Iritzia

Saharako errefuxiatuen eremura egindako bidaia

Itziar LarraƱaga eta Asier Altuna (EH Bildu) 2025ko api. 24a, 08:30

Darahlirekin Saharako kanpamentuetara joandako taldea dunetan. (Maria Maya)

Saharako errefuxiatuen kanpamentuetatik itzulita, iritzi artikulu hau idatzi dute Itziar Larrañaga eta Asier Altuna EH Bilduren zinegotziek.

Darahli elkarteak luzatutako gonbidapenari esker, Urola Kostako 50 lagun inguru Saharako
basamortuan izan gara. Aljeriako lurretan kokatuta dagoen Tindufeko saharauien errefuxiatu
eremuan. Tartean, eskualdeko ordezkaritza instituzionala; Azkoitiko, Zestoako eta Zumaiako
alkateak eta zinegotziak.

50 urte bete dira, 1975ean Marokok Martxa Berdea (beltza, saharauiarrentzat) bultzatu eta
Mendebaldeko Sahara kontrolpean hartu zuenetik. Espainiako Estatuak, ardura historikoei
muzin egin, eta Mendebaldeko Sahararen kontrola Marokoko erreinuaren esku utzi zuen.

Gerraren eta inbasioaren ondorioz, milaka saharar euren etxeetatik indarrez atera eta deserriratuak izan ziren, Tindufeko basamortuan. Geroztik, kanpoko laguntzari esker irauten dute.

1991n gerraren etenaldia eta konponbiderako bide orria onartu ziren. Nazio Batuen Erakundeak (NBE), Saharako Mendebaldearen autodeterminaziorako misioa osatu zuen, Afrikako azken deskolonizazio prozesua gauzatu zedin.

Bitartean, Marokok 2.800 kilometroko horma (lotsaren harresia; munduko harresi militarrik luzeena) eraiki eta Mendebaldeko Sahara bitan banandu zuen (lurra, familiak…). Lurralde okupatuak eta askatutako lurraldeak (Fronte Polisarioaren kontrolpean).

2020an, Guerguerateko pasabidean, Mendebaldeko Sahara eta Mauritaniaren arteko mugan,
euren zonaldea babesten zeuden saharar zibilen aurka egin zuen Marokoko armadak. Bake
akordioa hautsi zuen eta gerra berrabiatu zen. Geroztik, gerran daude. Fronte Polisarioak salatu du Marokoko armada teknologia berriak (droneak,…) Saharako herritarren aurka bortizki erabiltzen ari dela.

Konponbide baten bila

NBEk egindako proposamen guztiak ezerezean gelditu dira Marokoren borondate ezaren ondorioz. Marokok 2007an eginiko proposamenari eusten dio: autonomia Mendebaldeko
sahararentzat. Alemaniak, Frantziak edota Espainiak babesten dute proposamena. Baina horrek ez ditu Fronte Polisarioaren eskakizunak asetzen.

Bidaia honetan Ausserdeko wilayako (probintzia) Zug dairan (herria) egon gara.Etxeko amak, bere hiru alabek eta zortzi gaztetxok eskuzabaltasun handiz hartu gaituzte. Ama kanpamentuetara iritsi ziren lehen errefuxiatuetako bat da. Duintasun handia nabari da haren
begietan. Gizonak falta dira, Mauritanian edota Espainiako Estatuan daude lanean, familia mantentzeko eta gutxieneko duintasunarekin bizi ahal izateko ahaleginean.

Ez ditugu inoiz ahaztuko eurengandik jasotako atentzioa eta maitasuna.

Basamortuan, denborak erloju dependentziatik kanpoko logika hartu du. Ez da erraza bizitzarik gabeko eremu batean bizigarritasuna eraikitzea. Harea gorri eta xeheak, bizitza oro eragozten du. Beroa da nagusi, uraren eskasia eta beste mila oztopo. Hala ere, urteetako esperientziari eta antolaketari esker eta elkar laguntzaz, biziraupena nolabaiteko bizitza bihurtu da.

Estatu antolaketa eta administrazio estrukturak eratu dituzte eta, oztopoak oztopo, guztiek jasotzen dituzte iristen zaien elikadura eta beharrezko gaiak.

Emakumeak dira kanpamentuaren sustengu nagusia. Egiaztatzeko moduan izan gara han
izandako bilkuretan. Ausserd wilayako gobernadorea eta sei herrietako bost alkate emakumeak dira. Lehentasunezko arazoen zerrendatzea egin digute.

Agendari jarraituz, udaletxean harrera beroa egin zaio taldeari, eta herritar ugari elkartu da dantza eta kanta artean.

Bilkurak,hitzaldiak, tarbia edo madrassa, haur hezkuntzako eskola margotu edo lehen hezkuntzako (Soweto) eskolan argiak jarri, bigarren hezkuntzako eskolan materiala banatu, eta bestelako ekarpenak egin dira.

Azken egunean, basamortuan barrena, dunetan murgiltzeko aukerarik ere izan da.

Astea pasatu eta agurtzeko orduan, hamaika emozio bildu dira; poza, negarra, tristura, elkartutako familia berriak agurtu dira.

Euskal Herritik elkartasun internazionalistarekin jarraituko dugu. Bi herrien askatasunaren
aldeko aldarria zabalduz, gure arteko ezberdintasun politikoak albo batera utzi eta Sahararen
autodeterminazioa eta bakearen alde konpromiso politikoak berretsiz eta gauzatuz. Okupazio
militarra gainditu eta bakea eraikitzeko baldintzak eman daitezen aldarrikatuz.

Gure alea jarriko dugu; han ikusitakoa eta ikasitakoa zabaldu, eta ahanzturan gera ez dadin
Saharako herria

50 urteren ostean, Saharako herriak konponbidea behar du. Lurra eta bakea behar ditu

Bukatzeko, Sahararen alde lanean diharduten Euskal Herriko taldeak, bereziki Darahli elkarteak, egiten duen lana azpimarratu nahi dugu.

Mila esker emandako aukeragatik.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide