Herriko mugikortasuna nolakoa den aztertzera atera dira ikasleak

Andoni Elduaien 2025ko mar. 18a, 15:39

Ikasleak auto bati isun sinbolikoa jartzen. (Udala)

Eskolako Agenda 2030 programaren barruan, mugikortasun jasangarria ari dira lantzen herriko ikastetxeetan. Hainbat lanketa egingo dituzte datozen asteetan, eta hori horrela, gaur goizean kalera atera dira mugikortasuna nolakoa den aztertzera.

Eskolako Agenda 2030 programaren barruan eta udala egiten ari den Mugikortasun Plana aitzakia hartuta, herriko ikastetxeetako ikasleek goiza eskolatik kanpo igarotzeko aukera izan dute gaur, asteartea. Mugikortasun jasangarriaren gaia ari dira lantzen ikastetxeetan, eta hori horrela, hainbat behaketa egiteko prestatzen aritu dira ikasleak goizean zehar.

Udalak azaldu duenez, gaztetxoek hainbat lanketa egingo dituzte mugikortasun jasangarriari lotuta, eta horien artean, herri jasangarri bat irudikatuko duten horma-irudiak egingo dituzte. Horrez gain, eskolarako bidearen errepasoa egitea ere bada haien asmoa. Hori hala, eskolako joan-etorriak oinez egitea posible al den aztertuko dute.

Udaltzainen lanetan ere murgildu dira goizean beste batzuk; izan ere, ikasle talde bat isunak jartzen aritu da gaizki aparkatuta zeuden ibilgailuei; udaltzainekin ere izan dituzte elkarrizketak herriaren egoera hobeto ulertzeko asmoz. Horrez gain, beste ikasle talde batzuek herritarrekin elkarrizketak izateko asmoa ere badutela azaldu du udalak, azkoitiarrek mugitzeko zer ohitura dituzten ezagutzeko. Halaber, etxe bakoitzeko herritarrek zenbat auto dituzten galdetzea ere bada haien asmoa.

Bigarren hezkuntzako ikasleek, bestalde, bidegorriaren bueltan kokatu dute lanketa. Hura aztertzeaz gain, bide horren erabiltzaileen iritziak jasoko dituzte. Ohituren inguruko galderak ere egingo dizkiete zenbait ikaslek azkoitiarrei, besteak beste, erosketak egiteko nahiz lanera joateko joerez eta autoa partekatzeko ohituraz. Batxilergoko ikasketak egiten ari diren ikasleek, azkenik, "behaketa lan sakonak" egingo dituztela azaldu du udalak. "Herriko espazio publikoaren antolaketaren ikuspuntua aztertuko dute".

Ikasleak kalera atera dira goizean. (Udala)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide