortuta, 2015ean obra oso bat egin zuten gasolindegian, eta besteak beste, laginak analizatu eta lurrari kutsadura kendu zioten. Horri dagokionez, gasolindegia "arriskutsua" den ustea gezurtatu nahi izan du Plazaolak, beti ere beharrezko neurriak hartzen badira: "Gasolinak berak ez du surik hartzen, baizik eta haren baporeak hartzen du; oxigenoak egon behar du horretarako, beraz, deposituaren barruan dagoen gasolinak ez du horretarako arriskurik, lur gainekoak baizik. Zentzu horretan, arrisku gehieneko unea kamioiak gasolina deskargatu behar duenekoa izaten da, baporearekin kontaktuan sartzen delako". Egun, gora doan hodi batek egiten du gasa kanpora ateratzeko lana, eta kamioiak berak beste bat izaten du, gasa jasotzen duena. 

Hiru hornigailu eta motoentzako "nahasgailu" bat zituzten hasieran gasolindegian

Gainera, hodiak edo deposituak presioa galtzen hasten badira, gasolindegia automatikoki geratu egiten da. "Lehen, ez zegoen halako teknologiarik. Halaber, depositua neurtzeko burdinazko haga bat sartzen genuen. Kontuz ibili behar izaten genuen burdina hondora ailegatzen zenean batez ere, kolpeka depositua zulatzeko arriskua zegoelako". Enpresaren laugarren belaunaldiari dagokion lantaldeko kideetako bat da Jon Larrañaga, eta hark azaldu du egun zundak daudela sartuta, eta horien bidez egiazta dezaketela deposituak nola dauden. Presioa ere zunda bidez kontrolatzen dute. Hain zuzen, hark adierazi du, duela hamar urte, obra egin eta astebetera, eten egin behar izan zutela gasolindegiaren jarduna, azpiegiturak presioa galtzen zuelakoan; "alarmak piztu ziren, eta azkenean jakin genuen torloju bat askatu zelako haizea galtzen zuela". 

Larrañagaren arabera, gaur egun erregaitik ateratzen duten irabazia handiagoa da duela urte batzuk ateratzen zutenaren aldean, baina azpimarratu du azken urteetan ugaritu egin dela inguruko gasolindegien kopurua ere, batez ere autozerbitzuei dagokiena. "Gaur egun, gutxiago saltzen da, eta azken hamarkada pasatxoan aldaketa handia antzeman dugu horretan". Aurreko belaunaldikoek gaineratu dute herrian saihesbidea egin izanak ere eragin handia izan zuela bezeroen joan-etorrian, eta beraien garaian ez bezala, egun enpresa txikiek zein garraiolariek beren depositu propioak dituztela: "Gure garaian, bezero bat astean bizpahiru aldiz etor zitekeen emanaldi bakoitzean 4.000-5.000 litro betetzera". Larrañagaren arabera, gaur egun, egunean 130 bat ibilgailu hornitzen dituzte. 

Erregai fosilak eta, ondorioz, horien prezioa pil-pilean diren honetan, bakoitzak bere modura begiratzen dio sektorearen geroari. Soraluze lasai agertu da, uste duelako horiek ordezkatuko dituen "zerbait" asmatuko dutela, eta bide horretan, Larrañagak dio erregai sintetikoa dagoeneko badagoela; ordea, Plazaola ziurgabe da: "Beti besteek zerbait asmatu zain gaude, baina horrek akabera txarra dauka. Ni umea nintzenean, herrian bi auto besterik ez zeuden, eta Azpeitira zaldiz joaten ziren rekadistak ere bi ziren. Beharbada, mende bat barru, lehengora itzuliko gara". Gaurko belaunaldikoek ikusiko dute, agian, hurrengo gizaldian nola garraiatuko diren, eta Zabalak aurreko mendean bizi izan zuenarekin antzik ba ote duen. 

Argazkiak: udal artxiboa eta utzitakoak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide