Aurrera jarraitzen dute Udaberriko Bebarruko Jardunek, eta iragan asteburuan ere izan da zertaz gozaturik Matadeixen. Izan ere, Ekain pailazoak Arlote bat azken ikuskizuna taularatu zuen larunbat arratsaldean, eta umorez eta abileziaz betetako emanaldiaz gozatzeko aukera izan zuten han elkartu zirenek.
Datorren ostegunean, hilaren 10ean, jarraituko du Udaberriko Bebarruko Jardunen egitarauak. Oso bestelako saioa izango da egun horretakoa, Gasteizkoak talde antimilitaristak Conversión de la industria militar en Euskal Herria para no fabricar más guerras (Euskal Herriko industria militarraren birmoldaketa gerra gehiago ez fabrikatzeko) liburua aurkeztuko duelako. Gerran edo gatazka egoeran dauden herrialdeetara esporatzeko armen ekoizpenean ari diren Euskal Herriko erakundeen eta enpresen lana bildu du taldeak liburuan, eta Euskal Herriko armagintzak duen eragina ere jaso du.
Ildo horretan, hamaika galdera plazaratu ditu taldeak: ""Gerra" dator? Zer gerra mota? Gerran al gaude? Nori interesatzen zaio "gerra" eta zergatik? Zer egin?". Taldearen arabera, azken 15 urteetan hirukoiztu egin da "Euskal Herriko xahuketarako eta gerrarako ekoizpena" (EHXGE) dituen enpresa, zentro eta erakundeen kopurua, eta gaur egun berrehun baino gehiago dira armagintzan esku hartzen dutenak. "Zer aldatu da gure gizartean, gizarte gaitzespen nabarmena zuen sektore bat modu horretan hazteko?", galdetu du Gasteizkoakek. Haren arabera, errealitate horren aurrean, EHXGEa ekoizpen sistema zalantzan jartzen duen "gizarte onurako ekoizpen zibilera" moldatzeko aukera dago. "Izan al da kasurik historian? Eta Euskal Herrian? Zer da gizarte-onurako ekoizpen zibila? Moldaketa hori beste borroka batzuekin batera egin daiteke abian dauden egungo krisien aurrean? Ba al dago gaur egun gerrarako produkziorik gabeko Euskal Herria lortzen saiatzeko oinarririk?". Galdera horiei erantzunez arituko dira ostegunean Matadeixen.