Zer esan nahi du zuretzat bi urtez jarraian Euskadiko txapeldun izateak?
Nire adinean, erronka pertsonal moduan hartu izan dut beti txapelketa horretarako prestatzea. Beti entrenatzen dut hobetzeko, baina halakoetarako txip bereziagoa jartzen dut, batetik, hobetzeko, eta bestetik, xehetasun txikiagoak egitera ausartuz, horiek fintzeko.
Txapeldun izateak zabaldu al dizu txapelketetarako aterik?
Espainiako Txapelketa ere jokatu ohi da, baina erabakita dut ez parte hartzea. Etxetik urrun jokatzen dira halako txapelketak, eta bidaia horrek eragiten dituen gastu guztiak norbere poltsikotik ordaindu behar izaten ditugu. Halaber, lanetik jaiegunak ere hartu behar izaten dira. Zailtasun bat baino gehiago sortzen du halako txapelketa batean parte hartzeak.
Iazkoa edo aurtengoa, bietako zein txapelketa izan da bereziagoa?
Kata desberdinak daude, eta aurten aurkeztu ditudanak iazkoak baino konplikatuagoak izan dira. Pauso bat izan da niretzat lan zailagoak egiteko gai naizela ikustea, nire konfort zonatik atera bainaiz. Ariketa batzuk landuago ditut, eta horiekin seguruago sentitzen naiz. Txapelketan paper hobea egitera arriskatu naiz, eta ariketa horiek jendaurrean aurkeztea erronka bat izan da niretzat.
Zure hastapenetara joz, zer dela eta hasi zinen karatea praktikatzen?
11 urte nituela hasi nintzen Kanku klubaren eskoletara joaten; 1989ko otsailean zabaldu zuten eskola. Juan [Murillo] helduekin hasi zen aurrena lanean, baina irailean hasi ziren haurrei ere eskolak ematen, eta ez dakit zer arrazoigatik, ni asko tentatzen ninduen izena ematearen ideiak. Bi neskak eman genuen izena lehen aldi hartan, gainerako guztiak mutilak ziren, eta egun neuk bakarrik jarraitzen dut talde hartatik. Txikitatik piztu izan dit arreta karateak; ez dakit zergatik, beharbada telebistan-edo ikusiko nuen egunen batean karateari lotutako zerbait. Proba egin nuen lehen egunetik gustatzen zait karatea, ordutik ez baitut inoiz alboan utzi; pentsa, 35 urte daramatzat honetan.
35 urteko Ibilbideari errepasoa eginez, nolakoa izan da Euskadiko txapela bi urtez jarraian lortu arteko bidea?
24 urterekin utzi nion lehiatzeari, baina aurrez ere lehiaketetan parte hartutakoa naiz, euskal selekzioarekin eta. Lehiatzeari utzi nionean, nire kabuz jarraitu nuen entrenatzen, bestelako helburu batzuekin. Duela urte gutxi hasi ziren beteranoei zuzendutako txapelketak antolatzen, eta parte hartzea erabaki nuen. Erronka moduan hartu nahi nituen txapelketak.
Gipuzkoako txapelketa irabazi zenuen aurrez. Parte hartze oso txikia izan zen Gipuzkoakoan, ezta? Zein da panorama?
Nire adineko jende asko ibiltzen da gimnasioetan. Kankuko helduen taldean hamabost bat lagun gaude, eta guztiok parte hartu ahal izango genuke txapelketetan. Jendea, ordea, ez da animatzen. Ez da erraza jendaurrean aritzea, eta gure adinarekin, gehiago kostatzen da. Gazteen artean iruditzen zait ohituago daudela probak egitera, ilusio handiagoa izan ohi dute lehiatzeko.
Eta zer aldatu da zugan berriz ere lehiatzen hasteko?
Erronka moduan hartu ditut txapelketak, eta, gainera, aurrez lehiaketetan ibili izanaren esperientzia dut. Interesgarriak suertatzen zaizkit txapelketak, ez baita gauza bera gimnasioan entrenatzea eta hobetzen jarraitzea edo jendaurrera ateratzea eta lan on bat egitea.
Eta emakumeen artean, zein da ikuspegia?
Oro har, emakume gutxi aritzen gara karatean, baina horrek ez du esan nahi inor ez dabilenik. Adin batetik aurrera, oro har, emakumeek errazago uzten dute kirola, baina iruditzen zait egoera hori ere iraultzen hasita gaudela.
Egoera iraultzeko, zer bide jarraitu beharko litzateke?
Lehiakortasunetik atera beharko genuke karatea. Helburuak ez luke izan behar tatami gainera ateratzea eta irabaztea; norbere burua proban jarri beharko genuke, bide horrek karatea hobetzen eta norbere nortasuna garatzen lagunduko liguke eta.
Ari al zarete Kankun lanketa berezirik egiten alor horretan?
Nahi nuke gazteei, baina, bereziki, horren gazteak ez diren emakumeei erakustea karatea adin denetako pertsonentzat dela irisgarria. 40 urterekin, beharbada, ezin da kirol konkretu bat egiten hasi, baina karatea bada adin guztietako pertsonentzat baliagarria den kirola; gorputza eta burua lantzen dira. Karatea gizonen kontua dela uste izan da, baina bada emakumeena ere.
Gainera, autodefentsarako balio du karateak, eta jendeak ez dio horri baliorik ematen. Jendeak badu karatea borroka denaren pentsamendua; pentsaera hori irauli behar genuke, eta ikusi karatea praktikatzeak segurtasuna ere eman dezakeela. Edozein egoeraren aurrean buruz zein gorputzez erreakzionatzeko prestatua egoten lagun dezake karateak, eta emakumeentzat ez dago hori baino gauza hoberik.
Zer sentitzen duzu halako txapelketetan tatamiaren gainean zauden aldiro?
Tatamia errespetuzko leku bat da. Halako txapelketak badira urteetan egindako lana erakusteko lekua, ahalik eta ondoen egiten saiatzeko gunea. Norbere buruarekin konfiantza izan behar da, eta horretarako, prestatu egin behar da. Karatea errespetua da, baina, aldi berean, ardura ere bada. Tatamiaren gainean ni bakarrik banago ere, nire atzean talde bat dago, nik txapelketetan parte hartu ahal izateko nirekin lan egin duen taldea. Taldekide bat halako hitzorduetarako prestatzen ari denean, saiatzen gara pertsona horri ahalik eta lan onena egin dezan laguntzen.
Karateka bezala, nola deskribatuko zenuke zure burua?
Oso langilea naizela esango nuke. Ez dago beste sekreturik: egin, egin eta egin. Ikusten badut zerbait ez zaidala nahi bezala ateratzen, jo eta ke jardun ohi dut ondo atera arte. Badut gauzak lortu arteko egoskortasun eta burugogortasun puntu hori.
35 urte daramatzazu Kankun. Zer da zuretzat Kanku?
Kasik nire bigarren etxea dela esango nuke. Ordu asko igaro ditut klubarekin karatea praktikatzen, barre eta negar asko egin dut urteotan, izerdi asko isuri dut... Talde jatorra dugu, ondo konpontzen gara elkarrekin. Alde horretatik begiratuta, beste lagun talde bat dut Kankun, familia kutsuko lagun taldea. Gainera, taldekideak ez dira karateko nire kideak bakarrik, denak gara lagunak.
Zein dira zure asmoak etorkizuneko txapelketei begira?
Datorren urtean berriro parte hartuko dut Euskadiko Txapelketan, beste kata bat aurkeztuz. Aurten ez dut behar izan kata gehiago egitea, baina banuen ariketa bat prestatu samartuta, eta gustatuko litzaidake datorren urterako hura ondo prestatzea. Beharbada, nire konfort zonatik asko aterako naiz kata hori prestatzerakoan, baina saiatu egingo naiz.
Eta osterantzean, ba al duzu bestelako asmorik?
Ez, ez dut helburu berezirik. Entrenatzen eta hobetzen jarraitzea da nire asmoa; izan ere, karateak duen gauzarik onenetakoa da inoiz ez dela iristen bat gauza denak ondo egitera. Beti dago zer hobetua karatean. Ariketa bati xehetasun txiki bat aldatuta dena alda daiteke, eta xehetasun txiki horiek hobetzeko lan egitea da orain dudan erronka.