Neoprofesional kategorian debuta egin berri duzu. Nolakoa izan zen esperientzia?
Asko gustatu zitzaidan. Gogotsu nengoen debuterako, eta emozio handia sentitu nuen. Boxeo munduan mailaz maila gora egitea izan da nire helburua hasieratik. Boxeoa maite dut, eta hori da nire inspirazioa.
Boxeoan aritu aurretik beste kirolen bat probatuko zenuen, ezta?
Beste kirol batzuk probatu ditut, borroka olinpikoa edo kickboxinga, esaterako. Baina nire erara aritu nintzen, inongo klubetan izenik eman gabe. Boxeoa praktikatzeko bai, klub batean izena eman nuen. Futbola eta halako kirolak ez zaizkit interesatu. Txikitan probatu nituen, baina adinean aurrera egin ahala, pisua altxatzen-eta aritu izan naiz. Alde fisikoa lantzea izan da beti nire helburua.
Zergatik erakartzen zaitu boxeoak?
Diziplinak eta beste borrokalariekin izaten den konfiantzak erakartzen naute. Lehen begi kolpean kirol latza dirudi, baina boxeolariak ez dira horrelakoak; pentsatzeko beste era bat dute, eta adikorrak ere badira.
Kanpotik kirol biolentotzat har daiteke.
Bai, bada biolentoa. Azken finean, kolpeak ematen ditugu. Baina politena borrokaldiaren amaiera izaten da. Errespetua erakusten diozu aurkariari, adeitasuna. Borrokaldia amaitzean aurkariari eskua ematen diozu. Ringean gertatutakoa ringean geratzen da; han amaitzen da.
Azkoitian bizi baza ere, Zumaiako klubean aritzen zara. Zergatik?
Zumaia Cuban Boxingen izena eman aurretik, beste gimnasio batzuk ere bisitatu nituen, baina inork ez ninduen onartu; onartu ninduen bakarra Ruben [Arredondo, Zumaia Cuban Boxingeko burua] izan zen, eta bertan geratu nintzen.
Zer da hura zuretzako?
Nire entrenatzailea eta nire mentorea da Ruben, edozeren gainetik. Denean laguntzen dit.
Boxeoa ez dira kolpeak bakarrik, taktikak ere garrantzia du kirol horretan. Zein da zure indargunea?
Kolpeak saihestea. Boxeoa praktikatzen daramadan denboran ikusmena zorroztu dut. Bista ona dut, eta badakit kolpeak saihesten. Hori dio nire entrenatzaileak.
Gogoan al duzu noiz egin zenuen debuta borrokaldi batean?
Hasieratik esan nion Rubeni nire helburua borrokatzea zela; behar adina entrenatuko nuela, baina borrokaldi baterako prest ikusten baninduen, aukera hori izan nahi nuela. Ikusten nuen banuela gaitasuna, eta entrenatzen hasi eta bizpahiru hilabetera igo ninduen ringera. Euskadiko Txapelketan debutatu nuen, 2021eko maiatzean, Bilbon, eta lehen round-ean irabazi nuen, aurkaria K.O. utzita. Borrokaldiaren aurretik urduri nengoen, komunera joateko beharra nuen une oro; urduritasuna kontrolatu behar izan nuen ringera igo aurretik. Entrenatzaileak esan zidan egindako lanaz fidatzeko, lasai igotzeko ringera. Behin borrokaldia bukatuta, round batean irabazita, izugarri ondo sentitu nintzen.
Ordutik zenbat borrokaldi izan dituzu?
Hemezortzi. Horietatik lau galdu ditut eta hamalau irabazi, horietako bost K.O. bidez.
Porrotetatik ere ikasten da.
Noski, nik epaileen lana onartzen dut. Ringean ikasitakoa eskertzen dut, eta izandako esperientzia ere bai. Azken borrokaldian aurkari gogorra izan nuen, eta berak ere onartu zidan ni ere hala izan nintzela berarentzako.
Non ikusten duzu zure burua etorkizunean? Boxeoan jarraitzeko asmorik ba al duzu?
Boxeoa kirol polita dela erakutsi nahi dut. Erakutsi bakarrik ez, kirola haztea ere nahi dut ni neu hor aurrean naizela. Eta mailaz igotzea lortzen badut, hobe.