Zimenduak kolokan

Lokalak etxe, aukera bat

Aitziber Arzallus 2025ko mar. 26a, 10:38

Lokalak Zestoan. (Aitziber Arzallus)

Merkataritza lokalei etxebizitza erabilera ematea ahalbidetzen duten ordenantzak indarrean dituzte Zarautzen eta Zestoan, etxebizitzaren arazoa zertxobait arintzeko helburuarekin.

Etxebizitza gazteen kezka iturri handienetakoa da, eta ez da gutxiagorako. Bizitza proiektu bat garatzeko ezinbesteko elementua da, baina ia ezinezko bihurtu da bat eskuratzea, eskaintza urria delako, eta dagoen hori, oso garestia. Erakundeak horren jakitun dira, eta bailarako udalak ari dira neurri batzuk martxan jartzen. Eskualdean bertan, hainbat dira adibideak: Azpeitiko Udala etxe hutsei kanona ezartzen hasi da, Orioko Udalak ez du etxe turistikoetarako lizentzia gehiago emango, Zestoa eta Zumaia tentsio handiko eremu izendapena eskuratzeko bidean dira... Jakin badakite neurri horiek ez dutela etxebizitzaren arazoa konponduko, baina zertxobait arintzeko balio dezaketelakoan ari dira. 

Asmo hori bera du Zestoako Udalak orain hilabete batzuk onartu zuen ordenantza batek ere; hain zuzen ere, merkataritza lokalei bizitoki erabilera emateko aukera arautzen duenak. Ez da bide hori jorratzea erabaki duen eskualdeko aurreneko herria; Zarautzen 2010etik indarrean dute aukera hori. Eta Zestoan bertan ere ez dute lehendabiziko saiakera; 2007an ere antzerako ordenantza bat onartu zuen udalak, murritzagoa, baina norabide berean zihoana. Ordukoak, baina, iraupen mugatua izan zuen; bi urtez egon zen indarrean, eta ez zuen jarraipenik izan. Oraingo honek bide luzeagoa egingo duen itxaropena du Mikel Arregi alkateak, eta herriko etxebizitzen salmenta eta alokairu prezioetan nolabait eragingo balu, beteta luke helburua. 

Zestoan, hasten

Zestoako udalbatzak iazko uztailean eman zion hasierako onespena ordenantza berriari, eta urtea bukatu aurretik sartu zen indarrean, behin betiko onespena emanda. Hiru hilabete pasatuta, neurriak herritarren artean interesa sortu duela baieztatu du Arregik. "Ordenantza berria onartu genuenetik mugimendua egon da eta badago. Esan genezake era askotako interesak sortu dituela, eta profil oso desberdinetako jendea etorri da udaletxera argibide bila". Galdezka joandakoei beharrezko azalpenak eman dizkiete udal langileek, baita gauza bat argi utzi ere: "Denei garbi esan diegu hau araututa dagoela oso, eta inori ez diogula utziko hemendik inolako onura ekonomikorik ateratzen". 

Zestoan, ordenantza berriak herritarren interesa piztu duela adierazi du Mikel Arregi alkateak 

Zestoan, beste toki askotan bezala, etxebizitzarekin arazo handia dutela onartu du alkateak. "Arrazoiak hainbat dira, eta bat da etxebizitza negozio bihurtu dela. Horregatik, etxebizitza erabilera ematen zaien lokalekin ezingo da espekulatu. Xehetasunetan ez naiz sartuko, baina badaude bitarteko batzuk hori saihestu ahal izateko, eta hain zuzen ere, hori da udalak ordenantza bidez arautu duena".

Araudiak, alde batetik, lokalak bizitoki bihurtzeko bidea erakusten du; baina, bestetik, mugak ere jartzen ditu. Kokapena da horietako bat. Herriguneko eta Arroabeko lokalei eragiten die araudiak, eta salbuetsita daude Zestoako kasko historikoan, herriko plazan eta Laranjadi plazan dauden lokalak, baita Portale eta Gesalaga kaleetan daudenak ere, herriko bi arteria nagusiak izanik, bi kale horietan merkataritza erabilerarako lokalak egotea lehenesten duelako erakundeak. 

Lokal horien kokapenaz gain, bete beharko dituzten gainontzeko baldintzak ere zehazten ditu ordenantzak. Izan ere, nahiz eta kokapenagatik kalifikazio aldaketa egitea posible izan, bizigarritasunari dagokionez ere gutxieneko batzuk bete beharko dituzte lokal horiek. "Izatez lokal asko daude, baina ez dakiguna da guztien egoera zehatza, hau da, bizitoki kalifikazioa lortzeko baldintzak betetzen dituzten ala ez". 

Hortik aurrera, ordenantzak aukera bat baino gehiago ematen dituela azaldu du Arregik. "Izan liteke herritar batek lokal bat edukitzea eta lokal hori etxebizitza bihurtzea, beretzako edo beste batentzako. Izan liteke herritar bat etxe bila ibiltzea, lokal egokia topatzea, erostea eta etxebizitza bihurtzea. Eta izan liteke hirugarren batek egitea ere". Adibide bat jarri du: "Etorri zaigu kontu horietan ibiltzen den bat hainbat lokal erosteko intentzioarekin eta moduarekin, horiek prestatu eta alokairuan jartzeko. Hor badago interes ekonomiko bat, eta onar dezakegu, baina arau batzuk beteta eta prezio batzuen barruan. Uler dezakegu lokal bat hartu, obra egin, alokairuan jarri eta dirutxo bat irabazi nahi izatea, baina dirutxo bat izango da, ez dira milioiak izango".

Etxebizitza horiekin ezingo dela espekulatu ziurtatu du, neurriak hartu dituztelako

Alkateak zehaztu du etxebizitza horien urteko alokairu errentak etxeak guztira balio duenaren %10 ezingo duela gainditu, eta metro koadroaren gehienezko salneurria ere jarrita dutela; hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza sailak tasatutako etxebizitzei jarritako gehienezko prezioa izango da. "Hortaz, hitzartutako prezioa duten etxebizitzak izango dira, ez etxebizitza libreak". Muga horiekin, eta lokalen azalera kontuan hartuta, etxebitza horien prezioak "duinak" direla uste du Arregik.

Zarautzen, aspalditik

Zarauzko Udalak 2010ean onartu zuen lokalak bizitegi bihurtzeko ordenantza, Iñaki Mendia Zarauzko Etxebizitza Bulegoaren arduradun juridikoak gogora ekarri duenez. "Zarautzen kasuan, ordenantza hori beti egon da lotuta etxebizitza premia dutenei", zehaztu du. "Kalifikazio aldaketa batekin etxebizitza libre bihurtuko ziratekeen lokalak, jabearen mesedetan, baina ez etxe bila zebiltzanenean. Zenbait udalerritan gertatu ziren horrelakoak, baina Zarautzen hasieratik zaindu zen hori". Nola? Horrelako etxebizitza bat eskuratzeko baldintzatzat jarrita Etxebiden alta emanda egotea eta Zarautzen erroldatuta egotea. "Etxebiden alta emanda egotea da modu bat etxebizitza premia duzula ziurtatzeko. Etxebide da Euskadiko Etxebizitza Babestuen Eskatzaileen Erregistroa, eta hor izena emanda egotea premia hori duzunaren adierazletzat hartzen dugu". Bizigarritasun baimena lortzen duten lokalak automatikoki etxebizitza babestu izatera pasatzen direla azaldu du Mendiak; zehazki, etxebizitza tasatu.

Zarautzen etxe tasatu bihurtzen dira bizigarritasuna lortzen duten lokalak

2021ean udalak zuzenketa bat egin zion 2010eko ordenantzari, eta esparru horretakoa zen zuzenketa. "Etxe tasatuen Zarauzko ordenantza 2009koa da eta bi eratako etxe tasatuak bereizten ditu, araubide berezikoak eta orokorrekoak; bi izen desberdin eta bi salmenta prezio desberdin. 2021eko zuzenketan, besteak beste onartu zuten lokala etxe bihurtzen denean araubide bereziko tasatu egiten dela, hau da, tasatuen artean merkeena nolabait azaltzeko, eta etxe horiek Eusko Jaurlaritzak tasatuei ezarritako gehienezko prezioa izan dezakete. Eta hortik aurrera, ondorio guztietarako bihurtzen dira tasatutako etxe, Salberdingo tasatutako etxeak balira bezalaxe, behin betiko kalifikazioarekin, ohiko etxebizitza izan behar dute, salerosketa guztietan udalak baimena eman behar du eta abar". Zehazki, udal tasatuak direla esan du, baina momentuz Zarauzko ordenantza Jaurlaritzarenean oinarritzen denez, prezioak hark markatutakoak dira. 

Ordenantza onartu zutenetik urte dezente pasatu dira, baina era horretako etxeen kopurua izugarria ez dela adierazi du Mendiak; "orain arte 30 dira exekutatu diren kalifikazio aldaketak". Haren hitzetan, kontuan izan behar da lokal guztiek ez dutela balio etxe bihurtzeko. "Esate baterako, Vista Alegren-eta badaude oso egokiak izan daitezkeenak, lokalen hasierako egituragatik, eta kalifikazio aldaketa oso erraz lortu dezaketenak, baina beste askok ez dute balio; izan ere, ziurtatu behar da sortuko den etxe hori duina izango dela eta ez edozein moduzkoa".

Besteak beste, udalak baimendu beharko ditu etxebitza horien salerosketa guztiak 

Prozesua bi eratara abiatu daiteke: lokalaren jabeak hasi dezake edo etxe bila dabilen herritarrak. "Etxe premia duenak lokala aukeratu eta jabearekin erosketa adostu behar du, eta bera hasten da enpresa sustatzaile batek eskala handian egiten duen lan bera, baina eskala txikian egiten". Tramitazio faseak bi puntu izaten dituela azaldu du: "Teknikoa, arkitektoekin egin beharrekoa, jatorrizko proiektuan aurreikusita ez zegoen etxe hori egoki sartzeko; eta bestetik, juridikoa, alegia, baimenena, esaten duena honek ez duela balio edozein erabileratarako eta tasatua izanik baldintza batzuk bete beharko dituzula". 

Lokal jabeak askotan kexatzen zaizkiela esan du Etxebizitza Bulegoaren arduradunak: «Esaten digute gaizki ari garela salneurrian gehienezko muga jartzen. Gaur egun 80 metro koadroko etxe tasatu baten gehienezko prezioa 260.000 euro da. Prezio horretan sartzen dira obra eta lokalak balio duena. Jabeei gutxi iruditzen zaie eta esaten digute zeinekin pentsatuta jartzen ditugun prezioak, eta erantzuten diegu honen guztiaren helburua ez dela inork negozioa egitea edo inor aberastea». 

Nabarmendu du lokalaren jabeari inork ez diola ezer kentzen, kontrakoa baizik. «Lokala erosi zuenean zituen eskubide berberak izaten jarraituko du, eta gainera, erabilera aldaketak gehigarri bat ematen dio, aukera gehiago, lehen ez zuen erabilera bat emateko aukera». 

Finantzaketa

Prozesu guztiko unerik zailenetakoa finantzaketa lortzekoa izaten da. «Puntu garrantzitsua da eta ez da komeni nahastea soroan dagoen garia eta pastela. Lokala erosten ari garenean, lokala ari gara erosten; izan ere, gerta daiteke lokala erosi eta gero obra baimenik ez lortzea. Ez da ohikoa, baina gerta daiteke. Ziurtasuna obra baimenak ematen dizu, eta ordura arte segurtasun juridikorik ez daukazu». Etxebizitza Bulegoan badute lokal egokiak izan daitezkeenen zerrenda, baina soilik informatiboa dela esan du, ez binkulantea. «Baldintzak bete egin behar dira, eta horretarako proiektu bat behar da, eta gero hori udalak onartzea. Proiektua idatzi bitartean, aurreikuspenetan gaude. Banketxe batera mailegu eske joaten bazara, zer baldintzatan zoazen argi izan behar duzu, mailegua horren arabera emango baitizute». 

Erlazionatuak

"Oso prozesu neketsua da"

Aitziber Arzallus mar 26 Hirigintza

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide