"Instrumentu oso intimoa eta pertsonala da ahotsa"

Julene Frantzesena 2025ko uzt. 1a, 09:36

Goretti Eizagirre. (Julene Frantzesena)

Lotsatitzat du bere burua, baina ahotsa jendaurrera ateratzen duenean sentitzen duena "izugarria" dela adierazi du. Kantu ikasketak egina da kontserbatorioan, eta egun Bizkargi musika eskolan aritzen da kantu eskolak ematen. Musika lirikoa da bere pasioa. Maiatzeko Azkoitia Guka aldizkariko elkarrizketa da honako hau. 

Bizkargi musika eskolan berria da Goretti Eizagirre (Zarautz, 1998), ikasturtearen hasieran ekin baitzion han kantuko eskolak emateari. Musikagintzan, baina, eskarmentu handia du gazteak. Txikia zela hasi zen pianoa ikasten, baita ahotsa lantzen ere, eta goi mailako ikasketak egin ditu Madrilen, kontserbatorioan. Amets batzuk bete ditu dagoeneko, baina beste batzuk betetzeko irrikaz dago.

Zer moduz Azkoitiko musika eskolan?

Irailean hasi nintzen Azkoitian lanean. Joan zen udan, Zarautzen eskaini nuen kontzertuaren ostean, kantuko irakaslea behar zutela esan zidan Laura Cubos Bizkargiko piano irakasleak –nire irakaslea ere izan zen–. Neure baitan pentsatu nuen irakaskuntza ere gustatzen zaidala, eta onartu egin nuen eskaintza. Gainera, irakaskuntzako masterra bukatzen ari naiz, eta beraz, pare-parean etorri zitzaidan aukera.

Irakasle lanetan ari zaren aurreneko aldia al da?

Teoria ematen aritutakoa naiz; goi mailako gradurako sarbide proba prestatzen laguntzen aritu izan naiz. Dena den, kantuko eskolak ematen ditudan lehen aldia da. 

Zer moduzko esperientzia ari da izaten?

Oso ona. Asko ari naiz ikasleengandik ikasten, eta pentsatzen dut beraiek ere ariko direla nigandik zerbait ikasten... [barrez]. Ahotsa instrumentu oso intimoa eta pertsonala da; zugan dago. Barruan daukagu, eta aldarteak asko eragiten du ahotsean. Entrenatu daiteke, noski, baina burua lantzea ere eskatzen du. Abeslari bat nola trebatu jakin egin behar da, eta hori kontuan hartzen saiatzen naiz. Izan ere, pertsona bakoitza eta ahots bakoitza desberdinak dira, eta bakoitzaren bizipenak ere bai. Entzuten ere jakin egin behar da. 

Zer adin dute zure ikasleek? 

Txikitxoak dira, 13 urteren bueltakoak gehienak. Ikasle heldu batzuk ere baditut, baina gutxi dira, eta desberdina da haiekin lan egitea. Esperientzia oso-oso ona ari da izaten; izan ere, ikasleak eskertuta ikusten ditut, motibatuta; nabaritzen zaie egiten dutena gustatu egiten zaiela. 

Zer gustatzen zaie abestea?

Gehienei euskal kantak gustatzen zaizkie, baina euskal abesti modernoak. Izaro eta Bulego, adibidez, pila bat gustatzen zaizkie. Huntza, Zetak, ETS... Euskal Herriko taldeak atsegin dituzte. 

Zuk, ordea, musika klasikoa abesten duzu...

Bai, lirikoa. Kantua ikasten hasi nintzenean, musika modernoa ere kantatzen nuen, pila bat gustatzen zitzaidalako. Bilbon ikasteari ekin nionean, irakasleak zer abestu nahi nuen galdetu zidan, eta Miley Cyrus erantzun nion; barre egiten zuen hark. Gerora esan zidan musika lirikoa abestuz bizi ahal izango nuela, eta pixkanaka, musika mota horrekin maitemindu nintzen. 

Haurrekin nola landu behar da ahotsa? 

Oso-oso kontuz eta suabe. Musika lirikoa edo modernoa landu, oinarria berbera da.  

Kantatzen ikasterakoan, zer hartu behar da kontuan?

Kontuz ibili behar da haurren ahotsarekin, min handia eragin dakiokeelako. Fisikoa da ahotsa, eta zaintzen ez bada, ez du izaten erremediorik. Bestalde, oso garrantzitsua da oinarria ondo egitea, pazientzia handiarekin. Izan ere, batzuetan ondo abesten dute, haixatu egiten dira eta gehiago exigitzen diote beren buruari. Baina ez da hori kontua; behartuz gero min handiagoa eragiten zaio ahotsari. Oinarriak ondo egon behar du, modu osasuntsuan kantatzeko. 

Ahotsa prestatu egin behar da, beraz?

Bai. Lehengoan, honako konparaketa hau azaldu nien ikasleei: pianoa egurrezkoa da eta norbaitek eraiki du; ahotsaren egurra –materiala–, berriz, badaukagu, baina eraiki egin behar da. Gaizki eraikitzen baldin badugu, ez du ondo sonatuko, eta beraz, kontuz ibili behar da.

'Belarri txarra' duenak, zer?

Entrenatu egin behar da. Nik ez daukat bereziki belarri ona, baina musika eskoletan eta kontserbatorioetan hori ere lantzen da. 

Haurrek ba al dute musikarako zaletasunik Azkoitian?

Nire ikasleek, gutxienez, izugarria. Gainera, arreta deitu dit euskal musikarekiko duten grinak. 

"Ikasleak motibatuta ikusten ditut; nabaritzen zaie egiten duten gustatu egiten zaiela"

Nondik datorkizu musikarekiko zaletasuna? 

Txiki-txikitatik eta etxetik. Etxean musika pila bat entzun izan da, eta aitak bere kasa jo izan du pianoa. Gurasoek musikara bultzatu egin ninduten; 8 urterekin hasi nintzen piano eta solfeo eskolak hartzen, Zarauzko Bilaun akademian. Pianoarekiko maitasun ikaragarria sortu zitzaidan, pianoa babes bilakatu zen niretzat. Izan ere, oso lotsatia izan naiz betidanik. Etxera joan eta pianoa jotzen nuenean, babestuta sentitzen nintzen. 

Noiz hasi zinen ahotsa trebatzen?

Hasieran, piano ikasketak egitea pentsatzen nuen, baina etxean jabetu ziren abestea ere pila bat gustatzen zitzaidala. Naroa Enekotegirekin abesten hasi nahi al nuen galdetu zidaten gurasoek, eta Batxilergoko lehenengo eta bigarren mailen arteko udan ekin nion harekin Donostian trebatzeari. Hark esan zidan goi mailako kantu ikasketak egin nitzakeela, oinarri ona nuela eta. 

Zer ikasketa egin dituzu?

Selektibitatea egin nuen aurrena, eta gero, gradu profesionalari ekin nion Bilbon –kontserbatorioko goi mailako gradurako sarbide proba prestatzeko–. Ez nuen bukatu, ordea; sei urtekoak izaten dira gradu horiek, baina hiru urte eginda, Donostiako irakasleak [Enekotegik] esan zidan sarbide probarako prest nengoela. Probak egin, eta Madrilen hartu ninduten, Katarina Gurska kontserbatorioan. Kontserbatorio horretan lau urteko ikasketak egin nituen, unibertsitateko goi mailako graduaren baliokide direnak. 

"Fisikoa da ahotsa, eta zaintzen ez bada, ez du erremediorik"

Hautaproba han soilik egin al zenuen?

Ez, leku batean baino gehiagotan. Izan ere, horrek batean edo bestean hartzeko aukerak zabaldu egiten ditu. Plaza gutxi batzuk izaten dira toki bakoitzean, eta aukerak izatea nahi nuen. Nahi duzuna lortu nahi duzunean, dena ematen duzu, eta lortu nuen helburua. 

Gustura aritu al zinen kontserbatorioan?

Bai, oso. Irakasle izugarri onak izan nituen; denen maila goraipatuko nuke. Plazera eta zorte ikaragarria izan da han ikasteko aukera edukitzea. 2022an bukatu nituen Madrilgo ikasketak, eta Euskal Herrira itzuli nintzen.

Pianoa ez duzu inoiz albo batera laga. Zergatik?

Beti jarraitu nahi izan dut pianoarekin. Gainera, kontserbatorioan beti egoten da pianoa osagarria den ikasgairen bat. Katarina Gurskan, esaterako, piano ikasgaia derrigorrezkoa zen bi urtetan. Dena den, pianoa eta ahotsa ez dira gauza bera; pianoa beste mundu bat da. Pianoa oinarri oso ona da instrumentu guztientzat.

Sopranoa zara. Zer da sopranoa izatea?

[Barreak] Pertsona bakoitzak, eta abeslari bakoitzak, ahotsaren erregistro bat dauka; nota batetik beste batera iristen da, eta horiek dira norbere mugak. Gehiagora irits daiteke, baina behartuta. Norbere erregistro horren barruan egoten da ahotsa erosoago dagoen eta distira handiagoa egiten duen leku bat. Ondorioz, distira egiten duten lekuaren arabera banatzen dira ahotsak. Gainera, bereizi egiten dira gizonen eta emakumeen ahotsak: salbuespenak salbuespen, gizonek emakumeek baino zortzidun bat beherago abesten dute. Emakumeen kasuan, ahotsik grabeenari altua deitzen zaio, pixka bat altuagoari mezzosoprano, eta pixka bat altuagoari soprano. Horietako bakoitzaren barruan ere bereizi egiten dira ahotsak: dramatikoa da, adibidez, soprano grabeena; soprano lirikoa, berriz, pixka bat altuagoa da; eta nire ahotsa, liriko arina da, are altuagoa. Dena den, gaur egun aldatzen ari zait ahotsa.

"Adinarekin pisua hartzen du ahotsak, eta tonuari dagokionez, behera egiten du"

Zenbateraino alda daiteke ahotsa?

Adin tarte jakin batzuetan aldatzen da, adinean aurrera egin ahala. Pentsatzen dut sopranoa izango naizela bizitza osoan, baina ez dakit horren barruan zer aldaeratan kokatuko den nire ahotsa. Izan ere, adinarekin pisua hartzen du ahotsak, eta tonuari dagokionez, behera egiten du.

Lirikaren munduak zer du erakargarria?

Pila bat betetzen nau. Musika modernoa ere asko gustatzen zait, baina lirikak badu bereizgarri bat: ahotsa eta pianoa soilik izaten dira kantaldietan, eta hori ikaragarria da. Ez dakit musika modernoarekin lortuko ote nukeen lirikarekin sentitzen dudana sentitzea. Izan ere, ezin da deskribatu zer emozio sentitzen dudan. Dena den, uste dut musika batzuk ez direla deskribatu behar, sentitu egin behar direla. Adibidez, agertokira ateratzen naizenean edo nire burua jendez betetako Madrilgo Teatro Realean imajinatzen dudanean... Ikusten dudanean antzoki hori dena nire ahotsarekin eta mikrorik gabe bete dezakedala... Izugarria da.

Teatro Reala betetzea al da zure ametsa?

Bai, baina Bilboko Euskaldunan edo Donostiako Kursaalen aritzea ere bai. Teatro Reala aipatu dut, Madrilen ikasi nuelako eta handik ez nuelako irteten kasi. Lau urtetan opera pila ikusi nituen; antzokian bizi nintzela zirudien, nahiz eta etxe bat banuen [barrez]. 

Zergatik erakartzen zaitu operak?

Opera batean aritzea izugarria litzateke. Oso ederra da piano baten laguntzarekin bakarrik abestea, baina operak ere badu xarma: orkestra, interpretazioa, duetoak... Talde lana da. Oso gauza desberdina da, eta gustatuko litzaidake probatzea. 

Eskaini duzun emanaldi gogoangarriren bat?

Lehen kontzertua Zarautzen eskaini nuen joan zen udan, eta ez dut sekula ahaztuko. Izan ere, etxean bezala eta oso babestuta sentitu nintzen. Bestalde, udan Pontevedrara (Galizia) joan nintzen eskola magistral bat egitera. Hango irakasleak, Maria Jose Montielek, kontzertuan kantatzea gustatuko al litzaidakeen galdetu zidan, eta izugarrizko ilusioa egin zidan, bizpahiru lagunek soilik zutelako horretarako aukera. Oso urduri jarri nintzen, ordea, eta lanketa egiten dudan coach-arekin hitz egin nuen; buelta eman nion egoerari eta izugarrizko kontzertua izan zen. Konturatu nintzen ez nuela ezer frogatu behar, disfrutatu egin behar nuela.

Coach-ak zertan lagundu dizu?

Garrantzi handia du arlo mentalak. Landu dezakezu teknika eta egin ditzakezu interpretazio pila bat, baina ez bazara agertokian jendaurrean lasai egoteko eta egoeraz disfrutatzeko gai, alferrikakoa da dena. Gure buruak eragiten du ezin hori; izan ere, burua denbora guztian zer egin duzun ondo eta zer gaizki pentsatzen aritzen da. Horrela ezin da egon orainean, eta orainean ez baldin bazaude, ez duzu disfrutatzen; eta ikusleak ere ez du disfrutatzen, ikusi egiten baitu tentsioan zaudela. Beraz, coach-ak lagundu dit emozio horiek kudeatzen, baita ikasketen prozesua arintzen ere. Kontserbatorioko ikasketetara heldu arteko bidea gogorra da, ate pila bat jo behar izaten direlako eta erantzunen gehiengoa ezezkoa izaten delako. Askotan, besteen gustuko izan nahian, ez garen hori erakusten saiatzen gara, eta hortik arazo asko etortzen dira. Nik ez dut zortean sinesten; zortea bilatu egin behar da.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide