Azkoitian bizi zara egun. Nolakoa izan da zu hona iritsi arteko bidea?
Senegaldik Frantziara abiatu nintzen 2004an; bisarekin sartu nintzen hara, baina egonaldia pasadizokoa izan zen, bi edo hiru egunean Italiara jaitsi nintzen eta. Bi urte egin nituen Italian, eta ondoren, Murtziara [Espainia] joan nintzen. Paperak-eta lortu, eta ia lau urtez egon nintzen bertan bizitzen. Segurtasun enpresa bat duen lagun batek, ordea, Donostiara lanera joateko eskaintza egin zidan. Probatzea erabaki nuen, eta hiru bat hilabetez bizi izan nintzen han. Ordea, lana ez zen finkoa, eta Azpeitiko Inox diskotekan atezain bat falta zutenez, Azpeitira joan nintzen bizitzera 2010ean. Duela bost urte etorri nintzen Azkoitira.
Anaitasuna futbol taldean diharduzu lanean orain. Zer egiten duzu?
Zelaiaren mantenuaz eta arropen garbiketaz arduratzen naiz. Lan asko izaten dut, ez naiz gelditu ere egiten: asteburuetan partida ugari izaten dira, eta aldagelak-eta garbitzen lan handia izaten dut. Arropak garbitzen eta maletak prestatzen ere aritzen naiz.
Eta zer moduz ari zara sentitzen lanbide berrian?
Gustura nago, etxetik gertu baitut lana. Gainera, aurrez nire lanpostua zutenek laguntza eskaintzen jarraitzen dute, eta oso eskertuta nago haiei. Klubeko jendeak ere ondo hartu nau. Esaterako, haurrekin hartu-eman polita sortu dut. Ikusi dut futbolak ez duela gaueko bizitzaren antzik, gauean iskanbila eta zalaparta gehiago izan ohi da eta.
Gustuko al duzu futbola?
Anaitasunaren partidak ikustera joaten naiz, nola ez, baina saskibaloia gehiago gustatzen zait; lanetik tarte bat hartzeko aukera dudanean Iraurgiren partidak ikustera joaten saiatzen naiz. Gainera, semeak saskibaloian jokatzen du, eta alabari ere horretarako nahia pizten ari zaio azkenaldian.
Nolakoa zen zure bizimodua Euskal Herrira iritsi aurretik?
Senegalgo edozein mutikorena bezalakoa: ikasi, jolastu eta lan egin behar izaten nuen. Ez nuen bizimodu erraza, eta horregatik, Europara etortzea erabaki nuen. Europara etortzea da askoren ametsa Afrikan, baina, behin hona etorrita, bestelako errealitate batekin egiten dugu topo. Nik denetarik egin behar izan dut: kaleko saltzailea izan naiz, kalean egin dut lo... Asko sufritu dut, borroka asko egin dut, eta hala, amets batzuk errealitate bihurtzea lortu dut.
Hemen asko aldatu al zaizu bizimodua?
Ez zen batere erraza izan hasieran hona egokitzea. Bakarrik iritsi nintzen, nahiz eta orain familia hemen izan. Telebistan ia egunero ikus daitezke afrikarrak pateretan hona iristen, baina nik ez nuen nahi nire seme-alabek nik beste sufritzerik. Munduak askea izan beharko luke. Oro har, hona etorrita bizimodua onerako aldatu zaidala esango nuke. Asko maite ditut Azkoitia eta Azpeitia. Bi herriek oso ondo hartu naute; maite naute, ia denek ezagutzen naute, eta horrek poztu egiten nau.
Zer egitea gustatzen zaizu hemen gehien?
Azkoitiaren eta Azpeitiaren artean dagoen gertutasuna dut gustuko gehienbat. Bizikletarekin nahiz oinez itzuli ederrak egiten ditut.
Eta zeren falta sumatzen duzu Senegaldik?
Familiaren eta lagunen hutsunea nabari dut; sarritan etortzen zaizkit haien oroitzapenak gogora. Ez dut ahazten nire jaioterria. Gainera, beti esan izan ohi dut sorterrira itzuli egin behar dela, bestela galdu egiten dela bat munduan.
Urte batzuk barru Senegalera itzuliko zara orduan?
Urte asko daramatzat Senegaldik kanpo, leku askotatik igaro naiz, eta baliteke egunen batean berriro hara itzultzea. Ordea, nire seme-alabak hemen geldituko dira ziurrenik, haiek euskaldunak dira-eta dagoeneko. Erretiroa hartzeko oraindik urte batzuk geratzen zaizkidanez, oraingoz lan egiten jarraitu beharko dut.