Hitz bitan

Xabi Albizuri: "Asko estutu dut neure burua eta une gogorrak pasatu ditut"

Mailo Oiarzabal 2025ko uzt. 4a, 09:05

Xabi Albizuri, irabazitako garaikurra eskuan duela. (Mailo Oiarzabal)

Marka egin du Latz Tabernak. Zarauzko Hondartzako Futbol Txapelketaren Kopa irabazi du Azkoitiko taldeak; Zarauzko plaieroen 80 urteko historian garaipena lortu duen Azkoitiko lehen taldea da. Lorpenaz harro eta bere buruari jarritako "presioa" kenduta, pozik dago Xabier Albizuri (Azkoitia, 1998), taldearen entrenatzailea. Ekaineko Azkoitia Guka aldizkarian argitaratutako elkarrizketa da honako hau.

Zarauzko plaieroetan Kopako finala irabazi duzue. Faboritoak al zineten?

Ez. Inoiz ez gara izan faboritoak, eta finalean gutxiago. Ligari gaizki ekin genion eta aurki galdu genituen aukerak. Kopan, beti estu eta larri, baina finalera arteko kanporaketak gainditzen joan ginen. Talde beterano baten kontra jokatu genuen finala [Kosta Hortz Klinika], eta kiniela guztietan besteak ziren faboritoak. Faborito ez izatea geure alde erabili genuen, aurkariak ezustean harrapatzeko eta hasieratik egurrean ateratzeko. 25. minuturako 3-0 ari ginen irabazten. Baina gero pixka bat txapabera egin genuen: 3-1, 3-2... 4-2 jarri ginen eta ematen zuen dena eginda genuela, baina berriz ere txapabera: 4-3, eta, bost minuturen faltan, 4-4. Luzapenik egoten ez denez, penalti jaurtiketetan erabaki behar izan genuen dena. Beste final guztiak bukatuta zeuden ordurako, denak guri begira... Azkoitiko jende mordoa joan zen ikustera, partida 09:00etan zela kontuan izanda. Ederra izan zen irabaztea, eta ondorengo ospakizuna ere bai.

Nondik sortu zitzaizuen Zarauzko hondartzako txapelketan parte hartzeko asmoa?

Kuadrillako afari baten bueltan sortu zen kontua. Lehenengo urtea katxondeo bat izan zen, egundoko astinduak jaso zituzten; plaieroetako meme bihurtu ziren, nolabait. Neu bigarren urtean sartu nintzen taldean. Afari baten bueltan sortu zen aukera hori ere. Taldekideekin joaten nintzen kiroldegira futbolean jokatzera; entrenatzailea behar zutela eta animatzeko eskatu zidaten. Ahozapi batean sinatu nuen. Hasieran erdi-txantxetan hartu nuen gauza bat gustatzen joan zitzaidan, eta aurtengoan nahiko presio jarri diot neure buruari.

Zergatik, presioa?

Laugarren urtea genuen, eta txapelketa horretan lehiatzeak eskatzen duen ahalegina ez da bera azkoitiarrontzat eta zarauztarrentzat. Urteen zama antzematen hasita geunden, nahi genuen zeozer polita egitea eta urrutira iristea. Finalen eguneko argazki zaharrak ikusten hasi nintzen, eta pentsatzen ere bai, ederra izango zela Azkoitiko talde bat egun horren parte izatea. Horrekin asko estutu dut neure burua, eta une gogorrak ere pasatu ditut.

Ba al zenuen esperientziarik entrenatzaile lanean?

Zero. Nire egitekoa izan da taldea motibatuta mantentzea, partidetan aldaketak-eta ahalik eta ondoen kudeatzea, eta kito. Artaldea zaintzea eta sasoi osoan fin eustea, finean.

Urritik maiatzera bi astean behin igande goizetan Azkoititik Zarautzera jokatzera joateak eskatzen du konpromisoa, ezta?

Bai, baina beti esaten dut ez dela beste leku batzuetan aritzearen parekoa. Guk ez dugu entrenatzen, konpromiso bakarra da partida dagoenean prest egotea.

Zarauzkoak edo kostakoak ez ziren zenbat taldek jokatu dute aurten?

Duela urte batzuk Azpeitiko eta Zestoako taldeek ba omen zuten parte hartzeko joera, baina azken urteetan galdu egin da hori. Gaur egun, mutiletan Getariako talde bat eta gu gara Zarauztik kanpoko bakarrak; eta nesketan ere, Orioko talde bat kenduta, denak dira Zarauzkoak. Geure artean aipatu izan dugu beste talde denak bertan 'jaiotakoak' zirela, txiki-txikitatik hondartzan jokatutakoak, eta gu ez.

Datorren denboraldian zer? Ligaren bila?

Oraindik ez dakigu. Badakigu pare bat kidek ez dutela jarraituko. Gelditu, afari bat egin denok, eta datorren urterako asmoez hitz egin beharrean gaude. Neuk, pertsonalki, sentitzen nuen presio hori kendu dut gainetik, lortu dugu nahi genuena. Orain, atseden hartzea dagokigu.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide