Theophilus Yator eta Irene Pelayo irabazle, Azkoitia-Azpeitia maratoi erdian

Andoni Elduaien 2025ko mar. 29a, 22:32

Gizonetan, Yatorrek 01.02.06 denbora egin du, eta emakumeetan, Pelayok 01.13.36 denboran amaitu du ibilbidea. Zortzi kilometroko lasterketa motza, bestalde, Jokin Bellido oriotarrak irabazi du eta emakumeetan, Uxue Mardarasek. Gurpildun auliko atleten lasterketan, berriz, Ion Galarraga nagusitu da.

Theophilus Yatorrek (01.02.06) eta Irene Pelayok (01.13.36) irabazi dute Diego Garciaren oroimenezko 32. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia. Lasterketa hasi aurretik askok marka egiteko eguraldi ezin hobea zegoela zioten arren, probaren historiako denbora onenetatik urrun gelditu dira gaurko irabazleak. Azkoitiko Julio Urkixo etorbidean hasi da lasterketa eta Azpeitiko Loiolako Ignazio hiribidean amaitu, eta guztira, 1.200 parte hartzaile izan dira maratoi erdian.

Gizonetan azken unera arte latz egin behar izan dute korrika keniarrek; izan ere, azken metroetan zabaldu du garaipena lortzeko tartea Yator. Johana Erot sailkatu da bigarren (01.12.16) eta Mark Kiptoo hirugarren (01.02.24). Emakumeetan, aldiz, Santanderko (Espainia) Pelayo hasiera-hasieratik izan da lasterketa buruan. Elena Loyo gasteiztarra sailkatu da bigarren (01.16.20) eta Oviedoko (Espainia) Patricia Alvarez hirugarren (1.21.20).

Dena ere, zortzi kilometroko lasterketaren aldeko hautua ere askok egin dute; aurten, gainera, inoizko parte hartzaile gehien izan ditu probak: 600 korrikalari inguru. Gizonezkoetan helmugara iristen aurrena Jokin Bellido oriotarra izan da (00.25.50). Bigarren Julen Azpiazu azpeitiarra sailkatu da (00.26.24), eta hirugarren, iaz bezala, Mikel Velasco arrasatearra (0:26:29). Emakumeetan, Maruri Jatabeko (Bizkaia) Uxue Mardaras nagusitu da (0.29.48), haren atzetik bigarren helmugaratu da Itziar Ibarbia alkizarra (00.31.50) eta Iratxe Aranburu zarauztarrak osatu du podiuma (00.32.23).

Handbike proban edo gurpildun aulkiko atleten lasterketan, Bidegoiango Ion Galarraga izan da aurten ere txapelduna, 00.58.44 denborarekin; bigarren sailkatu da Sunbillako (Nafarroa) Asier Navaridas (01.01.00) eta hirugarren Mikel Goikoetxea amezketarra (01.04.52).

Etxekoak maila onean  

Beste urte batez, Azkoitiko eta Azpeitiko lasterkari onenak ere saritu dituzte behin lasterketa bukatu denean. Maratoi erdian, 93 azkoitiarrek eta 132 azpeitiarrek parte hartu dute gaurko proban. Gizonetan, Imanol Larrañaga azkoitiarra sailkapen orokorreko zazpigarrena izan da (01.08.29), eta hura izan da Azkoitikoen artean onena. Azpeitiarretan azkarrena, berriz, Javier Egiguren (01.13-19) izan da lehena. Emakumeetan, Ane Alberdi azpeitiarra (01.25.15) seigarrena izan da sailkapen orokorrean, eta hura izan da Azpeitikoen artean helmugara iristen aurrena. Azkoitikoen artean, berriz, Miren Murua (01.29.36); sailkapeneko bederatzigarren emakumea hura izan da.

Lasterketa motzean, 115 izan dira azkoitiarrak eta 105 azpeitiarrak. Azkoitiarren artean, Marcos Zaldibia (00.26.20) izan da aurrena gizonetan, eta emakumeetan, Andrea Muñoz (00.36.03). Azpeitiarren artean, sailkapenean bigarren sailkatu den Julen Azpiazu izan da aurreneko gizona, eta emakumeetan, Ilazki Odriozola (00.32.55). Honako lotura honetan ikus daitezke probako sailkapen guztiak.

Omenaldiak, beti hunkigarri

Lasterketei hasiera emateko suziria Trikigiroko Haritz Garmendiak bota du Agustin Jimenez antolatzailearekin batera. Dena den, aurretik ere izan da festa. Aurten, Running festa dena Erromerian egitera animatu dituzte parte hartzaileak, eta hala, trikiti eta pandero doinuak nonahi entzun dira. Antolatzaileek trikitia eta atletismoa uztartu nahi izan dituzte aurtengo edizioan, eta horren aitzakian, trikitilariak kalejiran iritsi dira irteera punturaino.

Diego Garcia, Alejandro Gomez eta Jone Basterra atletei omenaldia egin diete. Haien senideei lore sortak eta oroigarriak emateaz gain, dortsalak ere entregatu dizkiete. Ondoren, Trikigiroko hainbat lagunek eta Sahatsa dantza taldeko dantzariek bi dantza eskaini dizkiete.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide