Noiztik bizi zara Japonian?
Duela pare bat urte, bikotekidea eta biok Japoniara etorri ginen oporretara, eta guztiz maitemindu ninduen herrialdeak. Aspalditik genuen buruan kanpora bizitzera joatea, eta inoiz pausoa eman behar bagenuen, momentu egokia oraintxe zela pentsatu genuen; uztailean bisatua eskatu eta irailean etorri ginen.
Zer moduz ari zara egokitzen?
Uste baino errazago. Hizkuntza dela esango nuke oztoporik handiena; izan ere, ingelesez ez dute asko jakiten normalean, eta ezer gutxi dakit nik japonieraz. Baina telefonoaren laguntzarekin ez da zaila elkar ulertzea. Bestalde, ordu desberdintasun handia dago Euskal Herriaren eta Japoniaren artean; hemen zortzi ordu gehiago dira. Horrek pixka bat zaildu egiten du familiarekin eta lagunekin harremana izatea.
Japoniatik zer gustatu zaizu gehien?
Gehien hemen ikusten ditudan kontrasteak gustatu zaizkit; tradizioa eta modernitatea eskutik doaz, hiri handietan batez ere. Punta-puntako eraikin erraldoien aldamenean tenplu txikiak eta familia dendak aurkitu daitezke. Garraio publikoa ere zoragarria da, beti garaiz ibiltzen delako eta ia edozein lekutara joatea ahalbidetzen duelako. Japoniako janaria ere asko gustatzen zait, nahiz eta batzuetan faltan sumatzen dudan etxeko jatekoa. Bestalde, kalean sentitzen ditudan lasaitasuna eta segurtasuna ere asko gustatzen zaizkit; Tokio hiri erraldoia eta jendetsua da, eta Azkoitian bezain lasai ibiltzen naiz kalean.
Eta zer gutxien?
Gizarte oso itxia da Japoniakoa; aurpegi ona jartzen badute ere, zaila da benetan zer pentsatzen duten jakitea. Horrez gain, bizi izan ditut gizartean sustraituta dauden jarrera matxistak ere. Adibide bat jarriko dut: bikotea eta biok baldin bagaude, batzuetan berari hitz egiten diote, ni han egongo ez banintz bezala. Horrez gain, apustuak eta zorizko jokoak oso sustraituta daude; oso arriskutsua da horiek gizartean duten pisua. Umeak txikitatik diruarekin horrelakoetan jokatzen ikusteak barruak nahasten dizkit.
Euskal Herritik kanpo bizi zaren lehen aldia al da?
Ez, duela urte batzuk Irlandan bizi izan nintzen sei hilabetez, Global Training bekari esker. Hango esperientzia ez zen oso ona izan, eta horren ondorioz banuen Japoniara etortzeko beldur pixka bat. Dena den, guztiz kontrakoa ari da izaten hemengo esperientzia.
Zer du Japoniak Euskal Herriak ez duena?
Lehen begiratuan, gizarteak, kulturak eta gastronomiak deitzen dute arreta, gureen oso desberdinak baitira. Dena den, egunerokoan hemen ditugun erraztasunak azpimarratuko nituzke; dena eskura dudala iruditzen zait. Kalera irten eta 24 orduz irekita egoten diren dendetan aurkitzen dut behar dudana.
Nolakoak dira japoniarrak?
Orokorrean, lagunkoiak eta adeitsuak, baina jarrera hori, askotan, kanpoko itxura mantentzeko hartzen dutela uste dut. Ez dira lagun talde handietan ibiltzekoak, eta oso zaila da bertakoen lagun egitea. Askoz hotzagoa da dena, eta jendea bakartiagoa dela esango nuke.
Turismorako baliatu al duzu orain arteko egonaldia?
Japonia ahalik eta gehien ezagutzea da gure asmoa. Lan ezberdinak egin ditugu, baina herrialdea arakatzea dugunez helburu, bizitokiz aldatzen dugu aldiro. Ezagutzea merezi duen leku asko daude hemen, baina atzerritik datozen bisitari ia denak leku berberetan biltzen dira: Tokio, Kioto, Osaka... Hiri zoragarriak dira, baina beste hainbat leku eder ere badira.
Euskal Herriaren faltan sumatzen al duzu?
Batzuetan bai, baina orain hemengoaz gozatzea tokatzen da. Oso gustura bizi gara Japonian, baina urtebeterako baimena daukagu, eta irailean etxera itzultzeko asmoa baldin badugu ere, ikusiko dugu zer gertatzen den.