Laugarrenez, lorailarekin batera, Gipuzkoako Erroten Eguna ospatuko da aurten; estreinakoz, maiatzaren hemezortzigarrenean. Orain, eguna hitzordu bihurtuta, errotak ezagutzeko bisitak antolatzen dira han-hemen. Zenbaitzuk lehenengoz bisitatuko dute eihera: aurrenekoz ikusiko dute uraren eta harriaren arteko dantza, lehen aldiz entzungo dute haren kantua.
Kantua kontu, errota zaharrari abesten zioten Xabier Letek eta Lurdes Iriondok igarotako mendean: Errota zahar maitea / uraren ertzean, / uraren ertzean da / basati beltzean: / negar egiten dezu / alea txehetzean, / ni ere triste nabil / zutaz oroitzean.
Oroimenean gelditu dira, izan ere, mendeetan zehar gure etxeetan izan ditugun errota zaharrok. Bakan batzuk besterik ez daude egun erreka zuloetan, eta gutxiagok dihardute martxan. Eguzkia egunero jaio eta hiltzen den legez, gizartea aldatu da, nahitaez. XIV. mendetik kasik XX. mendearen erdialdera arte garrantzi handia izan du ur errotak gure bizimoduan. Gaur, ordea, ez dugu haren premiarik, antza.
Hauxe zen errotaren funtzioa: askotariko material sendoak birrintzea. Hala nola, arto edota gari aleak xehetuz irina lortzen zen, gero ogia egin ahal izateko.
Industrializazioaren ondorioz, aitzitik, ur erroten erabilerak behera egin zuen nabarmen, horiek ondare material bilakatzeraino. Hala, XXI. mendean ur erroten lekua hartu dute haize errotek. Lehenagokoek uraren bitartez lortzen bazuten energia, orain haize-errotek haizearekin lortzen dute hori.
Eta —agerikoa da—, ur errotak ez bezala, denon ahotan dabiltza azken boladan haize-errotok. Batzuk —enpresaburuak eta agintariak, nagusiki— horien aldeko aldarriak aireratuz; eta, beste asko, haize errotak gure mendietatik errotik aterako dituen haize bolada hauspotuz.
Kantak dioen modura, triste gabiltza, beraz, hangoak eta hemengoak: ur errotak ahanzturan ez gelditzeko lanetan batzuk; haize errotek gure mendiak ez suntsitzeko ahaleginetan beste hainbat.
Zerbait lortu nahi bada, hauxe baita patua: bizi garenok biraka jarraitzea, errotarriak zein helize zuriak nola. Bestela, esaera zaharrak dioen moduan, balizko errotan irinik ez.