Merkal Oinetakoak enpresako Gipuzkoako saltokietako hainbat beharginek 269 egun igaro dituzte greban, harik eta martxoa hasterako zuzendaritzarekin hitzarmena lortu zuten arte. Zazpi hilabeteko grebaren eta mobilizazioen ostean, beharginek hainbat eskubide lortu dituzte lan baldintzei dagokienez, eta hamasei urtez iraungita izan ondoren, hitzarmena berritu dute. Dena den, langileek azpimarratu dute hainbat aldarrikapen akordiotik kanpo geratu direla, eta lan gatazka amaitutzat eman badute ere, etorkizunean aldarrikapen horiei eusteko asmoa dutela. Izan ere, 2027. urtera arte egongo da indarrean sinatu berri duten akordioa, eta orduan berrikusi egingo dute: "Hiru urte barru saiatuko gara akordiotik kanpo geratu diren eskaerak lortzen. Ez dugu nahi enpresak ezer oparitzerik, baizik eta ahalik eta kalitate onenarekin lan egitea", esan du Axun Azpiazu langileetako batek.
Merkal Oinetakoaken Azkoitiko saltokian lan egiten duten bi beharginetako bat da Azpiazu. ELA sindikatuko ordezkaria ere bada, eta hark azaldu du azken urtean egin duten borrokak balio izan duela enpresa ohartarazteko. "Borrokaren bidez helarazi diogu ezin dugula edozer gauza onartu, ezin dugula egunero lanean itota ibili. Zentzu horretan, garrantzitsua izan da borroka, lehen ez bezala, langileak batu egin garelako eta elkarrekin gaudela erakutsi dugulako".
2009tik iraungita zegoen lan hitzarmena berritu eta gero, langileek egutegian eta oporretan hobekuntzak izango dituzte. Besteak beste, hamasei orduko lanaldi murrizketa onartu dute, eta beharginek astean 36 orduko etenik gabeko atsedena izango dute, lehen ez bezala. "Orain arte, larunbatetan lan egiten genuen, eta horren ordez, konpentsazio moduan, urtean lau larunbat jai izaten genituen, baina enpresak berak agintzen zigun noiz hartu. Orain, hamabostean behin jai izango dugu larunbatetan, eta lan egiten dugun egun horien trukean, astelehen goizean atseden hartuko dugu. Modu horretara bermatuko dira langileen atseden orduak. Era berean, Aste Santuko egunetan zein inauterietako larunbatean lanera joatera behartzen gintuzten, eta orain, hautazkoa izango dugu hori. Egun horietan lanera joaten den langilea, gainera, diruz eta atseden egun batekin konpentsatuko dute".
Enpresak langileen oporraldiak ordezkatzea ere lortu dute grebaren eraginez, hori ere izan baita haien eskaera nagusietako bat. "Langile batek oporrak hartzen zituenean bakarrik geratzen ginen Azkoitiko saltokian, eta horrek lan karga handia eragiten zion lanean ari zenari. Ordea, bezeroen aurrean ezin dugu erakutsi estresak jota gaudela, haiei ahalik eta arreta onena eman behar baitiegu. Sinatu dugun akordioak jasotzen du ordezkatu egingo dituztela oporretan edo gaixoaldian dauden pertsonak, eta postu horiek betetzerakoan lehentasuna izango dute aurrez enpresan lanean edo ikasten egon direnek".
Bestalde, esku dirua erabiltzeagatiko kalte ordainaren plusa izatea ere lortu dute langileek: "Lurraldeko hitzarmenean jasotzen zen eskubide hori genuela, baina enpresak ez zuen ezartzen. Hori horrela, diruarekin egindako eragiketetan sor daitezkeen akatsak gure poltsikotik ordaintzen genituen", esan du Azpiazuk.
Dena den, ELAko ordezkariak azaldu duenez, ez dituzte aldarrikapen guztiak lortu; lehentasunezkotzat zuten antzinatasun saria, esaterako. Azpiazuren arabera, Bizkaiko hitzarmenak jasotzen du sektore horretako langileek antzinatasun saria jasotzea, baina Gipuzkoakoak ez, eta enpresa horretaz baliatu da plus hori ez ezartzeko. Ordea, langileak azpimarratu du Merkal Oinetakoakek Gipuzkoan dituela antzinatasun handienak dituzten langileak, eta hark uste du enpresak hori kontuan izan beharko lukeela: "Hitzarmenean jasota zeuden eskubide asko enpresak ez ditu bete orain arte, eta horren trukean eskatzen genion enpresari antzinatasun plusa aitor zezala. Izan ere, langileok asko eman dugu enpresaren alde, eta merezi dugu antzinatasun plusa kobratzea, ditugun soldatak justu samarrak direlako bestela ere".
Uste baino luzeagoa
Hogei urte daramatza Azpiazuk saltoki horretan lanean, eta tarte horretan ikusi du langileek "estres handiarekin" egin behar izan dutela lan. Hain zuzen, "langile askok" gaixo baimena hartu izan dutela azaldu du hark, estresak jota edo bestelako gaixotasun psikologikoengatik. "Lan karga handia genuen, baina enpresari benetan axola zitzaiona salmentak ziren. Ordea, salmentak egunero ez dira berberak izaten, eta askotan, egindako lana ez da islatzen salmentetan".
Egoeraren aurrean, langileek "planto" egitea erabaki zuten iazko apirilean. Hasieran, ostiraletan eta larunbatetan egiten zituzten lanuzteak, baina uztailean greba mugagabera jo zuten, ikusten zutelako enpresak egoerarekin "paso" egiten zuela. "Ez gintuen serio hartzen eta ez zuen uste horrela mobilizatzeko gai izango ginenik. Baina langileok guztia eman dugu, eta enpresa halako batean ohartu da zerbait egin behar zuela, guk ez genuelako greba uzteko asmorik". Azpiazuk aitortu du ez zutela uste aferak hainbeste denbora iraungo zuenik, eta azpimarratu ELAren erresistentzia kutxarik gabe ezin izango zuketela halako grebarik egin. "Asko" kostatu zaie langileei akordioan jaso dena lortzea, eta "nekatuta" amaitu dute haiek lan gatazka, baina balio izan die elkartzeko eta indarra egiteko; hain justu, Azpiazuk bihotza beteta du jaso duen elkartasunagatik: "Herritar asko gerturatu zaizkigu gure egoerarekiko interesa agertuz, eta Laneko Autodefentsa Sarearen babesa ere jaso dugu, hark ere parte hartu baitu mobilizazioetan".