Haurtzaroko oroitzapen gozoak dauzka Lierni Altuna (Azkoitia, 1994) Euskaraz Blai! udalekuetako begirale eta koordinatzaileak. Ume garaian "pipermin" bat zela ondo gogoan du, baita batetik bestera beti txandala soinean eta baloia eskuan ibiltzen zela ere. Gerora, futbolean ibilbide oparoa egindakoa da azkoitiarra, Anaitasunan zazpi urtez jokatu baitzuen eta Mutrikun (Gipuzkoa) sei urtez. Duela urte batzuk futbola uztea erabaki zuen, bizikletan zihoala harturiko kolpe bat medio ez baitzen "oso eroso" aritzen, baina bestela ere uzteko ordua zuela onartu du.
Jaio Azpeitian egin bazen ere, hazi eta hezi Azkoitian egin zen, eta 18 urterekin goi mailako kirol ikasketak egin zituen Donostian, nahiz eta bere ametsa Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako gradua ikastea zen. Ikasketa horiek lan munduko ateak zabaldu zizkioten, sorosle zein pilateseko begirale aritu baitzen. Haurren begirale izateko titulua, aldiz, 2012an eskuratu zuen Leonen (Espainia), eta ondoren, praktikak Euskal Udalekuetan egin zituen. Begirale titulua soilik ez, behar bereziak dituzten haurrekin lan egiteko ziurtagiria ere eskuratu zuen beste ikastaro batekin. Hain zuzen, udalekuekin lehenengo harremana titulazioa eskuratu ondoren izan zuen hark, haurra zenean ez baitzen inoiz udalekuetara joan: "Ez zitzaidan gustatzen etxetik kanpo lo egitea, eta gaur egun, negarrez egoten diren haurrak lasaitzen aritzen naiz".
Altuna Euskaraz Blai! udalekuetan lanean hasi zen duela zazpi urte. Hainbat txandatan antolaturiko udalekuak dira horiek, adin tarte desberdinetako haurrek parte hartzen dute, eta Arantzan zein Beintza-Labaienen (Nafarroa) egiten dituzte. Azkoitiarrak argi dauka Arantzako txandetan gusturago aritzen dela: "Herri txikia da Arantza, eta haurrekin askotariko jolasak egiteko aukera ematen du". Bertan, 10 eta 12 urte bitarteko umeak egoten dira, baina zenbait haur 8 urterekin Beintza-Labaienera joaten hasi, eta Arantzako bidea amaitu arte udaro joaten dira udalekuetara; 12 urte betetzen dituzten arte.
Begirale lanetan soilik ez, hezitzaile zein koordinatzaile lanetan ere jarduten du azkoitiarrak. Hala ere, koordinatzailetzat baino gehiago, hezitzailetzat dauka bere burua. Koordinatzaile gisa, haurrak taldeetan banatzeaz zein, udalekuetan haurren bati ospitalera joan beharra suertatuz gero, hari laguntzeaz arduratzen da. Begirale gisa, aldiz, haurren zaintzaz zein eurekin egin beharreko jolasez arduratzen da. Udalekuetara lanera joaten bada ere, hortik harago doa Altunak udalekuekin duen lotura: "Udalekuak niretzat errealitatetik irteteko bidea dira, baita nire udako etxea ere". Begirale lana egiteko "sena" izatea ezinbestekoa dela dio, bai haurrekin jolasteko, baina baita eurak entzuteko ere.
Udalekuak ez dira mugatzen egonaldietara soilik, "askoz lehenago" hasten baitira horiek prestatzen. Izen ematea martxoan irekitzen da, eta horrekin batera, hezitzaileen artean antolatzen dute egonaldia. Hezitzaileen taldea "nahiko egonkorra" da Altunaren arabera, baina taldea desegiten doala azaldu du: "Ni hasi nintzenean zegoen jendeak irauten du, baina pixkanaka hori desegin egingo da, eta atzetik datozenekin beste talde egonkor bat osatu nahiko genuke".
Jolastu eta hezi
Altunak urte asko daramatza lanean haurrekin, eta azken urteetan umeengan aldaketa nabarmenak izan direla azpimarratu du, gaur egun hezitzaileen aurka erraz oldartzen direla nabarmenduz. Izaeran soilik ez, hizkuntzaren erabileraren ere nabaritu ditu aldaketak: erdaraz hitz egiteko joerak gora egin duela argi dauka hezitzaileak. Hori horrela, lanketak egiten dituzte egonaldian zehar haurrek euskararen erabileraren inguruan hausnar dezaten. Semaforoaren koloreen bidez, talde bakoitzak, hezitzailearen laguntzarekin, euskarari emandako erabilera neurtzen du goizero.
Hizkuntzaz gain, naturarekin duten harremana zein elkarbizitza ere neurtzen dituzte. Euskal kulturaren inguruko erreferentziak ere aurki daitezke egonaldiko egutegietan, talo tailerrak egiten baitituzte, besteak beste. Elkarbizitzari ere garrantzi berezia ematen diote, eta astebeteko egonaldian haurrek ez dute pantailak erabiltzeko aukerarik izaten. Altunaren hitzetan, umeek arazorik gabe ulertzen dute espazio horretan ezin dutela erabili eskuko telefonorik.
Heziketa ez da hitzera mugatzen, jolas bat medio aste osoan zaintza lantzen baitute udalekuan, koordinatzailearen hitzetan. "Kontrabandistak eta karabineroak" gisa ezagutzen dute haurrek jolasa, eta honetan datza: "Garaiko kontrabandisten gisan, euren jabetzak ondo zaintzea da helburua, eta horretarako, arrautza bat ematen diogu txandaren hasieran haur bakoitzari, hark egonaldiaren azken egunera arte zain dezan". Arantza mugaz gertu dagoelako jarri zioten jolasari izen hori.
Jolasez harago doa, ordea, egonaldietako lana, eta pedagogia lantzen ere saiatzen dira: "Haurrei sarritan esaten diegu beren beldurrak zein kezkak paper batean idatzi eta kutxa batera botatzeko, anonimoan bada ere". Horrela, beldurrak zein kezkak taldean lantzen dituzte. Gai orokorren inguruko lanketa ere egiten dute; sexuaren zein hilekoaren ingurukoa batez ere, eta haurrekin adituak izan gabe, "naturaltasunez" aritzen dira gai horien inguruan hizketan. Haur asko "urduri" jartzen direla dio begiraleak; hala ere, tertulia horietan zenbait kezka argitzen direla azaldu du hark.
Altunak haurren bueltan hilabete pasatzen du udan, eta gainontzean, bere eguneroko bizimoduan ere denbora ugari igarotzen du umeekin, 2024ko azaroaz geroztik irakasle gisa jarduten baitu lanean Donapaleuko (Nafarroa Beherea) Amikuze ikastolan.
Motzean:
- Adina: 31 urte.
- Ikasketak: Gorputz eta Kirol-ekintzen Sustapeneko goi mailako zikloa eta Lehen Hezkuntzako gradua.
- Lanbidea: irakaslea.
- Irakaslea ez banintz... fisioterapeuta izango nintzateke.
- Udalekuak amaitutakoan gustuko dut... kala galdu batera joatea.