Herriko merkataritza eta lehen sektorea herritarren erosketa ohitura berrietara egokitu dira Azkoitian. Errekauek zerbitzua martxan jarrita, azkoitiarrek eskuko telefono bidez ere egin ahal izango dituzte aurrerantzean erosketak beraien ohiko saltokietan. Errekauek: zuk erosi, guk eraman leloa da, hain justu, zerbitzu berri horren funtsa: Azkoitiko merkatarien eta ekoizleen produktuak erosi, eta horiek nahi den lekuan jaso.
Erosleei herriko saltokietara irisgarritasuna erraztea du xede proiektuak, eta nola ez, baita herriko saltokiei nahiz azokako ekoizleei salmenta bide berriak garatzen laguntzea ere. Xabi Aldalur Dendarteaneko teknikariaren arabera, "garai berriak" dira tokiko merkataritzarentzat ere, jendeak "erosketa ohiturak aldatu" baititu. Hain zuzen, joera horretara egokitzeko helburuarekin jarri dute martxan Errekauek. "Herriko merkatariek eta azokako ekoizleek bezeroen behar berrietara egokitzeko esfortzua elkarrekin egingo dute, zerbitzu bateratua eskainiz eta baliabideak partekatuz. Herritarrei Azkoitian bertan kontsumitzea erraztea da helburua, erosketak herrian egitera bultzatuz eta horiek jasotzeko modu berriak eskainiz", dio Aldalurrek. Hala, "bertakoa eta jasangarria" den erosketa eredua sustatu nahi dute, etorkizunera begira herrian "inpaktu positiboa" eragin dezan.
Martxotik dago abian zerbitzua. Baina, zein da bere funtzionamendua? Bada, oso erraza da. Herritarrak telefonoz eskatu ahal izango ditu nahi dituen produktuak. Horretarako, 688 81 87 77 telefono zenbakiarekin jarri beharko du harremanetan erosleak, izan Whatsapp mezu bat bidalita edota dei bat eginda.
Telefono horren bestaldean Errekauek zerbitzuko lantaldeko kideak egongo dira herritarren eskaerak jasotzen, eta horiek arduratuko dira, era berean, bezeroen eskaerak saltokiarekin kudeatzeaz. Saltokiak erosleak egindako eskaera prestatuko du, eta jasotzeko moduan dagoenean, Errekauek zerbitzuko banatzailea igaroko da saltokitik hura hartzera, hark, gero, erosketa herritarrak zehaztutako puntuan entrega dezan. Hain justu, erosleak hiru puntu izango ditu erosketa jasotzeko: norbere etxea, Berdura Plazako kontsigna eta saltokia bera.
Zerbitzua, ekipamendu guztiekin
Banaketa zuzen eta egoki egiteko, "guztiz prestatuta dagoen ekipamendu guztiak" ditu Errekauek zerbitzuak; izan ere, Azoka Plazako kontsigna produktu hotzak edota girokoak mantentzeko egokituta dago. Kontsignak dituen lau zutabeetatik bi giro tenperaturakoak dira, eta beste biak, hotzak. "Eskatutako produktuaren arabera, kontsignaren zutabe batean edo bestean utziko ditu banatzaileak eskaerak, produktua ondo mantenduko dela bermatuz".
Banaketak egin ahal izateko, berriz, auto elektriko bat erabiliko du zerbitzuko banatzaileak. Dena den, etorkizunera begira jarrita dago Errekauek, eta asmoa da triziklo elektriko bat ere banaketak egiteko erabili ahal izatea, batez ere "azken miliakoak" diren eskarien kasuan.
Ordainketa egiteko ere "erosotasun guztiak" eskainiko ditu zerbitzuak. Hiru modutara ordaindu ahal dute herritarrek: eskudirutan, txartelarekin edota transferentzia bidez. Eskatutakoa etxean jasotzen dutenek hiru modutara egin ahal izango dute ordainketa, eta kontsignan jasotzen dutenek, txartelarekin edo transferentzia bidez. Halaber, zerbitzuak garraio kostuak ditu, eta beraz, bezeroak "prezio sinbolikoa" ordaindu beharko du entrega motaren arabera. Eskatutakoa etxean edo zehaztutako beste lekuren batean jaso nahi duen herritarrak euro bat ordaindu beharko du, eta kontsignan jasotzeagatik, 50 zentimo. Dena den, urtean 50 euro ordaindu eta zerbitzuaren bazkide egiten denak doan izango ditu urteko garraio kostu guztiak.
Urte osoan martxan
Zerbitzua egunero eta 24 orduz egongo da martxan. Nolanahi ere, eskaerak telefono dei bidez egin nahi dituztenek honako ordutegi honetan egin ahalko dituzte soilik: goizez, 08:00etatik 09:00etara, eta arratsaldez, 15:00etatik 16:00etara.
Eskaerak jasotzeko ordutegi bat ere egokitu du zerbitzuak, herritarrek dituzten "behar desberdinetara egokituz". Astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan goizez jaso ahalko dituzte herritarrek eskaerak etxean, eta astearteetan eta ostegunetan, arratsaldez. Berdura Plazako kontsignan jaso nahi dutenek, ostera, 06:30etik 21:30erako tartea izango dute egunero. Erosketa saltokian bertan jaso nahi dutenek, haren ordutegira egokitu beharko dute.
Zerbitzu "azkarra" da Aldalurren esanetan, eskaera egunean bertan jasotzeko aukera eskaintzen baitu. Banaketa goizez egiten den egunetan –astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan– herritarrek 09:30 baino lehen egiten badute eskaera, goiz horretan bertan jasoko dute eskatutakoa. Banaketa arratsaldez egiten den egunetan –astearteetan eta ostegunetan– herritarrek 16:00 baino lehen egiten badute eskaera, arratsalde horretan bertan jasoko dute eskatutakoa.
Nire Azkoitia plataforma
Nire Azkoitia plataforma digitala ere jarri dute abian, tokiko merkataritzaren, ostalaritzaren, zerbitzuen, ekoizleen, enpresen eta eragileen presentzia digitala sendotzeko. Plataformaren bidez azkoitiarrek herriko negozioen informazioa kontsultatu eta eskaintza bereziak eskuratu ahal izango dituzte. Gainera, interesekoa izan daitekeen bestelako informazioa ere biltzen du, hala nola herrian izango diren ekintzen agenda, prentsa digitala, garraio publikoaren ordutegiak, guardiako farmaziak eta lan eskaintzak.
Plataformak negozioei ikusgarritasuna ematen dien bitartean, Errekauek zerbitzuak salmenta egiteko bide praktiko, eroso, moderno eta azkarra eskaintzen die. Biak batera, Azkoitiko merkataritza egungo erronketara egokitzeko eta bertako kontsumoa zein jasangarritasuna sustatzeko modua dira.