Txikia IV.a aizkolariak eta Goenatxo III.a harri-jasotzaileak final bana dute igandean, Azpeitian

Maddi Txintxurreta 2025ko mar. 13a, 12:37

Urrezko Aizkora txapelketaren finala aurkeztu zuten atzo Azpeitiko udaletxean.

Igandean jokatuko dituzte Urrezko aizkolari eta harri-jasotze finalak, Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan. Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketako finala jokatuko du Txikia IV.ak Jon Rekondorekin bikotea osattua, eta Goenatxo III.ak Urrezko Harri-jasotze Txapelketako finala jokatuko du harri handien modalitatean.

Izarraitz frontoia herri kirolak maite dituztenen etxea izango da igandean, beste urte batez. Han jokatuko dira, 11:45ean hasita, gizonen XXV. Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketa, eta emakumezkoen nahiz gazteen lehiak, baita Urrezko Harri-jasotze Txapelketak ere. Zortzi txapel izango dira jokoan guztira: bost banatuko dira aizkolarien artean eta hiru harri-jasotzaileentzat izango dira.

Atzo argitu zituzten finalen ingurukoak Azpeitiko udaletxean, eta Ion Oteiza udaleko Kirol batzordeburuak aurreratu zuen zita "berezia" izango dela igandekoa. Batetik, egitasmoaren 25. urteurrena izango delako eta, bestetik, urte luzez Egur Sport elkartearekin Urrezko Aizkora txapelketa antolatzen aritu den Luis Mari Bengoaren azken urtea izango delako aurtengoa. "Eskerrik asko urte guztiotan egindako lanarengatik", esan zion zinegotziak Bengoari.

Igandekoa "goi mailako txapelketa" izango dela aurresan zuen Oteizak. Binakako urrezko mailan hiru bikote izango dira lehian: Hodei Ezpeleta eta Arkaitz Etxebeste; Julen Alberdi Txikia IV.a eta Jon Rekondo; eta Iker Vicente eta Eneko Saralegi.

Halaber, Uxue Ansorregi, Laiene Pikabea eta Karmele Gisasola Zelai III.a aizkolariek ere bilatuko dute txapela. 23 urtetik beherako eta 19 urtetik beherako hiruna kirolari ere Izarraitz pilotalekuan lehiatuko dira, eta azken bi talde horietako bakoitzeko irabazleek Gazte Kopa jokatuko dute.

Harri jasotzen, bestalde, Estefi Etxebeste, Maddi Gesalaga eta Ainitze Zumeta lehiatuko dira emakumeen txapelaren bila.

Gizonetan, berriz, Gari Garmendiak, Xabier Aranbru Guztak eta Jon Unane Goenatxo III.ak altxatuko dituzte harri handiak. Era berean, Paulo Azpiazu, Iraitz Arruti Burni Txiki eta Mikel Lopetegi Urra lehiatuko dira harri txikiekin.

Bengoaren agurra

Atzo iragarri zuen Luis Mari Bengoak aurtengoa izango dela antolatuko duen azken Urrezko Aizkora lehiaketa. "Orain dela 28 urte hasi ginen banakakoarekin. Lehenengoan, Peñagarikano izan zen txapeldun", gogoratu zuen prentsaurrekoan.

Bere ibilbide guztian, gazteak indartzea eta aizkolari eta harri-jasotzaileen txapelketen egutegiak urte osora zabaltzea izan ditu lehentasun Bengoak –37 ekitaldi egin zituzten iaz–. Bestalde, 2017an emakumeekin lanean hasi ziren antolatzaileak eta, horri esker, "beste itxura bat hartu dute gure herri kirolek", ziurtatu zuen Bengoak.

Iganderako sarrerak egunean bertan salduko dituzte frontoiko leihatilan, 25 euroren truke. 16 urtetik beherakoak, aldiz, dohainik sartu ahal izango dira Izarraitz pilotalekura.

Eskualdeko ordezkaritza

Ez dira gutxi igandean lehiatuko duten eskualdeko kirolariak: Azkoitiko Jon Unanue Goenatxo III.a eta Julen Alberdi Txikia IV.a, eta Zarauzko Maddi Gesalaga, Ainitze Zumeta, Paulo Azpiazu, Iraitz Arruti Burni Txiki eta Mikel Lopetegi Urra. Urrestillan bizi da, halaber, Xabier Aranburu Guzta.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide