Noiz esan zenion zeure buruari ziurtasun osoz agur esateko unea zela, eta zerk bultzatu zaitu horretara?
Azken urteetan unea noiz iritsiko zen buruari bueltaka aritu naiz; ez da erraza izan hori irudikatzea eta onartzea. Etapa denek hasiera bat izaten dute, eta ailegatu zait amaiera emateko momentua. Fisikoki eta buruz indarrez uzten dut, eta momentu egokia da.
Kantxak uzteko erabakia hartuta, nori jakinarazi zenion aurrena?
Lehenik neure buruari eman nion berria. Ez da erraza izan momentu hori ailegatu dela onartzea, gehiago ez dudala jokatuko irudikatzea. Prozesu bat izan da. Etxekoei eman nien berria, eta klubari nahiz taldekideei ondoren. Gerora joan naiz, poliki-poliki, lagunei eta ingurukoei esaten.
Samurra izan al da unea?
Behin onartuta eta irudikatuta, ziurtasunez eta konfiantzaz esan dut, lasaitasun osoz.
23 urte eman dituzu ISBn. Zer da zuretzat ISB?
Erraz esaten da klub berean horrenbeste urte egin ditudala. Egin dudan ibilbidea naturala izan da; ez dut inoiz behartutako ezer egin. Eskola garaian saskibaloia eta futbola uztartzen nituen. Saskibaloi selekzioetan hasi nintzen sartzen, bai Gipuzkoakoan, bai Euskadikoan, eta orduan ireki zen niretzat saskibaloiaren eta ISBren bidea. Iraurgi dena da niretzat, gaur egun naizena izaten lagundu didan familia da.
Omenaldi beroa jaso zenuen azken partidan. Emozioak borborka izango dituzu.
Oraindik aje emozionala dut, ez bainuen espero nire agurra egun horretan izango zenik. Biharkoa izango da etxeko azken partida, eta uste nuen orduan agurtuko nindutela. Nolanahi ere, bihar berriro agurtuko dut jendea. Zapatukoa sekulako sorpresa izan zen, lankideak, taldekide zein entrenatzaile ohiak eta senideak hurbildu ziren-eta omenaldira.
Halako kirol ibilbide bat ingurukoen babesik gabe osatzea ezinezkoa da, ezta?
Haiek izan dira gehien jasan dutenak. Nahiz eta askotan isilik geratu, badakit beti egon direla ni laguntzeko eta babesteko. Oso eskertuta nago. Nahiko al zenuke azken lehia hauetan inoiz bizitako esperientziaren bat berriro errepikatzerik? Zapatuan bizitakoa sekulakoa izan zen. Gainera, luzapenean irabazteko aukera izan genuen, eta pertsonalki ere partida txukuna jokatu nuen. Oso berezia izan zen jende guztiaren aurrean hala agur esatea.
"Kluba maite dut, eta hari lotuta jarraituko dut modu batera edo bestera"
Nortasuna da zure zigilu nagusietako bat. Nola deskribatuko zenuke zeure burua?
Beti izan naiz nortasun berezia izan duen jokalaria. Zoritxarrez edo zorionez, nire burua ez dut kalitate handiko jokalaritzat, baina beste ezaugarri batzuk izan ditut ibilbide honetan aurrera egiteko: nortasuna, izateko era eta langile sena. Nortasunarekin eta lana eginda, badaude urrutira heltzeko aukerak.
Sakrifizio handia al da halako maila batean jokatu beharra?
Egundokoa da. Irakasle lana egiten dut Gasteizen, eta sakrifizioa da egunero goiz esnatzea, lanera hara joatea, herrira itzultzea, atseden hartzea eta entrenatzea; eta hurrengo egunean gauza bera errepikatzea. Bidaia luzeak ere egin behar izaten ditugu, baina merezi du.
Zer utzi behar izan duzu alde batera saskibaloian aritzeagatik?
Beti dago alde batera utzi beharreko zerbait. Urte asko dira, eta ziurrenik parrandaren batzuk galduko nituen, lagunekin eta etxekoekin egoteko momentu asko... Dena den, uste dut modu batera edo bestera jakin dutela guztiek nire alboan egoten, eta hori balioa ematekoa da.
Nola nahiko zenuke jendeak zu oroitzea?
Jokalari guztiok nahiko genuke guganako oroitzapen polita gordetzea, bai izandako ibilbideagatik, bai izandako nortasunagatik. Espero dut nire oroitzapen polita izango dutela.
"Ibilbide naturala izan da nirea; ez dut inoiz behartutako ezer egin"
Ba al duzu beste moduren batean saskibaloiari lotuta segitzeko asmorik?
Nire zaletasun nagusia da saskibaloia; oso frikia naiz zentzu horretan. Kluba maite dut, eta hari lotuta jarraituko dut modu batera edo bestera. Halere, ziur naiz bestelako kirolen batera ere afizionatuko naizela.
Zer esango zenioke orain 15 urte zituen Intzari?
Lehenengo eta behin, egunerokotasunaz gozatzeko esango nioke. Orain, modan dago partida bukatzean paperari edo estatistikei begiratzea. Hori alde batera lagatzeko eta sentsazioei nahiz aste osoko lanari erreparatzeko esango nioke.
Play-off-etan, Zamorako Recoletas duzue aurkari. Nola ikusten duzu kanporaketa?
Play-off-etan partida denak izango dira gogorrak. Joan-etorriko kanporaketa izango da, eta puntuak hartuko dira kontuan. Uste dut inork ez zuela nahi play-off-etan gure aurka aritzea. Bolada oso onean gaude eta etxean talde sendoa gara, erakutsi baitugu edonori irabazteko gai garela. Etxean partida ona egitean dago gakoa; gozatu eta gozarazi egin behar dugu.
Zure ibilbidea ahalik eta gehien luzatzeko presarik ez duzu, beraz.
Zenbat eta gehiago luzatu, are eta seinale hobea izango da.
Saskibaloia uzteak sortzen al dizu beldurrik?
Ama ari zait esaten oraindik ez dudala barneratu kontua. Momentuaz disfrutatzen ari naiz. Badakit saskibaloiaren falta sumatuko dudala, baina baditut buruan beste zaletasun edo kirol batzuk, eta era batera edo bestera, orekatuko dut egoera. Etorriko naiz taldearen partidak ikustera, ziur aski entrenatzera ere bai egunen batean... Gertutik segituko dut taldea.
"Esango nuke inork ez zuela nahi 'play-off'-etan gure aurka jokatzerik"
Juana Molina eta biok iragarri duzue erretiroa. Nola ikusten duzu taldearen geroa?
Juanak hutsune handia utziko du; kalitate handiko jokalaria da, antolatzailea, eta puntu asko egoten dira haren eskuetan. Dena den, uste dut kluba prest dagoela eta lanean ari dela datorren denboraldira begira ahalik eta talde politena egiteko. Atzetik badator jendea, eta uste dut aurrerapausoa emateko haien unea dela.
Inork galdetuko balizu horrenbeste urtean saskibaloian aritzeak merezi ote zuen, zer erantzungo zenioke?
Zalantzarik gabe, merezi duela, benetan gustatzen zaizun zerbait bada behintzat. Norberak bere alea jarri behar du, ezer ez baita erortzen zerutik. Lana egin behar da eta sakrifizioa da, baina diziplina, errutina bat eta talde lana ematen dituen kirola da saskibaloia. Oso polita izan da bidea; oso zoriontsu utziko dut saskibaloia.