Independizazioa AEBetan

Lander Albizuri 2025ko api. 17a, 10:00

Pertsona bat maleta batekin. (Pixabay)

Lander Albizuri kolaboratzaileak martxoko Azkoitia Guka aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua da honako hau: 'Independizazioa AEBetan'.

Bi hilabetez Ameriketako Estatu Batuetan egon nintzenean, atentzioa eman zidan nire lankideak 18 urterekin etxetik independizatu izanak, beren familietatik ehunka edo milaka kilometrotara joanda, unibertsitatera edo lan bila. Gurasoak urtean behin edo bitan soilik ikusten zituzten, eta bizitza osoan horrela jarraitzeko asmoa zuten. Horrek ondorengo galdera eginarazi zidan: hain goiztiar lortutako independentziak badu eraginik gazte estatubatuarren balioetan eta ohituretan?

Haiekin elkarbizitzan, etxetik urrun bizitzearen bakardadea sumatzeaz gain, batik bat, erabaki garrantzitsuen aurrean esperientzia handiagoa duen norbaiten aholkua, jakintza, balio onuragarriak eta laguntza emozionala faltan zituztela nabaritu nuen. Hitz gutxitan, esperientziaren ahotsa, gurasoek ematen dutena. Ameriketako Estatu Batuetan, 18 urte betetzean, etxetik joan eta bakoitzak bere bidea hastea da ohikoena. Batzuek herrialdea esploratzeko gogo bizia zuten, baina beste batzuk, nahiz eta ez zuten oraindik heldutasun nahikorik, edo familiatik urruntzeko borondaterik, etxetik kanporatuak izan ziren, nerabezaroaren nahasmenduan murgilduta, erreferentziarik gabe, bizilekutik erbesteratuta. Dudarik gabe, jende askok dutena baino baliabide ekonomiko gehiagoko familietatik zetozen gehienak. Baina, kasu gehienetan, ohitura kulturala zen independentzia goiztiarraren benetako arrazoia.

Gurasoen erreferentziarik gabe, balioak eta ikuspegi ideologikoak beste iturri batzuetatik jasotzen zituzten: komunikabideak, sare sozialak, lagunak, erakunde zibilak, erlijiosoak eta politikoak, hezkuntza eta figura publikoak... Txarrerako edo onerako.

Independentzia hain goiztiarrak badu eraginik gazte estatubatuarren balioetan?

Dena den, independentziaren ondorioz aukera ezberdinetara egokitzeko erraztasuna, jarrera erresilientea eta, batez ere, mugikortasun handia ikusten nien amerikarrei. Gipuzkoan, berriz, gazte gehienak 30 urtetik gertuago daude etxetik irteterakoan, 18tik baino; ikasketak gertu egiteko aukera, soldata urriak, etxebizitzaren prezioa eta familia gertutasunari garrantzia ematen dion kultura dira horretarako bide.

Urruntzea eta familia-balioak mantentzea ez dira, ordea, zertan kontrajarriak izan. Historian zehar, Euskal Herritik Ameriketara joandako emigranteek askotan beren balioak eta ohiturak mantendu dituzte, bai familia bizitzan, bai komunitate antolamenduan. Euskal etxeak eta elkartasun sareak horren adibide dira. Ondorioz, gizarteari dagokio independentzia eta familian lotura uztartzearen oreka bilatzea, gazteak bere askatasunaz gozatzeko helburua bermatuz. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide