Eguzkiak gogotik jotzen zuen 2024ko abuztuko arratsalde hartan, Erroman. Aurrez aurreko audientzia geneukan Frantzisko aita santuarekin. Bere apartamentuan hartu gintuen, Santa Marta etxean. Lasai nengoen baina zirrara handia sentitzen nuen: 'Pedro'-ri eskua ematea berebiziko esperientzia iruditzen zitzaidan, bizian behingoa. Zinez zorte handia izan zen Frantzisko ezagutu ahal izatea. Haren aurrean, gizon gardena eta zeharrargia iruditu zitzaidan, argi egiten zuela, Jainkoz jantzia zegoela eta konfiantzaz betea. Nortasun aparta.
Nirekin neraman Evangelii Gaudium, bere dei apostolikoa, euskaratua, Ebanjelioaren poza. Dedikatzeko eskatu nion. Frantziskok zera idatzi zuen: "Felixi, nire bedeinkapena eta desioa, ez dezala umorea galdu".
Ez nuke nahi, ez, umorea galdu. Uste dut aldarte baikorrekoa izan naizela beti. Baina bere heriotzak hutsune handia utzi dit, Elizan umezurtz-edo geratu banintz bezala: Frantziskorekin sentitzen nuen nire bizitza, pentsamendua eta zerbitzu pastorala naizenarekin eta Elizarekin bat eginez zihoazela, gure Elizan ohikoa den eskizofreniatik salbu. Sinodaltasunaz mintzo gara eta klerikalismoa eten gabe ugaritzen da; "irteten den Eliza bat" izatera deitzen zaigu eta gure elkarteetan itxita geratzen gara, eta behartsuenganako eta sufritzen dutenenganako hurbiltasunak ez gaitu Ebanjelioan erabat bihotz-berritzen.
Sinetsita nago Frantzisko miretsia izan dela, maitatua eta jarraitua baino gehiago. Aita santu deserosoa izan da Ebanjelioa benetan hartzen zuelako. Deserosoa, ez mundu honetako botereentzat bakarrik, nahiz eta orain txalo joz despeditzen duten. Itzala izan du horientzat guztientzat, bai, moral alderditik. Baina ez diote jarraitu. Beste interesak dira munduko indarra. Baina deserosoa izan da Eliza barruan ere makina batentzat. Adibidez, apaiz dezenterentzat, zeinei ez zitzaizkien nahiko erakargarriak iruditzen aita santu honen jarrerak, mezuak eta Eliza-ikuskera. Zinez uste dut asko pozik izango direla amaitu delako aldi bat, iluna berentzat.
Beldur diot Elizaren eskizofreniari, haizeak eramaten dituen hitzei, Elizari eta bere misioari zaion begirada bikoitz horri, nahiz eta itxura eman denok gauza bera esaten dugula. Frantziskok argi esaten zuen: Eliza ebanjelikoa edo mundutarkeria. Frantzisko aita santua argia izan zen izatez eta egitez: klerikalismoa ez, Eliza sinodala eta parte hartzekoa, irteten dena eta munduan senidetasuna, zuzentasuna eta bakea eragiten duena.
Frantziskoren heriotzak hutsune handia sortu dit barruan, baita beldurra ere. Ez nuke umorea galdu nahi, berak eskaintzan jarri zidan bezala. Harritu egin nintzen. Gaur ulertzen dut zergatik idatzi zuen hori. Gardena iruditu zitzaidan gizona, Jainkozkoa. Konfiantza handi batek bizi zuen. Uste dut konfiantzarik ez daukagunean galtzen dugula umorea. Eta niri umorea kentzen didana Elizaren eskizofrenia da, ez bainaiz batere fio. Aita santuaren aukeraketa ere eskizofrenia horren menpe dago. Iruditzen zait "Jainkoaren Herri santua", gehiena, Frantzisko aita santuaren bideari jarraitzeko beharra adierazten ari dela. Hala ere, analista eta kardinal "sabioenak" neurritsuagoak izan beharra dagoela esanez dabiltza. Batzuek aita santu "ortodoxo" bat nahi dute, gaur egun aita santu heterodoxoa ahal izango balitz bezala. Dirudienez, indar kontserbadoreak eta ultrakontserbadoreak indartu egin dira Elizan eta munduan.
Oso mundu konplexuan bizi gara, baiki. Gidaritza espiritual, humano eta etiko baten beharrean gaude. Frantziskok ezohiko zerbitzu hori egin die Elizari eta munduari. Konfiantza izan nahi dut Espirituan, kardinalen Eliz- eta ebanjelio-zentzuan eta, hala, konfiantzari eutsiz, umorea ez galtzea espero dut.