Eduki babestua: KLINK ekintzailetza

Alejandra Zabaleta: "Neure burua izan da Meiku No Yume zentroa zabaltzeko prozesuan arerio handiena"

Erredakzioa 2025ko mai. 5a, 14:08

Makillajea izan du betidanik amets Alejandra Zabaletak, eta bi hitzak batu ditu Azpeitiko Loiolako Inazio Hiribideko 21. zenbakian zabaldu duen makillaje zentroan; Meiku No Yume. Japoniera erabili du bere betiko amets hori errealitateko bihurtzeko. Otsailaren 15ean zabaldu zituen zentroaren ateak, eta ordutik, makillajea, manikura, aurpegiko tratamenduak eta bestelako zerbitzuak eskaintzen ditu.

Nolakoa izan zen negozioa sortzeko prozesua?

Makillajearen mundua beti gustatu izan zait, eta ikasketak ere arlo horretakoak egin nituen. Ondoren, lanean hasi nintzen, baina askotariko ikastaroak egiten aritu naiz ordutik. Duela bost urte Madrilen izan nintzen makillajeari eta aurpegiko tratamenduei buruzko ikastaroak egiten, eta orduan konturatu nintzen nirea izango zen leku bat sortzea nahi nuela, hori egin nahi nuela. Baina prozesua luzea izan da, bi urte igaro baitziren leku baten bila hasi nintzenerako.

Noiz eta zergatik jo zenuen Iraurgi Berritzen agentziara?

Bi urtez nire kasa informazio eta leku bila aritu ondoren, Iraurgi Berritzenera joan nintzen. Buruan nuen ideia eta informazio guzti hura paperetan jartzen lagundu zidaten, forma eman zioten ideiari, zer pauso eta noiz eman erakutsi zidaten, eta hala, poliki-poliki, ideia egia bihurtzea lortu nuen.

Zer ikasi duzu prozesu horretatik?

Asko ikasi dut, baina, batik bat, zeure buruarekin sinestea garrantzitsua dela, eta gero, Iraurgi Berritzen bezalako agentzia baten laguntza eta jakintza ezinbestekoak direla. Mila zalantza eta galdera nituen, eta agentziak, mila zalantza horiek erantzun dizkit, behin eta berriz, gainera. Iraurgi Berritzeneko Klink zerbitzuagatik ez balitz izan, ez dut uste Meiku No Yume zabaltzea lortuko nukeenik.

Zer beldurri edo oztopori egin behar izan diozu aurre?

Neure burua izan da, agian, Meiku no yume makillaje zentroa irekitzeko prozesuan zehar arerio handiena. Zalantzak nituen dena aurrera ateratzeko gai izango ote nintzen, asko presionatu nuen neure burua. Baina lagun batek gai nintzela esan zidan, eta orduan hasi nintzen gehiago sinesten eta serioago hartzen.

Zergatik Meiku No Yume? Nondik dator izena?

Japonieratik, makillajearen ametsak esan nahi du. Izena aukeratzea izan da, agian, gehien kostatu zaidana. Ez nuen betiko izen bat nahi; garbi nuen zerbait desberdina nahi nuela, asiarra, baina ez zitzaidan ezer bururatzen. Nire ahizpak, ordea, asko lagundu zidan; hari bururatu zitzaion japoniera erabiltzea. Hala, makillajea eta ametsak hitzak hartu, eta Meiku No Yume sortu genuen.

"Normala da beldurra izatea, baina, gutxiago pentsatu eta gehiago egin behar da. Gainera, jendea zu laguntzeko dago beti. Beldurtuta egonda ere, egin dezatela"

Zer du berezia Meiku No Yumek?

Argi utzi behar dut Meiku No Yume ez dela estetika zentroa; makillaje zentroa da. Estetika zentro batean depilazioak, gorputzeko masajeak… egiten dituzte, gorputza osotasunean hartzen dute. Nik egiten dudana, aldiz, edertzea da. Makillaje zentroa da nirea, edozein motatako makillajea egiten dugun lekua: ezkontzak, inauteriak, ekintzak... Horrez gain, manikura eta pedikura zerbitzuetara bideratu dut jarduna lehen hilabete hauetan, modan baitaude horiek. Estetika zentro baten aurkitu daitezkeen zerbitzuak eskaintzen ditut.

Orain arteko balorazioa zer moduzkoa da?

Azkarregi da ezer esateko. Egia da oso gustura nagoela, eta nituen itxaropenak edota espektatibak gainditu ditudala, baina, beldur batzuk ez ditut ezabatu oraindik; hilabete amaiera iristean, adibidez, ondo egin dudan edo ez èntsatzen dut. Denbora pixka bat eta negozioa finkatzea behar dut oraindik. Hala ere, oso pozik nago. Gainera, oso bezero onak izan ditut eta ditut; oso eskertuta nago.

Zeintzuk dira norberarentzat lan egitearen onurak eta desabantailak?

Lasaiago nago. Abantaila nagusia denbora kudeatzeko ahalmena dela esango nuke. Ditudan bezeroen arabera antolatu dezaket eguna, eta hori ederra da. Nik nahi dudan modura jartzen ditut produktuak, nire erara. Desabantaila, aldiz, guztiaren ardura dudala, guztiaren gainean egon behar dudala, eta, batik bat, izapide eta paper kontuekin jarraitu behar dela. Gainera, telefono deien gainean egon behar izaten dut. Gutxien gustatzen zaizkidan gauzak horiek dira.

Zer aholku emango zenioke enpresa sortzera doan pertsonari?

Burua eta pentsaera irekitzeko esango nioke. Normala da beldurra izatea, baina gutxiago pentsatu eta gehiago egin behar da. Gainera, jendea zu laguntzeko egoten da beti. Beldurtuta egonda ere, egin dezatela aurrera. Egin dezaketela esango nieke. Aukerak aprobetxatu egin behar dira, jendea ezagutu; bide berriak ireki ditzaketen pertsonak ezagutuz gero, aukerak biderkatu egiten dira. Eta amaitzeko, Iraurgi Berritzenera joatea aholkatzen diet denei, horrelako doako zerbitzu bat izatea herritarren ikaragarria delako.

Zeintzuk dira aurrera begira dituzun erronkak?

Nire helburu nagusia Meiku No Yume zentrora sartzen den bezeroa pozik eta gustura irtetea da. Izan ditzaken estresak eta energia txarrak atetik kanpora uztea nahiko nuke, eta lasai egotea zentroan. Horrez gain, makillajearen munduan egin dezakedan lan guztia baloratzea gustatuko litzaidake, bai Azpeitian, bai herritik kanpora. Denbora asko igaro dut ikasten eta lanean, azkenean, bezeroa ondo sentitzea lortzeko.

Negozio ideia bat baduzu, Iraurgi Berritzenen Klink ekintzailetza egitasmoan aurkituko duzu beharrezko laguntza guztia. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide