Saharar errefuxiatuen kanpalekuetara egingo du bidaia udaleko ordezkaritza batek

Andoni Elduaien 2025ko api. 10a, 11:17

Tindufeko kanpalekua. (Humans Right Wtch)

Hilaren 19ra arte egongo dira Azkoitiko Udaleko lau ordezkari Mendebaldeko Saharako errefuxiatuen kanpalekuetan. Zumaiako Darahli elkarteak antolatu du bidaia, eta eskualdeko dozenaka ordezkarik, boluntariok eta ikaslek egingo dute egonaldia han.

Darahli elkarteak antolatuta, bihar egingo dute bidaia Mendebaldeko Saharako errefuxiatuen kanpalekuetara Urola Kosta eskualdeko zenbait ordezkarik, boluntariok eta Zumaiako DBHko 60 bat ikaslek. Lagun multzo zabal horren barruan egingo dute bidaia Ana Azkoitia alkateak eta Sonia Vazquez, Asier Altuna eta Itziar Larrañaga zinegotziek. Mendebaldeko Saharako errefuxiatuen kanpalekuetan bizi duten errealitatea hurbiletik ezagutzea du helburu bidaiak.

Elkartea diruz laguntzen duten udalei luzatu ohi die Darahlik kanpalekuetara bidaiatzeko proposamena, eta aurten, herriko udal ordezkarik erabaki dute hango familiekin egun batzuk partekatzera joatea, "saharar herri errefuxiatuak pairatzen duen egoera ikusteko". Hori hala, aurrena Tindufera joko dute lau lagunek, eta ondoren, Aljeriara eta Auserdeko kanpalekuetara, Zug-era, hain zuzen.

Bihartik apirilaren 19ra bitartean egingo dute egonaldia kanpalekuetan. Lehen egunean, esaterako, Zug herriko alkatearen eta gobernadorearen harrera ofiziala jasoko dute udal ordezkariek. Era berean, Azkoititik hara eramandako materiala ere banatuko dute; izan ere, Xabier Munibe Ikastolak zein ikastolaren Udaberri guraso elkarteak, Anaitasuna futbol taldeak, Azkoitri triatloi klubak, Oteiza pilota elkarteak, eta Izpi nahiz Iriondo optikek eman dute materiala kanpalekuetan bana dezaten.

Nolanahi ere, beste zenbait ekintza ere egingo dituzte bederatzi egunetan, hala nola auzolanak, hitzaldiak eta bilerak. Bidaia probestuko dute udal ordezkariek, halaber, Erresistentziaren Museo Nazionala, ospitale nazionala, telebista eta Media Luna Saharaui erakundea bisitatzeko.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide