Biltegiak "hutsik" daudela eta, dohaintzak egiteko eskatu du Gipuzkoako Elikagaien Bankuak

Andoni Elduaien 2025ko mai. 21a, 12:54

Elikagai Bankuko kideak iazko azaroan egindako bilketan. (Utzitakoa)

Udaberriko bilketa egingo du etzi eta zapatuan Gipuzkoako Elikagaien Bankuak. Azkoitian Eroski eta BM supermerkatuetan jarriko dituzte postuak. Herritarren ekarpena "funtsezkoa" da erakundearentzat, bestela ezingo dute-eta udazkenera bitartean elikagairik banatu.

Gipuzkoako Elikagaien Bankuak janari eta bonu bilketa handia egingo du ostiralean eta zapatuan, eta Azkoitian ere egingo dituzte bilketak. Hain justu, Eroski eta BM supermerkatuetan jarriko ditu erakundeak herritarren ekarpenak jasotzeko postuak, 09:00etatik 21:00etara bitartean. 

Herritarrei "premiazko deia" egin die Gipuzkoako Elikagaien Bankuak, eta udaberriko bilketari begira "elkartasunez mobilizatzeko" eskatu du. "Biltegia hutsik" dagoela azaldu dute gobernuz kanpoko erakundearen arduradunek. Haien arabera, apalategiak egoera "kritikoan" daude; izan ere, dohaintza ekonomikoak, bonuak eta elikagaiak galtzeak, 450.000 kilo arteko defizita sor dezake aurten, 2024arekin alderatuta.

Hori horrela, udazkenera bitartean hileroko banaketarekin segitzea "arriskuan" ikusten dute. "Aurten, gutxienez, 350.000 kilo bildu behar ditugu udaberriko kanpainan. Lortzen ez badugu, ezingo ditugu banaketak bermatu datozen hilabeteetan", azaldu du Belen Mendez de Vigo Gipuzkoako Elikagai Bankuko presidenteak.

Urtero sasoi honen bueltan antolatzen du Gipuzkoako Elikagaien Bankuak bilketa handia, erakundearen egoitzetako apalategiak produktuz zein elikagaiz betetzeko eta horiek urte osoan zehar herriko pertsona zaurgarrienen artean banatzeko. Gaur egun, Elikagai Bankuak 17.202 pertsona artatzen ditu Gipuzkoan.

Deialdia boluntarioei

Herritarren ekarpenak jasotzen boluntario bezala lan egiteko prest egon daitezkeenei dei egin die gobernuz kanpoko erakundeak, bilketa handia egiteko jende gehiagoren beharra baitute. Laguntzen dutenek bi egunetako bateko txanda batean egon beharko dute. Boluntario bezala lan egiteko interesa dutenek 686 682 256 telefono zenbakira deitu beharko dute lehenbailehen.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide