Energia komunitateak bidea zabalik

Ane Olaizola 2025ko api. 15a, 09:00

Urretxuko Ekiolaren azpiegitura, Sasietako Garbigunearen ondoan. (Krean kooperatiba)

Urretxuko Ekiola eguzki energia kooperatibaren kide da Azkoitiko Udala, eta herritarrek aukera dute hango bazkide egin eta instalazioaren zati bat eskuratzeko. Energia burujabetzaren bidean, energia sortzeko "pauso txiki" bat dela azaldu dute sustatzaileek. Otsailean, Azkoitiko hamabi familia zeuden izena emanda.

Urte erdi igaro da Azkoitiko Udalak lankidetza hasi zuenetik Urretxuko Ekiola energia kooperatibarekin. Iraileko udalbatzarrean, udal ordezkariek aho batez onetsi zuten erakundeak eta kooperatibak akordioa sinatzea, eta modu horretan, herritarrek aukera dute Ekiolaren proiektu fotovoltaikoan bazkide izateko, Azkoitia azpiegitura horien 25 kilometroko erradioaren barruan dagoelako. Hain zuzen, eguzki plakekin 1,25 megawatt sortzeko gaitasuna izango duen azpiegitura eraikitzen ari dira Urretxuko Sasietako Garbigunearen ondoan, 1,3 hektareako betelan batean, eta herritarrek oraindik eman dezakete izena.

Mondragon Taldeko Krean kooperatibak, Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) eta Azkoitiko, Ezkio-Itsasoko, Antzuolako eta Urretxuko udalek osatzen dute Urretxuko Ekiola energia komunitatea, eta Kreaneko kide Hodei Arzakek azaldu duenez, 600 bazkide inguru hartzeko ahalmena du proiektuak. Haren arabera, 130 bat familiak eman dute izena oraingoz, eta Azkoitian, momentuz, apala izan da erantzuna, hamabik bakarrik egin baitute bat kooperatibara. Ildo horretan, Arzakek onartu du maiz "kosta" egiten zaiela herritarrengana iristea. "Energiaren prezioak gora egiten duenean, jendea mugitzen hasten da, baina bestela, ez horrenbeste. Orain [erreportajea otsailaren erdian idatzitakoa da], esaterako, prezioak gorakada handia izan du, eta antzeman dugu herritarren artean interesa piztu dela". Izan ere, esan gabe doa energiaren merkatu librea gorabeheratsua dela, baina energia komunitatearen sustatzaileek azpimarratu dute Ekiola ez dela herritarren ekonomiarako "inbertsiorako proiektua"; haren arabera, energetikoa da kooperatibak bermatzen duen inbertsioa. "Norberak ingurumenarekin eta energia burujabetzarekin izan dezakeen arduraren arabera, pauso txiki bat eman dezake energia sortzeko", azpimarratu du Arzakek.

Hain zuzen, kooperatibako bazkide egiten diren herritarrek instalazioaren zati bat eskuratzen dute kapital ekarpen bat eginda. Modu horretara, energia burujabetzara "jauzi bat" eman dezakete bazkideek, baina Arzakek argitu du Urretxuko Ekiola ez dela, berez, autokontsumorako proiektu bat. Izan ere, Espainiako errege dekretu batek zehazten du norbere teilatuan edo bi kilometro baino gutxiagoan dagoen azpiegitura fotovoltaikoa dela autokontsumoari dagokiona, baina kasu honetan, kooperatibaren azpiegiturek distantzia hori gainditu egiten dute. Ordea, komertzializazio eskema baten bitartez, kooperatibak sortzen duen energiaren ekonomia fakturara eramaten da, eta horrela "justifikatzen" da Ekiola energia sortzen duen kooperatiba dela. "Herritar guztiek ez dute aukera halako azpiegiturak teilatuan jartzeko, eta edozein herritarrek energiaren sorkuntzan parte hartu nahiko balu, eredu honek erantzuna ematen du".

Kooperatibak sortzen duen energiaren ekonomia fakturara eramaten da

Arzaken arabera, energia berriztagarrien artean eguzkiarena da herritarren kontsumoari erantzuna emateko eredu egokiena. "Eredu eolikoan oinarritutako proiektuak tamaina handikoak dira, baina herritarren beharrak ez dira horrenbestekoak. Eolikoek intentsitate elektriko handia duten beharrei erantzun diezaiokete, industriari adibidez, baina herritarren premiak hobeto egokitzen dira eredu fotovoltaikora". Ordea, jakinekoa da eredu horrek eguzki orduetan sortzen duela energia, eta maiz, sorkuntza hori ez dator bat etxeko kontsumo ohiturekin. Orduan, nola bermatzen da energia? Kreaneko kidearen esanetan, analisi partikular baten bidez esleitzen du kooperatibak bazkide bakoitzaren kontsumoaren energia bolumena. "Sare elektrikora konektatuta dago norbanakoa, eta handik iristen zaio energia. Proiektuan parte hartu edo ez, norbanakoari beti iritsiko zaio energia. Kontua da energia fakturaren bidez likidatzen dutenean, han islatzen direla sektorean erabiltzen diren sorkuntza eta ekonomia bermeak". Horretarako, norberak ez du etxean aldaketa fisikorik egin behar, baina kooperatibak aurrez adostutako merkaturatzaile batengana batu behar dute proiektuaren parte diren herritarren; kasu honetan, Repsolen filiala den Ekiluz da Ekiolaren merkaturatzailea, eta hura izango da gutxienez beste bi urteetan ere; behin epe hori igarotakoan, bazkideek bozketa bidez aukera izango dute merkaturatzailez aldatzeko.

Uztailerako martxan

Ekiolaren bazkide egiten denak diru ekarpen bat egiten du hasieran, bazkide bihurtu eta kooperatibaren energia jasotzen hasteko. Ohiko familia baten ekarpena 1.500 eurokoa dela azaldu du Arzakek, eta trukean, hark kontsumitzen duen energia guztia sortzeko partaidetza eskuratzen du; urtean, 2.200 kilowatt-ordu jasoko du; "ohiko etxebizitza batek kontsumitzen duena". Dena den, kooperatibista bakoitzak ez du kopuru bera ordaintzen; zenbateko hori familia unitatearen zein haren kontsumoaren araberakoa da.

Bazkidearen hasierako ekarpenarekin, Ekiolak obra finantzatuko du eta bazkideari energia emango dio datozen urteetan, kooperatibak berak duen kostu prezioan. Hain zuzen, kooperatibak bazkideari hilabete horretan eman dion energiaren truke, hark kooperatibari 29 euro megawatt-ordu ordainduko dizkio. Arzaken arabera, bazkideek energiagatik kooperatibari kostatzen zaiona ordaintzeak merkatuaren prezioarekiko mendekotasuna murrizten laguntzen du. "Norberak sorkuntza bolumen bat dauka, eta sorkuntza hori kooperatibak merkatuan saltzen du. Beraz, kooperatibak bazkideari ematen dio salmenta horregatik izan duen diru sarrera". Zehazki, kooperatibak sortutako energiarengatik kenketa egiten dio kontsumitzaileari, eta horren emaitza da hark hilero jasotzen duen hobaria.

Azpiegiturari dagokionez, dagoeneko eraikita daude Urretxuko Ekiolaren obra zibila eta egitura, eta behe zein erdi mailako instalazio elektrikoa egitea falta da egun. Aurreikuspenen arabera, uztailerako proiektua martxan egongo da, baina Arzakek jakinarazi du dagoeneko bideragarria dela, kooperatibaren leku guztiak bete gabe badaude ere, EEEk estaltzen duelako hutsik dagoen lekua. Era berean, Europako Next Generation funtsetik itzuli beharrik gabeko 1.160.000 euroko diru laguntza jaso du Urretxuko Ekiolak, eta horren bidez, ibilgailu elektrikoentzat karga puntuak jarriko dituzte kooperatibako kide diren lau udalerrietan; tartean, Azkoitian ere bai, oraindik lekua zehaztu ez badute ere. Kooperatibak eskainiko die zerbitzu hori herritar guztiei, hark erabakitako baldintzetan.

Urretxuko Ekiola eguzki energia kooperatibaren aurkezpena Elkargunean, iazko azaroan. (Ane Olaizola)

"Hastapenetan gaude"

Ana Azkoitia alkateak berretsi du udalak begi onez jotzen dituela energia komunitateak, baina azpimarratu du kontzientzia lana egin behar dela oraindik. Zentzu horretan, Arzaken ildotik hitz egin du hark ere: "Argindarraren faktura asko igotzen denean, horrelako aukerei gogotik heltzen zaie, baina bestela, proiektu askotan atxikimendua ez da nahi bezain esanguratsua oraindik. Egin beharreko galdera ez da zenbat aurreztuko duten, baizik eta benetan nahi al duten energia berdea sustatu". Ildo berean, Azkoitian Ekiolara hamabi familia batu izanak herritarren artean gairekiko dagoen "sentsibilitatea" erakusten duela azaldu du hark, baina kopurua izandakoa izanda ere, positibotzat jo du haien atxikimendua: "Familia horiek erakartze efektua sortuko dute", esan du. Era berean, denbora eskatu du halako egitasmoek izango duten erantzuna ikusteko: "Gauza berria da inguruan, orain arte ez da halakorik eskaini, eta beraz, kontuan hartu behar da hastapenetan gaudela".

Azpiegiturei dagokienez, dagoeneko eraikita daude obra zibila eta egitura

Berriztagarrien garaian, erakundeek beren agendan dute energia trantsizioaren kudeaketa, eta Azkoitiaren arabera, erakundeei "energia trantsizioan urratsak ematea" dagokielako erabaki zuen udalak Urretxuko Ekiola kooperatibara batzea, eguzki energiaren aldeko proiektua begiz jota. Ez dizkio ateak ixten herrian bertan gisa horretako energia komunitate bat sortzeari, baina alkatearen ustez, "koherenteagoa" litzateke eskaintza eskarira egokitzen joatea. Ildo horretan, aurreratu du "beharren eta nahien arabera" emango dituztela urratsak, eta udalaren ekimenez ez ezik, halako kooperatibak herritik ere sor daitezkeela gogoratu du Azkoitiak.

Gaur-gaurkoz, Azkoitiko Udala Energia Plana osatzen ari da, eta han zehaztuko du erakundeak datozen urteetan hartuko duen norabidea. Dagoeneko udalak azterketa bat egina du eraikin publikoetan eguzki plakak jartzeko aukera zenbaterainokoa den ikusteko, eta oraingoz, Xabier Munibe ikastolako teilatuan jarriko ditu plakak; udalaren arabera, ehun kilowatteko auto-hornikuntza izango du, 522,57 metro koadroko azaleran 200 modulu jarrita. Proiektua martxan dago, eta lanak lehiaketara ateratzea izango da hurrengo pausoa. Bien bitartean, eguzki energiaren onurak erakustearen alde egin du alkateak, eta horretarako, udalak "eredu" izan behar duela azaldu du, ingurumenak erakundeen eta herritarren "elkarlana" behar duela ahaztu gabe.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide