Sexu eta genero aniztasuna lantzeko, ZineGogoak ekimenean parte hartuko dute 400 nerabek

Andoni Elduaien 2025ko api. 8a, 10:57

'Dena asmatuta dago' film laburra da ikusiko duten lanetako bat. ('Dena asmatuta dago')

Apirilean eta ekainean zehar egingo dituzte proiektuari lotutako saioak. Guztira, herriko 400 gaztetxok parte hartuko dute sexu aniztasunari nahiz genero identitateari hainbat begirada ematea eta ikus-entzunezko hizkuntzaren zein narratibaren oinarrizko elementuetara hurbiltzea xede duen proiektuan.

ZineGogoak ekimen hezitzailea Azkoitira iritsiko da. Udaleko Berdintasun arloak eta Zinegoak Elkarteak antolatuta, datorren ostiralean nahiz hilaren 28an eta ekainaren 12an garatuko dute proiektua aurrenekoz herrian. Hain justu, Baztartxo antzokian egingo dituzte apirileko saioak, eta Elkargunean, ekainekoa.

Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako ikastetxeei zuzendutako hezkuntza ekimena da ZineGogoak, eta helburua da gazteei sexu aniztasunari nahiz genero identitateari hainbat begirada emateko eta ikus-entzunezko hizkuntzaren zein narratibaren oinarrizko elementuetara hurbiltzeko aukera eskaintzea. Floreaga Ikastetxeko eta Azkoitia BHIko DBH3 zein DBH4 mailetako eta Izarraitz Lanbide Heziketako 400 bat nerabek parte hartuko dute proiektuaren barruan egingo dituzten lau saioetan.

Ekimenaren bidez, bi bide landu nahi dituzte: batetik, genero aniztasuna gizartean "balio positibo eta beharrezko gisa ikusaraztea eta naturalizatzea", eta, bestetik, ikus-entzunezko hizkuntzaren eta narratibaren oinarrizko elementuetara hurbiltzea; izan ere, LGTBIQ+ gaiari buruzko ikus-entzunezko produkzioen bidez sexu-aniztasuna eta genero-identitatea hainbat ikuspegitatik jorratzeko aukera eskainiko diete gaztetxoei. Halaber, egungo gazteen intereseko gaiak jorratzea eta LGTBIQ+ kolektiboak biltzen dituen errealitateak azaleratzea ere bada proiektuaren xedea. Horretarako, bost film labur erakutsiko dizkiete gaztetxoei eta aditu bat arituko da saioa dinamizatzen, gazteen artean hausnarketa nahiz eztabaida piztu asmoz.

Euskal zinemagileen partaidetza du ZineGogoak ekimenak, eta horietako zenbaitek azalpenak bertatik bertara jarraitzeko aukera izango dute gaztetxoek. Batetik, Jone Arriola zuzendari elgoibartarraren Dena asmatuta dago film laburra eskainiko dute, eta hark filmatzerakoan kontuan hartu beharreko alderdiak zein diren aurkeztuko du. Bestetik, Alex Argoitia ikus-entzunezkoen muntaian eta postprodukzioan espezialista den eta Erandioko (Bizkaia) Tartanga Lanbide Heziketako irakasleak ikus-entzunezko hizkuntzaren oinarrizko elementuak azalduko ditu bideo tutorial laburren bidez.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide