Nolakoa izan zen SynovAI sortzeko prozesua?
Betidanik izan dut nire enpresa sortzeko ideia, baina ez nekien noiz iritsiko zen horretarako unea. Adimen artifizialaren inguruko ikasketak amaitu ondoren, praktikak egin nituen, eta enpresa hartan hartu ninduten lanean. Lanean ari nintzela ohartu nintzen etorkizunean ez nuela neure burua lan hura egiten ikusten. Kontratu laburra nuenez, amaitu zitzaidanean, neure ideia garatzeko une egokia zela pentsatu nuen.
Noiz eta zergatik jo zenuen Iraurgi Berritzen garapen agentziara?
Lehendik banuen Iraurgi Berritzenen berri, baita ekintzaileentzat dituen zerbitzuen berri ere. Baina pausoa ematea erabaki nuenean jo nuen hara; batik bat, informazio zehatzagoaren bila joan nintzen. Negozioa sortzeko prozesua ez da oso luzea izan: irailean jarri nintzen horretan buru-belarri, eta urrian lortu nuen SynovAI martxan jartzea. Prozesua azkar egin nuela dirudien arren, lehenagotik egindako lanaren emaitza izan zen. Prozesu horretan asko ikasi dut; ez dela erraza, lasai hartu behar duzula, gogoz hartu behar duzula eta zure ideian sinetsi behar duzula. Iraurgi Berritzeni esker, adibidez, analisi bat egitea beharrezkoa dela ikasi dut, eman beharreko pausoak zeintzuk diren eta horiek nola eman jakiteko. Era berean, enpresa edo negozioa abian izanda, bezeroak zeintzuk izan daitezkeen identifikatzen eta horiengana hurbiltzen lagundu didate.
Zergatik adimen artifiziala? Zer da, zehazki, SynovAI enpresak eskaintzen duena?
SynovAI-k adimen artifiziala jartzen du enpresen esku, horiei eguneroko lanetan laguntzeko asmoz. Egunerokoan dituzten lan errepikakorrak, batez ere, erraztea lortu dezakegu adimenaren bidez. Adibidez, enpresa askotan pertsonek lan zehatz bat egiten dute, beti lan bera, eta lan karga hori dutelako ezin izaten dituzte bestelako lanak egin. Adimen artifizialari esker, lan horiek automatizatu egin daitezke, bestelako lanak egin ahal izateko. Enpresek edo negozioek maila altxatzeko ere erabili daiteke adimen artifiziala; izan ere, aurretiazko hitzorduak zehazteko edota posta elektroniko edota telefono dei bidezko ohiko galderak erantzuteko erabil daiteke adimen artifiziala. Prozesu horiek automatizatuz gero, lana erraztu egin daiteke, eta langileei beren lanak egiteko denbora ematen zaie.
Beldur edo oztopo asko izan al dituzu bidean?
Gizarteak, oraindik ere, ez du oso ondo ulertzen adimen artifiziala zertarako erabil daitekeen. Hori oztopo bat izan da, esaterako. Baina hori da entzun dituzten gauzengatik; lanik gabe geldituko direla eta horrelakoak. Ziur nago, ordea, jendea ondo informatzen bada jabetuko dela lagungarria izan daitekeen tresna bat dela. Horrez gain, hasieran dena berria zen niretzat, eta horrek beldur apur bat ematen du; izan ere, ez dakizu nondik jo dena ondo joan dadin. Gainera, ni bakarrik aritu naiz prozesua egiten... Dena den, proiektuan sinetsiz gero, gauzak ondo irteten dira lehenago edo beranduago.
"Gizarteak, oraindik ere, ez du oso ondo ulertzen adimen artifiziala zertarako erabil daitekeen"
Beldur horiek izanda, eta proiektua urriaren amaieran abiatu zenuela kontuan hartuta, nolakoa da orain artekoaz egiten duzun balorazioa?
Denbora gutxi daramat honetan, baina lehendabiziko bezeroekin izan ditut harremanak. Balorazioa positiboa da; izan ere, bezero horiek gustura agertu dira eta etorkizunera begira gauza eta proiektu gehiago martxan jartzea aurreikusten dutela adierazi didate. Gustura nago.
Zeintzuk dira norberarentzat lan egitearen onurak eta desabantailak?
Onuretako bat da zure egunerokoa zeuk kudeatu dezakezula. Ordutegi zehatz bat izatea ez da beti positiboa: lan asko edo gutxi izan, gogotsu egon edo ez... beti hor egon behar duzu. Aldiz, ekintzaile izanik beste modu batera antolatu zaitezke, eta hori niretzat hobea izan daitekeela uste dut.
Eta zeintzuk dira pertsona ekintzaileak izan edo landu behar dituen gaitasunak?
Ekintzaile izatea ez da pertsona guztiek izan dezaketen ezaugarria. Baina, behin bide horretan sartutakoan, aurrera egiteko gogoa behar da. Izan ere, gauzak ondo badoaz, erraza da jarraitzea. Aldiz, egun korapilotsuak dituzunean, zaila da amorerik ez ematea. Gaur egun, agian, errazegi edo azkarregi errenditzen da jendea.
Zer aholku emango zenioke enpresa sortzera doan pertsonari?
Aurrera egitera animatuko nuke. Gogoa izanez gero, probatu egin behar da, beti ere, burua erabiliz noski. Aurrez esan bezala, analisi bat egiteak asko laguntzen du bidean. Dena den, gogoarekin ez gelditzeko esango nieke; zerbaitetan sinetsiz gero, aurrera egin behar da, nahiz eta prozesua luzea izan. Bi egunetan ez da dena aurrera aterako, baina pausoa eman eta saia daitezela.
Zeintzuk dira aurrera begira SynovAI enpresarekin dituzun asmoak?
Enpresek adimen artifizialean gehiago sinestea lortu nahi dut. Aurrera begira, berriz, talde bat sortzea gustatuko litzaidake, eta poliki-poliki, negozioa indarra hartzen joatea. Zentzu horretan, edonork informazioa nahiko balu jar dadila nirekin harremanetan paulo@synovai.ai posta elektronikoaren bidez.
Negozio ideia bat baldin baduzu, Iraurgi Berritzenen Klink ekintzailetza egitasmoan aurkituko duzu beharrezko laguntza guztia.