Erretratua

Mikel Iraeta: "Musika obsesiboa bihurtzean, iparra galtzen duzu"

Naia Arrizabalaga 2025ko api. 26a, 10:03

Mikel Iraetaren erretratrua. (Egilea: Gorka LarraƱaga)

Haurra zenean murgildu zen musikan Mikel Iraeta, Lajarekin trikitia ikasten hasi zenean. Ordutik, musika tresna asko jotzen ibilia da, eta musika talde ugaritan ere aritutakoa da azkoitiarra, hala nola Zizel zein Ro taldeetan. Gaur egun, Zatibi musika proiektuan bakarlari gisa jarduten du musika elektronikoa sortzen. Berea da Erretratua martxoko Azkoitia Guka aldizkarian.

Mikel Iraeta (Azkoitia, 1992) txikitatik da musikaria, eta musikaren esparruan era askotako gauzak egin izan ditu, batera zein bestera egokitzeko duen gaitasunaren erakusgarri. Hamaika proiektutako kide izan da, hala nola Zizel eta Ro taldeetakoa; eta gaur egun, Zatibi izenpean, musika elektronikoa sortzen jarduten du. Etxetik jaso zuen musikarekiko zaletasuna, eta bakarka nahiz taldean, azken urteetan teklatuak, baseak eta sintetizadoreak izan ditu musika sortzeko lanabes; ordea, oso bestelako musika tresna batekin hasi zuen bidea azkoitiarrak, Iñaki Garmendia Laja trikitilari zenaren ikaslea izan baitzen.

Gerora trikitia jotzeari utzi bazion ere, inoiz ez du alboratu musika; izan ere, 16 urterekin gitarra bat erosi zuen, eta Youtubeko bideoei begira ikasi zuen hura jotzen. Hasieran besteen kantuak jotzen bazituen ere, pixkanaka bereak sortzeari ekin zion, eta ondoren, pianoa ikasten hasi zen. Pianoaren jotzen arrastorik ez, eta orduko Passepartout taldeko Itziar Beitiak irakatsi zizkion oinarrizko teknikak, eta haren kontzertu batean ere jo zuen.

Bere lanak Youtuben egin zituen publiko Iraetak, bere izen-abizenekin, erreferentetzat zituen pianistek ere gauza bera egiten zutelako. Lehenengo lana arrebari egindako urtebetetze opari bat izan zen, arentzat sortutako abesti bat. Hain zuzen, kantuak egiteko orduan, beste taldeetakoak izan ditu Iraetak inspirazio iturri. Gerora, musika elektronikoan bakarlari gisa egindako bidean, beste kontu bat sortzea erabaki zuen Zatibi izenarekin: "Hutsetik hastea nahi nuen eta ez bi kontuek bat egitea, modu horretara bi proiektu desberdin balira bezala agertzen zaizkio entzuleari".

Taldeen izenei dagokionez, Ro-ren izena nondik datorren ondo gogoan du azkoitiarrak: "Taldeko batek galdetu zuen: 'Hau ze nota duk, do edo re? Eta beste batek erantzun: ro!'". Hortik sortu zen taldearen izena. Zatibi izenak, berriz, matematika eta musika uztartzen ditu. Izan ere, Iraeta matematika irakaslea izanik, "zati bi" behin eta berriz erabiltzen du egunerokoan.

Iparra galduta

Zatibi proiektua 2023an kaleratu zuen azkoitiarrak, ODD diskoarekin batera. Lana eginda zeukanean, Tomas Lizarazu musikariak diskoari abesti bat falta zitzaiola esan zion, eta Hau naz kantua sortu zuen orduan Iraetak, Itziar Ituñoren letrekin. Diskoan letra daukan kanta bakarra horixe da, eta berezia da berarentzat, asteburu bakar batean sortu baitzuen. Diskoan izenak jartzean, asko eta asko "ausaz" hautatzen dituela aitortu du, bere abesti ia gehienek letrarik ez dutela azpimarratuta: "Izenak zentzurik ez badu ere, hitzaren soinuari eta esateko erraza izateari erreparatu izan diot". Hala ere, gero abestien izenei esanahia aurkitzea lortu izan du musikariak.

Kantuak sortzerako orduan, sintetizadore analogikoak erabili izan ditu azkoitiarrak, baina geroz eta gehiago sortzen ditu abestiak ordenagailu bidez. Hain zuzen, azken urteetan, musika egiterakoan, ordenagailua lan tresna oso baliagarria zaio Iraetari: "Trenean noan bitartean, orduak eta orduak pasatu izan ditut aurikularrak jarri eta musika sortzen, baita Azkoitiko kanpoko igerilekuetan ere".

Iaz kaleratu zuen azken single-a hark: Ezin alda. Eta ordutik pare bat abesti sortu ditun arren, argitaratzeko "dudak" dauzkala onartu du Iraetak. Izan ere, joan zen urtean "perspektiba galdu" zuela aipatu du, eta orduan hasi zela musika norentzat eta zergatik sortzen duen galderak egiten bere baitan. Garai hartan, ordenagailuaren aurrean denbora asko pasatzen zuela aitortu du musikariak: "Musika obsesiboa bihurtzean, iparra galtzen duzu", esan du. Obsesioa feedback-ak eragindakoa izaten zela dio, kantu bat publikatzen zuenean beste bat egiteko beharra sentitzen zuela. Ildo horretan, norbere burua asetzeko lagunen babesa "nahikoa ez" dela onartu du: "Beti gehiago nahi duzu, jende gehiagorengana iristea. Horrelakoetan, zurrunbilo batean sartzen zara, harik eta norbaitek esaten dizun arte hortik atera behar duzula".

Azken urteetan bidea bakarlari gisa ari da urratzen, baina onartu du taldeko giroa faltan sumatzen duela: "Asteburua iritsi eta kontzertura taldearekin joateak beste xarma bat dauka; bakarrik joatea, berriz, sarritan astuna egiten da". Gaur egun, Ro taldeak kontzertu gutxi ematen baditu ere, taldekideekin oraindik "asko" disfrutatzen duela dio.

Bestalde, egun sorkuntza beste modu batera bizi badu ere, musika entzuten jarraitzen duela nabarmendu du Iraetak. Musika elektronikoa da gehien entzuten duena, baina beste musika estilo batzuetako artistak ere jarraitzen ditu; flamenkoa egiten dutenak, esaterako.

Munduan zehar

Musikarekin batera eta bestera ibili izan da artista gaztea, eta munduko txoko desberdinetan egin ditu egonaldiak. Matematikako Gradua ikasi zuen Leioako unibertsitatean, eta garai haietako oroitzapen garratza du Iraetak, ikasketak "burugogorrean" amaitu zituela onartzeraino. Ikasten zegoen garaian ere bazuen loturarik musikarekin, baina ikasketak amaitzean areagotu zitzaion artista sena. Hain zuzen, Zizelen taldekide zuen Alberto Martinezek esanda, Kataluniako hiriburura joan zen duela urte batzuk, han musika sortzeko asmoz, eta hango egonaldia unibertsitate garaian egin ezin izan nituenak egiteko modua izan zela adierazi du.

Kataluniatik Mexikora egin zuen salto azkoitiarrak; bikotekidearekin batera joan zen hara, boluntario lanak egitera. Guatemalako mugan migratzaileei laguntzen aritu ziren biak, eta ondo gogoan ditu han bizitakoak: "Hasieran oso gogorra egin zitzaidan, baina egunero zerbait ikasten genuen eta asko eman zidan esperientzia hark". Zazpi hilabete igaro zituzten han, eta oraindik ere harremana izaten jarraitzen dute hango zenbaitekin. Handik, berriz, Iruñera joan zen bizitzera, eta bertan bizi da gaur egun.

Jaioterrira begira, Matadeixe "leku berezia" dela aitortu du azkoitiarrak: "Matadeixen ibili ez banintz, ez nituzkeen nire taldekideak ezagutu ere egingo; hemengo musikarioi asko eman digu etxe horrek". Lekuez gain, Holz Und Blech musika elektronikoaren jaialdia ere goraipatu du, hartu duen sona "izugarria" dela iritzita. Iaz Azkoitiko jaialdian parte hartu zuen Iraetak, eta orduko oroitzapen "oso ona" daukala nabarmendu du. Datorren hilean ere jaialdian saioa eskainiko duela aurreratu du.

Motzean

  • Adina: 32 urte.
  • Ikasketak: Matematikako Gradua eta Irakaskuntzako Masterra.
  • Lanbidea: matematika irakaslea.
  • Kontzertua amaitutakoan gogoko dut… taldekideak besarkatzea.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide