Etxearen parean du bigarren etxea Miguel Zubizarreta Bolantek (Azkoitia, 1945). Bera bizi den lekutik bi pausora, Zalduntxoak kalean, zabalik dago garaje baten atea, eta kanpotik begiratuz gero, koadroak ikusten dira. Hantxe eman ohi ditu Bolante margolariak orduak eta orduak, pintzelak astintzen, koadroak egin eta egin. Garaje bat gutxitxo, eta bi kale gorago, Tolosa izenekoan, beste garaje bat du. Harrigarria da zenbat margolan dituen pilatuta museo itxurako bi espazioetan. Begiratu hutsarekin, ez da kalkulatzen erraza, baina berak ederki darama kontua: "2.400 inguru ditut koadernoan apuntatuta, eta apuntatzea ahaztu zaizkidanak kontuan hartuta, 2.500 egingo nituen guztira". Urtarrilean 80 urte bete berri baina burua nahiz gorputza argi, begirada hutsarekin adierazten du huraxe dela bere mundua, bere pasioa.
Zergatik deitzen dizute Bolante?
Familiarengandik datorkit goitizena. Azkoitiko Goiko Kalean, Bolanteneko taberna zen, orain Goiko botika [Mendiola] dagoen eraikinaren parean. Gure aitona, gure osaba zaharrak... denak Bolantenekoak ziren. Nire anaiei ere hala deitu izan diete, ilobei ere bai... belaunaldi gazteei ere deitzen diete ezizen horrekin. Taberna hura desagertu zen, baina izenak oraindik bizirik jarraitzen du.
Noiz hasi zinen margotzen?
Eskolan hasi ginen. Floreaga ikastetxera joaten nintzen, eta han fraideak genituen irakasle. Ikasturte amaieran, orain azterketak egiten dituzte, baina guk ez genuen halakorik izaten; guk erakusketa bat prestatzen genuen, oporrak hartu aurretik alkatea, bi zinegotzi eta erretorea etortzen zirelako. Ikastetxean korridore luze bat zegoen, eta han erakusketa jartzea nahi izaten zuten fraideek. 7, 8, 9 urteko umeek beraien adinerako moduko margolanak egiten zituzten, baina zaharragoak, 11,12,13 urte genituenok, martxotik ekainera liberatuta egoten ginen koadroak egiteko; beste ezer ez genuen ikasten aldi horretan. Sei edo zazpi lagun egon ginen liberatuta itxurazko erakusketa bat jartzeko. Akuarela, ikatz-ziria eta tinta txinatarra lantzen genituen; horiek erabiltzen ikasi genuen. Batzuek bestelako lanak egiten zituzten, baina nik beti paisaiak lantzeko joera nuen.
Eskolan margotzen hasi aurretik, ordea, nik etxean baneuzkan akuarelak. Amak erosten zizkidan drogerian. Etxetik San Martingo erlojua-eta akuarelekin margotzen jarduten nuen. Gordeta ditut margolan horiek; oso txikia nintzela egin nituen. Txikitatik ekarri dut afizioa.
"Bolanteneko taberna desagertu zen, baina izenak oraindik bizirik jarraitzen du"
Eskolan hasitako bide horri nola eman zenion jarraipena?
14 urte egindakoan lanera hasten ginen orduan, eta nik ere halaxe egin nuen. Gero, pezeta batzuk inguratu nituenean, Donostiara joan eta olio pinturak erosten nituen. Mihiseak, pintzelak, disolbatzaileak eta bernizak, denak, behar izaten dira koadro bat egiteko.
Sari bat ere irabazi zenuen.
1976an, Franco hil eta hurrengo urtean, Donostian pintura lehiaketa bat antolatu zuten. 31 urte nituen nik orduan. Koadro bat aurkeztu nuen hara, eta accesita lortu nuen. Lehen saria ez zegoen bi pertsonari ematerik; beraz, bati lehen saria eman zioten, eta niri accesita. Diploma eta 5.000 pezeta eman zizkidaten; oraindik gordeta daukat diploma. Ordurako ezkonduta nengoen, eta familia guztiarekin joan nintzen Donostiara saria jasotzera. Sari hura jasotzera joan nintzenean, Kutxakoak eta Caja Laboralekoak ere han ziren, eta esan zidaten baneukala kategoria nahikoa erakusketa bat neuk bakarrik jartzeko. Kontu sozialetarako, margolarientzako gelak gordeta izaten zituztela esan zidaten, eta hala, Gipuzkoako hainbat lekutan jarri nituen erakusketak: aurrenekoa Azpeitiko Enparan dorretxean jarri nuen, gero Zumaian, Getarian, Donostian, Eibarren, Tolosan, eta berriz ere Azpeitian, Antxieta etxean. Geroago, Azkoitiko Etxe Beltzen ere jarri nuen erakusketa, Torre Zurin ere bai... Gasteizen ere jarritakoa naiz, eta azkenetako bat Arabako Guardian ipini dut.
Euskal Herri osoan barrena ibili zara, beraz?
Bizkaian ez, baina gainontzeko lurraldeetan txoko asko zapaldu ditut, bai.
Pintura afizioa izan duzu, baina ez ofizio, urteetan beste lanbide bat izan baitzenuen. Gazterik hasi zinen lanean...
Urtarrilean 14 urte egin, eta hurrengo astean Ibarmia enpresan hasi nintzen lanean. Ibarmiak, ordea, hondoa jo zuen 1961ean. Orduan Erlo enpresa sortu zuenari laguntzen hasi nintzen, eta pixkanaka, hantxe hasi nintzen lanean. Jubilatu arte Erlon jarraitu nuen; 60 urterekin aurre jubilatu nintzen.
Noiz margotu izan duzu?
Lan egiten nuen urteetan, agian hamar ordu sartzen nituen lantokian, eta afaldu eta gero margotzen nuen; bi ordu edo bi ordu eta erdi ematen nituen horretan. Hori eginez gero, astean koadro bat margotzen nuen. 50 koadro egiten banituen urtean, 50 koadrorentzako markoak egiten nituen. Denak neuk muntatzen nituen. Guztira, 2.000 marko inguru egindakoa izango naiz.
"Autodidakta naiz. Gure garaian ez zegoen puntura eskolarik eta antzeko ezer"
Lo askorik egin gabe ibiltzen zinen, beraz, ezta?
Afalondoren margotzen aritu ostean, artean telebista ikusteko astia ematen zidan; western pelikulak ikusten nituen. Igandeetan mendian edo arrantzan ibili, eta bazkalondoan, siesta egin beharrean, markoa muntatzen nuen.
Orain, lasaiago ibiliko zara...
Gaur egun jubilatuta nago, eta denbora nahikoa daukat margotzeko. Baina margotzeaz gain, ibiltzera joaten naiz, eta oraintxe arte arrantzan ere aritu naiz. Beti izaten dut zerbait: medikuarenera joan behar dudala, dentistarenera... baina, gainontzean, egunero margotzen dut. Orain margotzen ari naizen koadroa [otsailaren 18an egindako elkarrizketa da] egiten aurreko astean goiz eta arratsalde jardun nuen, adibidez.
Nola ikasi duzu margotzen?
Autodidakta naiz. Gure garaian ez zegoen pintura eskolarik eta antzeko ezer.
Ez al duzu izan margolari erreferenterik?
Igandeetan Zarautzera joaten ginen. Pintura galeria batekoa laguna nuen, eta hara joaten nintzen. Han ikusten nituen beste pintoreak, eta haiek nola margotzen zuten begira egoten nintzen. Eta Donostian ere bai, Etxeberria galerian. Beti ipini izan dut arreta beste margolariek nola margotzen duten. Katalogoetan ere begiratzen nuen. Orain Interneten bila ditzakezu munduan dauden pintore denak, baina orduan ez.
Urteotan guztiotan, zenbat koadro egin dituzu?
2.400dik gora dauzkat koadernoan apuntatuta. 2.500 inguru izango direla pentsatzen dut, batzuk apuntatzea ahaztu egiten zaidalako. Askotan, enkarguak eta baldin baziren, argazkia ateratzeko astirik gabe entregatzen nituen. Bestela, beti ohitura dut koadro bat egitean hari argazkia atera eta apuntatzeko.
Zenbat urtean egin dituzu horiek denak?
Bizitza guztian. Sos batzuk nituenean hasi nintzen Donostian materiala erosi eta margotzen neure kabuz. Orduan, hemen ez zen inon olio pinturarik saltzen. La Casa del Artistara joaten nintzen; oraindik ere badago, Mirakruz kalean. Han dena daukazu: olio pinturak, mihiseak... Gero, Azpeitian Monttek saltzen zituen. Hura hil zen; Enparan kalean zuen lokala. Hara ere joaten nintzen erostera, olio pintura batzuk-eta izaten zituen, pintzelak ere bai. Gero, fabriketatik ekartzen nituen, eta orain, Murtziako [Espainia] galeria batetik ekartzen ditut.
Zer material erabiltzen duzu?
Beti olio pinturarekin egiten ditut koadroak. Batzuetan, margolanari erliebea emateko, marrazkia egitean, pasta bat botatzen diot gainera. Askotariko koadroak ikus daitezke zure garajeetan: baserriak ageri dira, paisaiak, portuak... Paisajista naiz ni. Bodegoiak ere margotu izan ditut; baina, batez ere, paisaiak. Udazkeneko paisaiak gustatzen zaizkit gehien. Aizkorri elurtuta ere margotu izan dut, baserri zaharrak, txabolak, pagoak... Portuak ere dezentetan jaso ditut koadroetan; itsasertza ere bai: Getaria, Zumaia, Orio, Hondarribia, Pasaia... Getariako arratoia eta Gaztelugatxe dira politenak. Txalupak, Larhun mendia... halakoak ere izan nituen, baina saldu nituen. Hiru Erregeen Mahaia, Pirinioak, Arantzazu, Loiola... denetarik margotu dut.
"Paisajista naiz. Bodegoiak ere margotu izan ditut, baina, batez ere, paisaiak"
Azkoitia ageri den margolan ugari ere ondu dituzu.
Azkoitia fusilatuta daukat. Plazaberria zenbat aldiz margotu ote dut? Eta San Martin? Askotan. Azkoitiko herriak hiri gutuna jaso zuela 700 urte bete ziren iaz, eta horren harira, erakusketa jarri zenuen Portaleburun. Azkoitiaren historiari lotutako koadro ugari jarri zenituen han. Azkoitiak 700. urteurrena ospatu behar zuela eta, Juan Bautistak [Mendizabal] Portaleburu gorde zuen niretzat. Gabonetatik Erregeak pasatu arte izan nuen erakusketa han. Hark bazekien Azkoitiaren historia jasotzen zuten koadroen kolekzioa neukala, harresiak-eta agertzen ziren margolanena, eta horiek jarri nituen han; Xabier Munibe ikastola aldera ateratzen den Debako atearena, adibidez. Juan Bautistak esan zidan han ez zela etxe aberatsik, eta pobre pintatzeko. Orduko argazkirik-eta ez dagoenez, hark emandako azalpenetatik berreraiki nituen zenbait koadro. 700. urteurreneko batzordean ere ibili nintzen; neu nintzen taldeko zaharrena.
Historia asko gustatzen zaizu, ezta?
Zure koadroei erreparatuta, ikus daiteke historia lan bat egin duzula margolanen bidez. Bai, asko gustatzen zait, eta ez Azkoitikoa bakarrik; Euskal Herriko historia asko interesatzen zait. Zenbat inbasio izan ziren, zein errege izan ziren... Nafarroako erregeen zuhaitz genealogikoa ere badaukat eginda. Horrez gain, euskara eta euskarazko toponimia ere asko gustatzen zaizkit.
Enkarguak ere egiten dituzu.
Bai, eskatzen dizkidate, baina nahiago dut ez egitea. Nahiago dut libre margotzea.
Ba al duzu koadro kutunik?
Bai, batzuk bai. Batzuek oroitzapen onak ekartzen dizkidate, eta ez nituzke sekula salduko, maiteak ditut.
Koadroez gain, zeramikazko ontziak, argizaiolak, eskulturak... ikus daitezke zure garajeetan. Nondik ekarri dituzu?
Lehen koadroak trukerako erabiltzen nituen nik. Norbaiti koadro bat ematen nion eta berak beste zerbait ematen zidan bueltan. Halaxe pilatu ditut bilduta ditudan objektu guztiak.