Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak 6,5 milioi euro inbertituko ditu aurten desgaitasuna edota laneratzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonen enplegagarritasun programetan eta zerbitzuetan. Halaxe iragarri zuen atzo goizean Mikel Torres lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak, Zarauzko KL Katealegaia lantegira eginiko bisitan.
Lurraldeko langile gehien dituen lan sozietatea da KL Katealegaia, eta, guztira, mila langile ditu Gipuzkoako hainbat bailaratan banatuta dituen hamabi instalazioetan; horietako bat Azkoitian du. Industriarako osagai teknologikoak ekoizten dituzte.
Lanbideko Administrazio Kontseiluak onartu bezala, 5,5 milioi euro bideratuko ditu Enplegu Zentro Berezietako Lanbide Jarduerari Laguntzeko Unitateetako langileen kostuak ordaintzeko, eta milioi bat euro aktibo ez-arruntak eta lanpostu egonkorrak sortzen dituzten laguntza teknikoak finantzatzeko. Horrela, 45 laguntza unitate diruz lagundu nahi ditu Jaurlaritzak, iaz baino hamar gehiago.
Torresek nabarmendu du Enplegu Zentro Bereziek ematen duten lan babestua "funtsezkoa" dela desgaitasuna duten pertsonak laneratzeko: "Zentro horiek gizarte eta lan ohiturak hartzea errazten dute, haien enplegagarritasuna hobetzen dute eta ohiko produkzio sisteman sartzea errazten dute».
Horri horrela, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak 77 milioi euro baino gehiago inbertituko ditu aurten Euskadiko Enplegu Zentro Berezietan, "lanpostuak mantendu eta sortzeko». Laguntza horien helburua da zentro horietan kontratatuta dauden desgaitasuna duten 11.000 pertsonen soldata kostuak finantzatzea.
Horrez gain, lan egonkortasuna eta segurtasun emozionala bermatzen duten errutinak eskaintzen dizkietela gaineratu du sailburuak. Hori kontuan izanda, garrantzitsutzat jo du proiektu horiek "babestea eta sustatzea». Araba, Bizkai eta Gipuzkoan laneratzeko enpresen eta enplegu zentro berezien "sistema sendo eta egonkorra" dagoela aditzera eman du Torresek, "pertsona guztiak garapenean eta oparotasunean sartzeko ahalegin partekatuari esker».