12:30 inguruan argindarra, telefono linea eta sarea joan dira Iberiar Penintsula guztian, oraindik guztiz baieztatu ez dituzten arrazoiak tarteko. Ordea, 17:30erako herri osoan argindarra badagoela baieztatu du Udaltzaingoak.
Sare elektrikoaren erorketaren ondorioak pixkanaka gutxitzen doazela azaldu du udalak. Hala ere, telefonoek zerbitzuz kanpo jarraitzen dute kasu askotan. Hori hala, edozein larrialdiren aurrean, Udaltzaingoaren bulegora bertara joatea eskatzen da. Izan ere, Udaltzaingoaren telefono sarea ez dabil. Era berean, Udaltzaingoaren eskuko telefonora, 605 71 98 47 zenbakira, whatsappa bidalita ere jar daiteke haiekin harremanetan.
Gukak jakin ahal izan duenez, ez da ezbehar larririk jazo Azkoitian. Eguerdian (14:00), hedabidea kalera atera da herriko hainbat zerbitzu zer egoeratan dauden jakitera:
Udaltzain batzuk egoitza kanpoan daude, eta beste batzuk herrian itzuliak egiten ari dira, ezbeharrik izan al den jakiteko. Haiek adierazi dutenez, pertsona bat atera dute igogailutik, eta beste bati etxebizitzara igotzen lagundu diote, baina jakitun dira gehiago egon daitezkeela antzeko egoeran; izan ere, telefono linea ere ez dago martxan. Inork larrialdirik badu, Udaltzaingora joan edo haiekin harremanetan jar daitezela dei egin du udalak. Udaletxea, berriz, itxita dago eguerditik.
Anbulatorioa zerbitzutik kanpo dago, eta hango langileek Gukari adierazi diotenez, argia joan denean azken pazienteak artatu dituzte eta zerbitzua emateari utzi diote, sistemak ez duelako erantzuten. Itziar Viteri botikan, berriz, ateak ez dituzte itxi eguerdian, guardian daudelako. “Norbait badator eta zerbait garrantzitsua baldin badu, eskura emango diogu botika, txartelen bidez ezin dugulako kudeatu”.
Ostalaritzan ere ezohiko moduan ari dira lanean. Argindarraren etenak otordu garaian harrapatu ditu herritar gehienak, eta horrek bete-betean eragin du jatetxeen martxan ere. Zenbaitek ezin izan dute bazkaririk eskaini, eta beste batzuek ezohiko moduan eta gutxiengo zerbitzuan eskaini ahal izan dute. Iturri jatetxean, esaterako, ohiko bezeroak joan direla azaldu dute hango arduradunek, eta eskaini dituzte bazkariak, gasa dutelako han. Dena den, hozkailuan duten janaria hondatzea da jatetxeak duen kezka nagusia.
14:00etarako dagoeneko ari da argia itzultzen herriko hainbat lekutara, eta egoera bere horretara itzultzen hasi dira hainbat saltokitan. Beste saltoki batzuetan, berriz, ezin dituzte ateak itxi, horiek mekanikoki irekitzen eta ixten direlako. Beraz, arduradunek ezin dute denda utzi, ezta zerbitzua eman ere. Horietako bat da La Fuente de la Fortuna loteria denda. “Alarmarik ezin dugunez jarri eta atea ezin dugunez itxi, hemen egongo gara argia itzuli arte”.
Arrazoiak ikertzeko
Espainiako Gobernuak Nazioaren Segurtasunerako Kontseilua deitu du argindar etetearen arrazoiak eta ondorioak aztertzeko. Euskal Herriko hornidura elektrikoa eteteak eragin duen itzalaldiaren ostean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak krisi mahaia eratu du, eta Babes Zibileko Planaren alerta fasea martxan jarri.
REE Red Electrica Españolaren arabera, sei eta hamar ordu bitarteko epea beharko dute oraindik normaltasuna berreskuratzeko. Europako Batasuneko Zibersegurtasunaren Agentziaren lehenbiziko ikerketek "arazo tekniko" batekin lotu dute gertatutakoa, baina oraindik ez dute baieztapenik eman.