Iban Larrañaga, 'Erremontari'-Sagardoaren Txapelketako txapeldunorde

Andoni Elduaien 2025ko eka. 17a, 09:14

Larrañaga, ezkerrean, eta Urriza, eskuinean. (Erremontari/EITB)

Erremontista azkoitiarrak eta Javier Urrizak bi joko eta huts galdu zuten atzo Hernaniko (Gipuzkoa) Galarreta pilotalekuan jokatutako finala. Bi jokoetan izan zuten Urrizak eta Larrañagak lehia orekatzeko parada, baina une oro nagusi izan ziren Aldabe eta Barrenetxea txapeldunak.

Iban Larrañaga erremontista azkoitiarrak galdu egin zuen atzo, astelehena, 'Erremontari'-Sagardoaren Txapelketako finala, eta horrenbestez, txapelketako txapeldunorde izendatu zituzten hura eta Javier Urriza. Petritegi sagardotegia ordezkatu duen bikoteak Oialume Zar sagardotegiko Kemen Aldabe eta Endika Barrenetxea Barrenetxea IV.a izan zituzten arerio, eta bi jokotan menderatu zituzten, 9-15 eta 7-15.

Galarreta jendez lepo bete zen atzoko hitzordua ikusteko. Aurreneko jokoan, gorabehera handiak izan zituen lehiak, baita markagailuak berak ere. Aldabek eta Barrenetxea IV.ak sei tanto egin zituzten jarraian, eta abantaila ederra hartuz, 1-6 jarri ziren aurretik. Nolanahi ere, laster iritsi zen Urrizaren eta Larrañagaren erreakzioa, eta markagailua irauli zuten. Ondorengo tantoak izan ziren parekatuenak; izan ere, bederatzina jarri eta gero, Aldabek eta Barrenetxeak lehia hautsi zuten, sei tanto jarraian egin eta finaleko lehen jokoa irabazita.

Urrizari eta Larrañagari asko kostatu zitzaien jokoaren ekimena hartzea, eta sakez ere min handiegirik ez zuen egin Azkoitikoak. Aldiz, zuzen aritu zen atzeko koadroetan Barrenetxea eta erasokor Aldabe, azken horrek airez sartzeko abagune oro baliatu baitzuen tantoari erritmoa bizitzeko. 

Bigarren jokoan jarri zuten itxaropena gorriek; baina, bigarrenenean ere argi nagusitu ziren urdinak. Jokoari ekin orduko ireki zuten tartea markagailuan Aldabek eta Barrenetxeak (1-6), eta gero, ondo eusten jakin zuten. Urriza eta erremontista azkoitiarra hiru tantora ere gerturatu ziren (5-8 eta 7-10), baina txapeldunek bost tanto egin zituzten gero jarraian, txapela lortzeko bigarren jokoa lortzeraino.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide