Iñar Sastre eta Mixel Etxekopar, Udaberriko Musikaldiaren hirugarren kontzertuko protagonistak

Andoni Elduaien 2025ko mai. 23a, 09:00

Iñar Sastre. (Goierriko Hitza)

Ravel musikaria jaio zela 150 urte betetzen direla eta, haren doinuak eskainiko ditu bikoteak. Euskal instrumentu tradizionalak eta pianoaren erabiliko dituzte bi lagunek. 18:30ean hasiko da kontzertua, Santa Kutz komentuan.

Bihar, zapatua, 33. Udaberriko Musikaldiko hirugarren kontzertua entzuteko aukera izango da Santa Kutz komentuan. 18:30ean hasita, Mixel Etxekopar txistulari eta flauta nahiz gaita jotzaile gotaintarrak eta Iñar Sastre pianista irurarrak eskainiko dute kontzertua.

Ravel musikaria jaio zela 150 urte betetzen direla eta, haren doinuak eskainiko ditu bikoteak. Naturaren soinu zaharrenek musika garaikidearekin egingo dute bihar topo, inprobisazio musikalaren bidez. Horretarako, euskal instrumentu tradizionalak eta pianoaren erabiliko dituzte bi lagunek, Maurice Ravelen iruditegian egin ohi zuten bezala.

Mixel Etxekopar (Gotaine-Irabarne, Zuberoa, 1963) xirula jotzailea, multi-instrumentista, kantaria eta inprobisatzailea da. Zuberoako Mendialdeko Txorien Goi Mailako Kontserbatorioko ikasle ohia da, eta bere jarduna estuki lotuta dago euskal kulturarekin eta hizkuntzarekin. Musika tradizionaletik hasita, inprobisaziozko diskoak eta musika barrokoetaraino iristen diren proiektuak argitaratu ditu. Horrez gain, Xiru jaialdiaren eta Hebenetik elkartearen sortzailea da.

Iñar Sastrek (Irura, Gipuzkoa, 1986) Musikenen eta Parisko Goi Kontserbatorio Nazionalean ikasi zituen pianoa eta inprobisazioa. Egun, musika herrikoian, jazzean eta musika klasikoan lan egin ohi du. Zortzi disko kaleratu ditu bakarka, eta beste hainbat lan egin du askotariko talderekin batera. New Yorkeko Carnegie Hallen eta Berlingo Filarmonikan aritutakoa da Sastre, eta Laboa Katedra nahiz Musika Bulegoa sariak jaso ditu. Piano- jotzaile inprobisatzaile moduan, arte eszenikoekin elkarlanean aritzen da maiz, eta ikus-entzunezko ekoizpenetarako ere sortzen du musika. Gaur egun, Musikeneko irakaslea da.

Ohi bezala, doakoa izango da biharko kontzertua, eta emanaldira joateko doako autobus zerbitzua jarriko du udalak. 18:00etan abiatuko da autobusa Julio Urkixo kaleko 7. zenbakiko geralekutik —Eroski Consum ondoan—, eta kontzertua amaitzean, herrigunera itzuliko da. Autobus zerbitzua erabiltzeko ez dago aurrez izena eman beharrik. 

Hona hemen biharko kontzertuaren egitaraua:

  • Ma mère l’oye
  • Pavane pour une infante défunte
  • Oiseaux Triste
  • Alborada del Gracioso
  • Gaspard de la nuit
  • Zortzikoa
  • Idatzi gabe utzi zuen piano kontzertua: Zazpiak bat

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide